• 19,8 milioi euroko aurrekontu batez (10,2 milioi EBrenak dira), 20 erakundek 40 proiektu abiatuko dituzte datozen sei urteotan lurraldea klima-aldaketak eragindako efektuei egokitzeko.
  • Eusko Jaurlaritzako Ihobe sozietate publikoak gidatzen duen KLIMA 2050 LIFE proiektu integratuak hainbat ekintza gauzatuko ditu kostaldean, ibaietako arroetan eta hiri-eremuetan.
  • AZTI klima aldaketaren egokitzapenarekin erlazionatutako ekintzekin arituko da: hiri-kostalean, portuetan eta kostalde naturalean.

(Bilbo, 2019ko abenduaren 4a) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak Urban Klima 2050 Life proiektu integratua aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Proiektu hori Euskadiko klima-ekintzaren alorrean datozen urteetan gauzatuko den proiektu nagusitzat hartzen da, eta berari esker 19,8 miloi euro inbertituko dira zuzenean klima-ekintzetan. Zenbateko horren % 51 Europar Batasunak finantzatuko ditu.

Bere hitzaldian, Arriolak nabarmendu du Life honek Europar Batasunaren onarpena izateak duen balioa, zeren EBk gehienez proiektu bat ezartzen baitu deialdi, arlo eta herrialde bakoitzeko, eta “salbuespen gisa, nahiz eta Espainian Life integratu bat onartuta dagoen, klima aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko proiektu integratuen alorrean, hain zuzen ere Nafarroan, Europar Batasunak Euskadik aurkeztutako proposamena onartu du”, adierazi du Ingurumen sailburuak.

“Proiektu garrantzitsu hau gauzatuko duen enpresa-partzuergoak 20 erakunde baino gehiago biltzen ditu. Horiek guztiek modu koordinatuan lan egingo dute ezarritako helburuak lortzeko. Enpresa horiek guztiek gaitasun eta esperientzia handia dituzte klima-aldaketaren aurkako borrokan; horren froga da 2025era arte alor horretan gauzatuko dituzten jarduerek ia 20 milioi euroko inbertsio globala bilduko dutela”, azpimarratu du Arriolak.

Aipatutako kopuru horri gehitu behar zaio ekimen horretan parte hartzen duten 20 erakundeek bideratuko duten dirua, alegia, beste 625 milioi euro klima-aldaketa murrizteko eta egokitzeko ekintzetan.

Proiektuaren gidaria Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren Ihobe sozietate publikoa izango da, eta bertan hogei bat erakundek parte hartuko dute, horien artean honako hauek: hiru foru aldundiek, Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia/San Sebastián, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalek, Eusko Jaurlaritzako eta udaletako sozietate publiko batzuek, teknologia- eta ikerketa-zentro batzuek (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioak. Urban Klima 2050 proiektuak euskal lurraldea eraldatuko du, klima-aldaketari egokitzeko 40 proiektu eta ekintza koordinatzearen bitartez, beraren sei urteko iraupen-aldian. Gainera, lagungarria izango da Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategia, KLIMA 2050, modu eraginkorrean garatzeko. Ezaguna denez, estrategia horren helburu nagusia da berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea 2030. urterako.

Kostaren egokitzapena klima aldaketaren aurrean

AZTIko ikertzaileek kostaren egokitzapena klima aldaketaren aurrean egingo diren ekintzetan parte hartuko dute. Hain zuzen:

  • Hiri-kostaldea egokitzea: ekintza hau kostaldean arriskuak prebenitzeko tresna berriak inplementatzera bideratuta dago. Pilotua Zarautzen gauzatuko da, leku jakin batzuetan kamerak jarriz. Gainera, koordinazioaren hobekuntza, eguraldiaren iragarpena egiteko sistemen hobekuntza eta arriskuen prebentziorako plan berriaren integrazioa barne hartuko ditu.
  • Portuak egokitzea: ekintza honen bitartez, portuen egungo egoeraren eta heien klima-arriskuaren azterketa estrategikoa egingo da. Gainera, hiri-eremuan garatutako uholdeen kontrako babesas eta klima-aldaketari dagokionez izan dute bilakaera ebaluatuko dira.
  • Kostalde naturaletako egokitzapen-neurriak: Ekintza hau Lagako hondartza modu integralean leheneratzera bideratuta dago, lurraldearen erresilientzia handitzeko. Horretarako, hainbat neurri gauzatuko dira Oka ibaiaren arroan, hiru ingurunetan: estuarioan, hondartzetan eta itsaslabarretan.
Foto_UrbanKlima_2050

Azken berriak