• Horrelako serie luzeak, non beste aldagai batzuen artean gainazaletik hondorainoko tenperatura neurtzen baiten, ozeanoko klimaren aldakortasuna zehatz-mehatz analizatu eta kuantifikatu ahal izateko tresna bakarra dira.

(Pasaia, 2018ko uztailaren 12a). Neurketen seriea ekarri zuen monitorizazio programa, VARIACIONES izenekoa, 1986an hasi zen, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzaren erabakiz, eta, hasieratik AZTI arduratu da neurketak egiteaz. Gaur egun serie historikorik zaharrena da Bizkaiko golkoan ur zutabearen tenperatura eta gazitasuna neurtzeari dagokionez. Serieak itsasoko urak denboran zehar tenperaturan eta gazitasunean izan dituen aldaketak erakusten ditu, gainazaletik hondoraino, metroz metro. Neurketak hilero egiten dira, 60 eta 110 metroko sakoneran dauden bi estazioetan, kostaldetik 3 eta 13 km baino pixka bat gehiagora, Pasaia parean.

“Itsasoa epe luzera monitorizatzeko programak dira tresna bakarra klima ozeanikoaren aldakortasuna modu zehatzean analizatu eta kuantifikatu ahal izateko”Almudena Fontan, Itsas Ekosistemen Funtzionamenduan. aditua.AZTI

Gaur egungo klima aldaketaren testuinguruan, gero eta garrantzitsuagoa da ozeanoak epe luzera monitorizatzeko dauden programak mantentzea, izan ere, beste arrazoi batzuen artean, monitorizazio programa horiek ozeanoko klimaren aldakortasuna zehatz-mehatz analizatu eta kuantifikatzeko dauden bitarteko bakarra dira, egiaztatu ahal izateko ezohiko aldaketak gertatzen diren, eta ebazteko aldaketa horien jatorria naturala den ala gizakion jardueraren beraren ondorio diren.

Epe luzerako behaketa horiek oso interesgarriak dira, batez besteko egoerak kalkulatzeko aukera ematen baitute, eta, horietatik abiatuta, bereizketa kualifikatuak eta zehatzak egiteko klima ozeanikoaren batez besteko baldintza edo baldintza arrunten eta baldintza anomalo edo mailaz kanpokoen artean.Tenperatura eta gazitasunaz gain, beste aldagai osagarri batzuk ere neurtzen dira, hala nola argi-transmisioa, disolbatutako oxigeno edukia, edo klorofila kontzentrazioa, gainazaletik hondoraino.

Neurketak sakonago egiteko beharra

Neurketak errutinazko eran, ur zutabea azaletik hondoraino hartuta, burutzen diren kokagune askorik ez dago Bizkaiko golkoan. Dauden serieen artean, zaharrena Pasaiako kostaldean dago, eta AZTIk 32 urte daramatza neurketak egiten; horri esker, kalkulatu ahal izan da itsasoko gainazaletik hondorainoko batez besteko tenperatura ia gradu erdi bat igo dela 1986tik. Gaur egun, neurketak 110 metroko hondoraino egiten dira gehienez, baina, klima aldaketak gure kostaldean izan dezakeen eragina ikusita, beharrezkoa litzateke neurketak sakonago egitea, izan ere, ez dakigu aipatutako sakoneraren azpitik zer gertatzen ari den.

Azken berriak