• Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Kongresuaren bosgarren edizioa Ficoban izango da, azaroaren 16an eta 17an 150 aditu eta biltzarkide baino gehiagok parte hartuko dutelarik

Irun, 2022ko Irailaren 14an. Uhinak kongresua Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak sustatzen dute, eta bosgarren edizioa du aurtengoa. Leloa: “Klima larrialdiaren aurrean ekiteko eta komunikatzeko mugitzen gara”.

2015ean jaio zen kongresua, eta, ordutik, klima aldaketa klima larrialdi bilakatu da; errealitate urgente bat, zeinaren aurka erabakiak hartzen eta, jakina, planifikatzen hasi beharra dagoen.

2020an egin zen kongresuaren aurreko edizioa, eta, orduan aipatu zenez, bi erronkari egin behar zaie aurre neurri eraginkorrak hartu aurretik: ezagutzaz jabetzeari eta ezaupideak erabakiak hartzen diren esparruetara eta herritarrengana helarazteari.

Alde horretatik, Uhinak kongresuak zeregin garrantzitsua du, klima aldaketaren erronkari aurre egiteko bat egin behar duten eragile guztiek batera lan egin, eztabaidatu eta hausnartzeko topagune bat baita; alegia, sektore publikoko ordezkarien, politika mundukoen, enpresa mundukoen, kazetaritza mundukoen, teknikarien eta zentro teknologiko eta ikerketa zentroetako adituen topagune bat.

Berriro ere, Ficoban elkartuko dira guztiak, aurrez aurre oraingoan, azaroaren 16an eta 17an, bat egiteko, talde lanean aritzeko eta klima aldaketa geldiarazteko neurri eta erabakiak hartzen aurrera egiteko, honezkero mehatxu larria dela onartu baita.

uhinak-2022-congreso cambio climático litoral

Bloke tematikoak eta hitzaldiak

Bi egun iraungo du kongresuak, eta egitarau trinkoa izango du, askotariko ikuspuntuetatik jorratzeko gure itsasertzaren egungo egoera, datozen urteetako balizko bilakaera, muturreko gertaeren hazkundea eta gure kostaldeko klima larrialdiari aurre egiteko moduak.

Zehazki, lau bloke tematikoren inguruan egituratu da kongresuaren bosgarren edizioko edukia: gure itsasertzaren egoera egun eta 2050ean klima aldaketaren testuinguruan, muturreko gertaerak eta egokitzapen neurriak, klima aldaketaren arintzea eta biodibertsitatearen lehengoratzea, eta gobernantza, kudeaketa tresnak eta komunikazioa. Bloke horietan guztietan, nazioarteko eta Estatuko adituek parte hartuko dute –kongresuari buruzko webgunean ikus daiteke zeinek, www.uhinak.com helbidean–.

Baieztatu denez, kongresuari hasiera emateko hitzaldia Francisco Doblas Reyesek emango du, Superkonputazio Zentro Nazionaleko Lurraren Zientzien Departamentuko zuzendariak: “Klima aldaketaren alderdi fisikoak klima aldaketari buruzko gobernu arteko panelaren seigarren txostenean”.

Bigarren egunean, azaroaren 17an, berriz, Richard Bellerby arituko da goizean goiz, Uraren Ikerketarako Institutu Norvegiarreko kidea, eta “Ozeanoen azidotzearen inguruko ikerketa naturan oinarritutako konponbideetara, arintzera eta egokitzapenera bideratuta” hitzaldia emango du.

Uhinak

Uhinak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko Kongresua da, eta Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak sustatzen dute, hainbat erakundek babestuta, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ihobe sozietate publikoaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Euskal Herria Hirigune Elkargoak eta Akitania Berria Eskualdeak.

Uhinak kongresuaren helburua da jakitea zer behar dituzten klima aldaketaren aurkako neurriak hartu behar dituzten kudeatzaileek eta ikustea zer ekarpen egin dezakeen komunitate zientifiko eta teknologikoak hura konpontzeko; betiere, esperientziak trukatzea, jardunbide egokiak ikastea, mugaz gaindiko lankidetzaren bidez itsasertza kudeatzeko eta mantentzeko elkarlana bultzatzea, sinergiak sortzea eta klima aldaketari aurre egiteko hartzen joan behar diren neurrien ondorioz enpresa munduan aukera berriak jaiotzea sustatzen duen testuinguru batean.

Azken berriak