• “Nik Hondartzak”, semaforo-sistema baten bidez, denbora errealean, hondartzen okupazio-mailaren berri emango die herritarrei eta udalei.
  • Teknikoki, aplikazioa AZTIren KOSTASYSTEM bideometria-sarean oinarritzen da.

Donostia. 2020ko ekainaren 18a. José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak “Nik Hondartzak” aplikazioa aurkeztu du gaur goizean, AZTI-ko Balore zuzendaria eta ozeanografoa den Adolfo Uriarterekin batera. Datorren astetik aurrera jarriko da martxan aplikazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzak AZTIrekin lankidetzan garatu duen aplikazio mugikor eta web honi esker, erabiltzaile guztiek Gipuzkoako hondartzen okupazio-maila ezagutu ahal izango dute uneoro.

Gipuzkoako hondartzen aforoa eta okupazioa kontrolatzeko Foru Aldundiak udalen eta herritarren eskura jarriko duen baliabide teknologiko honen helburua da, hareatzen erabilera COVID-19ak eragindako pandemiaren aurkako prebentzio-neurriekin bateragarri egitea. José Ignacio Asensio foru-diputatuak adierazi duenez, “hondartzak arduraz erabiltzeko eta gozamena eta osasunaren babesa bateragarri egiteko baliabide guztiak herritarren eta udalen eskura jartzeko konpromisoa dugu”.

Semaforoaren sistematikaren bidez, hondartzetako okupazio-mailaren berri emango du App-ak. Aplikazioa 15 minutuan behin eguneratuko da, hareatza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean emanez eta kasu bakoitzean ezartzen diren dentsitate-atalaseen arabera egoeraren berri emanez. Aforoa zehazteko, gomendatutako distantzia soziala eta hondartza bakoitzaren azalera hartu dira kontuan, eta erabiltzaile guztiek doan kontsultatu ahal izango dute hareatzen okupazio-maila hondartza horietara joan aurretik.

App-ak erakusten dituen okupazio-mailak eta aforo-mailak gutxi gorabeherakoak dira, eta udal-agintari eskudunek, irizpide horietan eta egoki iritzitako beste batzuetan oinarrituta, hondartzetarako sarbidea ireki edo itxi edo kasu bakoitzean egokiak diren gomendioak eman ahal izango dituzte. Lan hori errazteko, App-ak alerta-sistema bat du udal-arduradunentzat, eta aurrez jakinaraziko die ur-emaria, marea-igoera eta erabilera-baldintzen aldaketa.

Teknikoki, aplikazioa KOSTASYSTEM bideometria-sarean oinarritzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2017an Gipuzkoako kostaldean martxan jartzea erabaki zuen. Foru-bideometriaren sarea jarri zen, batetik, kostako hareatzak monitorizatu behar direlako, itsasertzak klima-aldaketarekiko duen kalteberatasunagatik (Gipuzkoa Klima 2050 Estrategia), eta, bestetik, hondartzen kudeaketa hobetzeko. Tresna honi esker, batetik, itsasertzaren babesa hobetu daiteke, eta, bestetik, klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina prebenitzeko neurriak hartu; eta, gainera, hondartzak erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna eta ongizatea hobetu daitezke.

Azken berriak