Uhinak kongresuko kalitatezko hizlariek erakusten dute erreferentziazko nazioarteko kongresua dela klima-aldaketak itsasertzean dituen ondorioen alorrean
Azken berriak
Uhinak 2024: Erronka handia dugu aurrez aurre, klima aldaketa zuzeneko eragina izaten ari baita dagoeneko kostaldean eta jendearen bizitzan
Gliderak: itsasoa behatzeko teknologia aitzindaria
Proiektu pilotu batek Kantauri itsasoan hegalaburraren arrantza berreskuratzea du helburu
- Kongresuan 8 ponentzia gonbidatu eta ahozko 36 komunikazio eskainiko dira
- Uhinaken programa eskuragarri dago webguneko kongresuan, eta izena eman daiteke dagoeneko. www.uhinak.com
- Kongresua Ficoban izango da urriaren 23an eta 24an
(Irunen, 2024ko irailaren 16an). Uhinak, klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresua, Ficoban egingo da urriaren 23an eta 24an, nazioarteko erreferentzia bihurtuta, ponentzietako hizlarien eta programaren kalitateari esker. Horietan, klima-aldaketak kostaldeko eremuetan dituen eraginei buruzko azken ikerketak eta konponbideak landuko dira.
Aurten, kongresuan 8 ponentzia gonbidatu eta ahozko 36 komunikazio egingo dira, nazioarteko adituen eta administrazio publikoetako, enpresetako eta ikerketa-zentroetako profesionalen parte-hartzearekin. Ertz ugariko programa aberats bati esker, parte-hartzaileek beren ezagutzak eguneratu ahalko dituzte, klima-aldaketaren eta itsasertzaren egokitzapenaren arloko proiektu berrienak ezagututa.
Ezagunak ziren dagoeneko parte hartuko duten adituetako batzuk, hala nola Peter Ditlevsen, Kopenhageko Unibertsitateko Niels Bohr Institutuko katedraduna, kongresuko lehen jardunaldiaren inaugurazioaz arduratuko dena, edota Marta Coll, Itsasoaren Zientzien Institutuko zuzendariordea, bigarren jardunaldia irekiko duena. Orain, Uhinaken lau bloke tematikoetako erreferentziazko adituak ere iragarri dituzte.
Planetaren itzulerarik gabeko puntuei buruzko I. blokeko hizlari gonbidatua Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Jon Sáenz izango da, eta Bizkaiko Golkoko hegoaldeko itsasoko bero boladak izango ditu mintzagai, bai eta atmosferaren eta ozeanoaren arteko energia-fluxuak ere.
Muturreko gertakariei eta egokitzeko neurriei buruzko II. blokeko gonbidatua AZTIko Roland Garnier izango da, eta euskal kostaldeko padurak berroneratzeko ekimenen jarraipen-programa aurkeztuko du. Gainera, Rivages Pro Tech SUEZ Eau Franceko Matthias Delpeyk beste gai interesgarri bat landuko du: Donibane Lohizuneko kostalde inguruan itsas ekaitzen inpaktuak kudeatzeko erabakiak hartzeko laguntza-tresnen garapena, hain zuzen.
III. blokea klima-aldaketak itsasertzean eta ozeanoan dituen eraginak arintzeari buruzkoa da, eta haren baitan aurkeztuko du Andaluziako Juntako Ingurumen Agentziako itsas inguruneko teknikari Soledad Vivas Navarrok LIFE Blue Natura proiektua. Andaluziako karbono urdinean zentratzen da, klima-aldaketa arintzeko tresna gisa.
