Nola identifikatu itsasoan energia eolikoa sortzeko eremu efiziente eta jasangarrienak?
Azken berriak
Itsasaldi taulak 2025
Antxoa gazteen batez besteko biomasaren beherakada txikia, 2019, 2020 eta 2021 denboraldietan erregistratutakoa baino handiagoa bada ere
200 metrotik gorako sakoneran bizi diren arrainak harrapatzeak ondorio klimatikoak izan ditzake
- AZTIk software bat garatuko du, Gipuzkoako kostaldean energia eolikoa sortzeko plantak instalatzeko eremurik egokienak detektatzeko.
- Softwarea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean sortu da, eta aintzat hartuko ditu alderdi teknikoak, ingumenekoak eta sozioekonomikoak.
- Energia berriztagarriak bilatzea, tartean itsas zabaleko energia eolikoa (offshore), lehentasunezko jarduera ardatza da EnergiBasque Euskadiko Energia Estrategiaren planaren barruan.
(Pasaia, 2019ko azaroaren 6a). Euskadik potentzial handia dauka itsas zabaleko energia berriztagarri alternatiboak sortzeko, hala nola eolikoa. Baina, euskal kostaldeak eskaintzen dituen baldintza egokiei ahal bezain beste etekin ateratzeko, beharrezkoa da instalazio eta mantentze lanetan kostuak murriztea, eta hori lortzeko gakoa da eremu egokienak hautatzea, sorkuntza energetikoko parkeak instalatzeko.
Premia horri erantzuteko, AZTI zentro teknologikoak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat erdietsi du programa informatiko berri bat garatzeko. Programa algoritmo batean oinarrituta dago, eta horrek ahalbidetuko du Gipuzkoako kostaldean itsasoko energia berriztagarri eolikoen inguruko proiektuak kokatzeko punturik egokienak definitzea.
“Itsas zabaleko itsas energiak sortzeko plantak instalatzeko, beharrezkoa da espazioaren planifikazioa egitea, alderdi teknikoak aintzat hartuz, hala nola baliabideen kantitatea, sakonera, itsas hondo mota edo lurrarekiko distantzia. Gainera, aintzat hartzekoak dira itsasoan garatzen diren gainerako jarduerak, izan arrantza, kirola edo turismoa, itsas espazioaren erabilera optimizatzeari begira, eta ozeano zein itsasoen kudeaketa ekosistemiko jasangarria mantentzeko”,
adierazi du Ibon Galparsorok, AZTIko itsasoen eta kostaldeen ingurumen kudeaketako adituak.
Gaur egun itsaso zabalean energia eolikoa sortzeko teknologia oraindik ere hasiberria da. Hori dela eta, funtsezkoa da kontzeptu espezifikoak garatzea diseinuan, garraioko logistikan eta muntaketan, horrela inbertsio ratioak eta ustiaketa kostuak murriztea ahalbidetu eta lehiakortasunik handiena lortzeko.
AZTIK garatuko duen softwareak ahalbidetuko du, Gipuzkoako kostaldean parke mota hauek kokatzeko lekurik egokiena identifikatzeaz gain, kontuan hartu beharreko faktore guztien azterketa eta ebaluazio osoa egitea: teknikoak, ingurumenekoak eta sozioekonomikoak.
“Tresna informatiko berriak ahalbidetuko du itsas energia berriztagarrien etorkizuneko proposamenen egokitasuna modu eraginkorragoan ebaluatzea, eta horri lotutako arrisku soziekonomikoak eta ingurumenekoak minimizatzea”,
gehitu du Galparsorok.
Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiari erabakiak hartzeko tresna bat eskainiko dio: itsaso zabaleko energia eolikoak sortzeko etorkizuneko ekintzailetzaren jasangarritasuna eta egokitasuna modu eraginkorragoan ebaluatzea ahalbidetuko dio, ingurunearen ezagutza zientifikoan oinarritutako irizpidearekin, horrela egoerari aurre hartuz eta balizko kokapen eskaerei erantzun arina, azkarra eta sendoa emanez. Tresna 2021. urtearen hasieran eskuragarri egotea aurreikusten da.
Energia eolikoa, aurrera
Itsasoko energia eolikoek lau onura garrantzitsu eskaintzen dituzte: Europako baliabide energetikoen ustiaketaren eraginkortasuna handitzea, kanpoko menpekotasuna murriztea, energiaren sektorearen lurzoruaren erabilerarako eskaerak minimora murriztea eta Europan berotegi efektuko gas isurketak murriztea (65 milioi CO2tona inguru 2020an).
EBk energia berriztagarrien eremuan dituen helburuei eta inbertsiorako eskaintzen dituzten pizgarriei esker, itsasoko energia eolikoaren ekoizpena azkar garatzen hasi da Europan. 2011n itsasoan ekoitzitako energia eolikoa instalatutako gaitasunaren %10en baliokidea zen, zuzenean edo zeharka 35.000 pertsonari ematen zion lana Europa osoan, eta urtean 2.400 milioi euroko inbertsioa zuen. Urte horren amaieran itsasoan instalatutako gaitasuna osorik 3,8 GWekoa zen.
Energia berriztagarriei buruzko ekintza plan nazionalak aintzat hartuz, 2020an haizearen bidez ekoitziko den elektrizitatea 494,6 tWh izango da, eta horietatik 133,3 tWh itsasoan ekoitziko dira. Gainera, aurreikusten da 2030 urtea amaitu aurretik itsasoko gaitasuneko urteko instalazioak lurrean egingo dena gaindituko duela. Baldintza horietan, itsasoko ekoizpen eolikoa 2020an EBeko elektrizitate eskaeraren %4 asetzera hel daiteke, eta %14 2030ean. Enpleguari dagokionez, 2020an 170.000 lanpostu izango lirateke eta 300.000 2030ean.
Espainiako itsasoko potentzial eolikoa 8 GWtik gertu aurreikusten da sakonerarik gabeko uretan, alegia, 50m baino gutxiagoko sakonerakoetan (Teknologia eta Zientzia Ministerioa, 2011). Energia eolikoa da Espainian aurreko hamarkadan energia berriztagarrien artean hazkunderik handiena eduki zuena. Sektore eolikoaren ekoizpen energetikoa 43.700 GWh-tik gorakoa izan den 2010ean, eskaera elektriko nazionalaren %16ko estaldurako ekarpena eginez, eta zenbaitetan ordutegi eskaeraren %50eko estaldura ere gaindituz. Ahalmen hori dagoela aitortu du Eusko Jaurlaritzak 2020ko Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) – EnergiBasque. Estrategia hori jauzi kualitatiboa da estrategia integral bat egituratzeko, Euskadi industri garapenaren ezagutza eta erreferentzi gune moduan kokatzeko. Hautatutako bi arlo energetikoen artean daude undimotriz energia (olatuen indarra aprobetxatzen duena) eta offshore eolikoa, dagoen eskaera energetikoa iturri berri iraunkorragoekin ordezteko eta, halaber, energia ekoizteko gunea itsaso zabalera eramateko. Arlo horretan AZTI erreferentziazko aktorea da, itsasoaren eta bere baliabideen ikerketan ibilbide sendoa baitauka.