• AZTI zentro teknologikoak txosten bat prestatu du, zeinean erakusten baita Euskadiko elikadura industriaren heldutasun digitala “hasiberriaren” mailan dagoela.
  • Euskal erakundeak sektorearen egungo egoeraren diagnostikoa marraztu du elikaduraren sektorea digitalizatzeko erronkari aurre egiteko.
  • Enpresa handiak hasi dira dagoeneko industria adimendunerantz ibiltzen, baina txikiek, ordea, arazoak aurkitzen dituzte 4.0 Industria ezartzeko.

(Bilbo, 2019ko azaroaren 21a). Teknologia digitalak komunikazioa, fabrikazio industriala, turismoa eta kontsumoa eraldatzen ari dira. Kode bitarretik eratorritako soluzioak aukeren unibertso bat zabaltzen ari dira aurrerapen lehiakorrak eskaintzeko, baina Euskadiko elikadura industria oraindik ez du iraultza horrekin bat egin.

Hori ondorioztatzen da elikaduraren balio katean espezializatuta dagoen AZTI zentro teknologikoak egin duen makroinkesta batetik; inkestaren helburua izan da elikaduraren esparruan digitalizazioaren gaur egungo egoera, aukerak eta etorkizuneko perspektibak ezagutzea. Txostena hilaren 20 eta 21ean BECen garatzen ari den Basque Industry 4.0 The Meeting Point ekitaldian aurkeztu da.

Txostenaren arabera, Euskadiko elikadura enpresen heldutasun digitala “hasiberriaren” mailan dago. Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorea 2. mailan dago (1etik 5erako eskalan), baina emaitza hori oso lotuta dago enpresen tamainari.

“Enpresak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta inplementazio gutxiago ikusten da, eta sektorearen arabera ere aldatzen da egoera. Euskadiko elikadura enpresa gehienak 25 langile baino gutxiagoko enpresa txikiak edo ertainak dira, eta arazoak aurkitzen dituzte eraldaketa horri aurre egiteko garaian; ondorioz, Euskadiko elikadura industria azkena doa eraldaketa digitalaren ikasgaian. Aldiz, enpresa handiak hasita daude industria adimendunaren bidez ibiltzen”,


azaldu du Idoia Olabarrietak, AZTIko 4.0 elikadura katean adituak.

Azterketak ondorioztatzen duenez, euskal elikadura industria oso segmentatuta dago, eta emaitza negatibo horrek arrazoiak askotarikoak dira: Alde batetik, teknologiei buruzko informazio eta ezagutza faltak oztopatu egiten du inplementazioa; bestetik, elikaduraren industriak aurkezten duen kasuistika zehatza ere faktore erabakigarria da, lehengaiak eta produktu galkorrak etengabe eboluzionatzen ari baitira.

“Ezagutza falta handia dago gaiaren inguruan, eta enpresek uste dute inbertsio handiak egin behar direla. Aitzitik, garrantzitsua da ulertzea helburua ez dela heldutasun mailarik altuena lortzea, baizik eta, bakoitzaren errealitatearen arabera, beharrezkoa izango dela modu mailakatuan alderdi bakoitza lehenestea”, gehitu du Olabarrietak.

Diagnostiko bat abiapuntuan

Zentro teknologikoak EAEko enpresen 200 erantzun baino gehiagoan oinarrituta garatu du txostena, diagnostiko bat sortzeko helburuarekin, sektorearen dimentsio digitalaren aukerak esploratzeko abiapuntua izan dadin, datozen urteetarako aukera teknologiko edo ideia berriak planteatzeko, etorkizunean sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna mantendu ahal izateko.

“Eraldaketa digitala beharrezkoa da lehiakorrak izateko, eta, horregatik, ezinbestekoa da jakitea non gauden ea zer daukagun, etorkizuneko inplementazio digitalak planteatu ahal izateko. 4.0 Industriaren erronkari heltzen ez dioten enpresek lehiakortasuna galtzeko arriskua izango dute”, baieztatu du AZTIko adituak.

Azterketa 2018ko uztailean egin zen, eta zentro teknologikoak hainbat alderdi aztertu ditu, hala nola estrategia ea antolamendua, prozesu adimendunak, elikadura katearen konexioa, kontsumitzailearen esperientzia eta giza baliabideak. Halaber, ordezkatutako sektoreak zazpi izan dira guztira: arraina eta arrainaren transformatzaileak; haragia; edariak; okintza eta pasta; barazki-fruituak; esnekiak eta beste produktu batzuk.

Efizientzia eta trazabilitate hobeak

Teknologia berriek elikaduraren sektoreari dakarzkioten onurak askotarikoak dira, baina, batez ere, efizientzia eta malgutasun produktiboa nabarmentzen da, produktuen trazabilitatearen hobekuntzarekin batera.

“Inplementazio digitalak elikadura kate osoaren kostuak murrizten ditu, eragileen arteko komunikazioa hobetzen du eta kate logistikoaren efizientzia hobetzen du. Gainera, laneko segurtasuna ere handitzen da, eta gizakien erroreak murrizten dira, beste onura askoren artean. Finean, industria adimendunak aukera ematen du kateari buruzko komunikazio eta informazio propiorik handiena lortzea, denbora errealean, eta horrek lagundu egiten du erabakiak azkar hartzen, negozioak efizienteagoak izan daitezen”,  


adierazi du Olabarrietak.

Horrenbestez, azterketak ez du metodologia zurrun bat proposatu nahi 4.0 teknologien inplementazioari buruz; aldiz, bere asmoa da enpresei aukera ematea euren eraldaketa digitala gauzatzeko prozesua garatzeko. “Garrantzitsua da txostenean proposatutako ildoetan aurrera egitea, enpresa osatzen duten kide guztien inplikazioarekin eta konpromisoarekin”, amaitu du.

Azken berriak