• Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatu Jose Ignacio Asensiok zentro teknologikoak Pasaian dituen instalazioak bisitatu ditu gaur arratsaldean
  • Topaketak balio izan du datuak jaso eta tratatzeko irtenbideak aztertzea, klima aldaketak itsasertzean duen eragina neurtzeko eta kostaldearen segurtasuna hobetzeko

Pasaia, 2019ko maiatzaren 6a. – Gipuzkoako Foru Aldundiak eta AZTI zentro teknologikoak erabaki dute daukaten lankidetza bultzatzen jarraitzea, kostaldea monitorizatzeko sistema aurreratuak garatu eta inplementatzeko, klima aldaketaren eraginari buruzko aurreikuspenak egiteko, segurtasuna hobetzeko eta itsaso eta kostaldeko jarduera ekonomikoko sektore guztien efizientzia handitzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok zentro teknologikoak Pasaian dituen instalazioetan gaur arratsaldean egindako bisitan zehar, bi erakundeek nabarmendu dute garrantzitsua dela ezagutzea itsasertzeko ondarea arautzen duten prozesuak, beroketa globalaren inpaktua eta jarduera antropogenikoaren eta itsas ingurunearen arteko interakzioa.

Diputatuaren ondoan izan dira baita ere Obra Hidraulikoetako zuzendari Felix Asensio eta Ingurumeneko zuzendari Monica Pedreira, eta Adolfo Uriarte AZTIko balio zuzendariarekin elkartu dira, eta datuak monitorizatu, atzitu eta tratatzeko sistemen aplikazioaren onurak aztertu dituzte, kostaldearen kudeaketa integratua eta jasangarria lortzeari begira.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta AZTI 2017. urteaz geroztik ari dira lanean esparru orretan, urte hartan aktibatu baitzen Gipuzkoako kostaldea kontrolatzeko sarea, KostaSystem teknologiaren bitartez, eta, horri esker, Gipuzkoako kostaldea osorik monitorizatuta dago. Sistema Gipuzkoako zentro teknologikoan asmatu zen eta bertatik aritzen da, eta bere oinarrian bideometriako teknikak eta zenbakizko tresnak daude, kostaldea kudeatzeko arduradunei datu zehatzak lortzen laguntzeko hareatzeen bilakaerari buruz eta klima aldaketak itsasoaren mailan eta kostaldean dituen eraginei buruz.

Orain dela gutxiko azterketa zientifikoek diotenez, 2100. urterako aurreikusten da itsasoaren maila 47-64 zentimetro igotzea. Igoera horrek eragingo du Gipuzkoako hareatzen zabalera batez beste 20 metro murriztea, olatuek lur azalera handiago bat jotzea eta, aldi berean, marea biziak daudenean, gune inundagarriak ugaritzea. 

“AZTIrekin batera inplementatu dugun sistemari esker itsasertza izaten ari den bilakaera ezagutu dezakegu eta, horrenbestez, neurriak aktibatu ditzakegu, hareatza eta hondartzetan ematen ditugun zerbitzuen segurtasuna, jasangarritasuna eta zerbitzuak hobetzeko. Gaur egungo egoeraren diagnostiko zuzena egitea eta etorkizunean gertatu daitekeena aurreikustea funtsezko elementua da klima aldaketaren aurka borrokatzen jarraitzeko”, adierazi du Ingurumen diputatuak topaketaren ondoren.

Ildo horretan, kostalaren eboluzioaren jarraipena eginez, arriskua minimizatzeko neurriak aktibatu ahal izango dira muturreko gertaera ozeano-meteorologikoei, itsasertzeko erosioari eta aldaketa morfologikoei dagokienez. “Monitorizazio sistema horren bidez lortzen dugun informazioari esker, kostaldearen lerroaren etorkizuneko bilakaeraren proiekzioak egiteko tresnak kalibratu ditzakegu, eta mekanismo eraginkorragoak hartu ahal izango ditugu klima aldaketak baliabideen, ekosistema naturalen eta kostaldeko hiriguneen gainean izango duen eragina minimizatzeko. Halaber, sistema horiek aukera ematen dute itsas mailaren igoerak eta muturreko olatuek kostaldeko baliabideetan dituzten ondorioen erregistro zorrotz bat edukitzeko”, zehaztu du Adolfo Uriartek.

Azken berriak