Azkenik, gobernantza-, kudeaketa- eta komunikazio-tresnei buruzko IV. blokean bi ponentzia gonbidatu egongo dira. Alde batetik, konferentzia bat emango du Kantabriako Ingurumen Hidraulikako Institutuko (IHCantabria) Iñigo Losada Rodríguezek, klima-aldaketak kostaldean eragindako arriskuak ebaluatzeko eta egokitzapenak egiteko gida bati buruz. Bestetik, Valentziako Unibertsitateko María Josep Picó Kazetaritza irakasleak beste ponentzia bat eskainiko du: «Itsasertzaren gobernantza metabertsoan: erronkak komunikaziorako, parte-hartzerako eta elkarrizketarako».
Índice de contenidos
Ahozko komunikazioak
Hasierako eta gonbidatutako konferentziez gain, ahozko 36 komunikazio eskainiko dira, bertako eta nazioarteko organismo ezagunetan diharduten profesionalen eskutik. I. blokean arituko dira Nimeseko Unibertsitateko Chrome laborategia, Itsasoaren Zentro Teknikoa (CETMAR), Euskal Herriko Unibertsitatea, AZTI, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Ozeanografia eta Aldaketa Globaleko Institutua (IOCAG – ULPGC).
II. blokeko hitzaldien arduradunak erakunde hauetako adituak izango dira: IHCantabria (Kantabriako Unibertsitateko Ingurumen Hidraulikako Institutua), CEDEX-Portu eta Kostaldeko Azterlan Zentroa (CEPYC), Basque Centre for Climate Change, AZTI, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa, Intecmar, Tecnalia, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta SUEZ – Center Rivages Pro Tech.
III. blokean, aurreikusten denez, AZTI, MC Valnera SL, Surfrider Fundazioa, Itsasoko Zentro Teknologikoa (CETMAR), Ihobe eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa izango dira adituak bidaliko dituzten erakundeak.
Azkenik, IV. blokeko ahozko komunikazioei dagokienez, Basque Center for Climate Change, Artelia, Tecnalia, Ozeanografia eta Aldaketa Globaleko Institutua (IOCAG), GIS Littoral Basque, Cadizeko Unibertsitatea eta AZTI erakundeetatik iritsitako adituen esku egongo dira.
Kongresua eta erakusketa-eremua
Uhinak Kongresuaren seigarren edizio honetan parte hartuko duten enpresa eta erakundeetako batzuek erakusmahaia jarriko dute, sektoreko enpresa hornitzaile gisa eskaintzen dituzten produktuak erakusteko, beren marka klima-aldaketa arintzeko ikerketekin lotzeko, markaren kontzientzia sortu eta inpaktua indartzeko, ingurumena zaintzeko konpromisoa duen enpresa gisa posizionatzeko edota beren xede publikoarekin merkataritza-harremanak ezartzeko.
Erakusmahaia jarriko dutenen artean daude Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentua, EAEn ingurumeneko jasangarritasuna sustatzen duen Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoa, Vervirtech (produktu multientzimatiko jasangarriak), AZTI itsas eta elikadura-ikerketako zentroa, Artelia (arkitektura eta ingeniaritzako proiektuak, eraikuntza-soluzio jasangarrietan fokalizatuta), GIS Littoral Basque (Ipar zein Hego Euskal Herriko erakunde zientifikoak eta gobernuak biltzen dituen ekimena, kostaldeko ingurumen-erronkei erantzuteko xedearekin osatutakoa), Nautilus Oceánica (ekipamendu ozeanografiko, hidrografiko eta topografikoak saltzen eta instalatzen dituen enpresa) eta Regions
4 (eskualdeko gobernuei laguntza emateko mundu mailako sarea, klima-aldaketarekin, biodibertsitatearen galerarekin eta GJH garapen jasangarriko helburuen ezarpenarekin lotutako erronketarako laguntza ematen duena).
Hasia da izena emateko epea
Dagoeneko izena eman daiteke kongresuaren webgunean, Early Bird tarifarekin. Izen-emateak barne hartzen ditu hitzaldietara joatea, kongresuko dokumentazioa jasotzea, erakusketa-eremuko sarrera, kafea hartzeko atsedenaldia, hamaiketakoa eta bertaratze-agiria.