AZTIren ikerketa batek denboraleen aurrean kostaldea modu eraginkorrean kudeatzeko gakoak aztertu ditu
Azken berriak
Oarsoaldea etorkizun urdinago baterantz doa, Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldi tekniko berri bat eginez
Itsasaldi taulak 2025
Antxoa gazteen batez besteko biomasaren beherakada txikia, 2019, 2020 eta 2021 denboraldietan erregistratutakoa baino handiagoa bada ere
- Zentro teknologikoak hiru urtez EAEko 13 hondartzatan denboraleek gauzatutako inpaktuaren jarraipena burutu du.
- Jarraipen hori KOSTASystem teknologian oinarritutako Euskal Kostaldeko bideometria-sarearen datuekin egiten da.
- Ocean and Coastal Management aldizkarian argitaratutako emaitzek adierazten dutenez, hondartza lehorra eta hesi naturalak eta artifizialak funtsezkoak dira kostaldea denboraleen aurrean babesteko. Gainera, monitorizazio-estazio horiek izatearen garrantzia erakusten dute kostaldearen kudeaketa erakinkor bat izateko.
Pasaia, 2024ko urriaren 17an- AZTI zentro teknologikoak denboraleek EAEko itsasertzeko 13 hondartza adierazgarritan jasaten duten inpaktua aztertu du. “Ocean and Coastal Management” aldizkarian argitaratu berri diren aurkikuntzek ezaugarri geomorfologikoen garrantzia azpimarratzen dute. Bi faktoreetan zentratzen dira ikerlariak kostaldea modu eraginkorrean kudeatzeko. Alde batetik, hondartza lehorraren zabalera eta altuera (hau da, itsasgoraren gainetik dagoen hondartza gisa definitzen dena), eta bestetik, hesi naturalen (dunak) eta artifizialen (hormak) altuera. Ondokoak izan dira aztertutako hondartzak: Bizkaian La Arena, Arrigunaga eta Arriatera; eta Gipuzkoa Saturraran, Ondarbeltz, Deba, Itzurun, Santiago, Gaztetape, Malkorbe, Zarautz, Antilla eta Hondarribia.
Ikerketa egiteko, AZTIk Euskal Kostaldeko 150 km-tako luzeera estaltzen duen bideometria-sarea erabili zuen, KOSTASystem teknologian oinarritutakoa. Sare horrek euskal kostaldeko hondartza nagusiak aldi berean monitorizatzea ahalbidetzen du, eta funtsezko datuak ematen ditu kostaldea kudeatzeko tresnak garatzeko. Tresna horiek erabilgarriak dira hondartzaren bilakaera morfologikoa epe luzera aztertzeko. Gainera, epe laburrera begira, hainbat dira dituen aplikazioak: okupazio-dentsitatea, itzulera-korronteak detektatzea eta iragartzea eta denboraleen eraginaren jarraipena egitea besteak beste.
Teknologia horri esker, AZTIko ikerketa-taldeak denboraleen aurrean emandako erantzunetan oinarrituta, hiru kategoriatan sailkatu ditu hondartzak.
Lehendabizikoa, olatuek defentsa-hesietan duten inpaktua eta gainditzeak nagusi diren hondartzak. Horren adibide garbia Zarauzko hondartza da, non hondartzaren altuera 3,5 metrotik beherakoa den eta hare lehorraren zabalera ez den 30 metro baino gehiagokoa. Mota horretako hondartzek dute kalteberatasun handiena denboraletan gertatzen diren kalteen aurrean. Izan ere, Zarauzko hondartza euskal kostaldeko kalteberatasun handieneko gunetzat hartzen da. Donostiako hiriarekin batera, euskal kostaldean denboraleek eragindako kalteengatiko aseguru-erreklamazio gehien dituen udalerria da Zarautz.
Bigarren multzoa, olatuek defentsa-hesietan noizbehinka eragiten dituzten hondartzak dira: Adibidez, La Arena hondartza, 4-6,5 metroko garaierarekin eta 40-75 metroko hare lehor zabalerarekin. Mota horretako hareatzek kalteberatasun txikiagoa dute denboraleetan izandako kalteen aurrean, aurreko taldearekin alderatuta.
Hirugarrenak, olatuek defentsa-hesietan noizbehinka eraginik ez duten hondartzak dira: Kalteak izateko joera txikiagoa dute, hondartza hauek 7.5 metroko altuera dute eta 50 metrotik gorako hare lehor zabalera. Honen adibide dira Hondarribia edo Arrigunaga.
“Gure ikerketen emaitzen arabera, zenbat eta handiagoa izan hondartza lehorraren zabalera eta altuera eta defentsa-hesiaren altuera, orduan eta handiagoa da denboraleen aurkako babes naturala”, dio Aritz Abalia AZTIko ozeanografia operazionaleko adituak. “Horrek azpimarratzen du parametro horiek oso garrantzitsuak direla denboraleek eskualde mailan izan dezaketen eraginaren ebaluazioan. Eta honetaz gain, balio horiei eusteko beharra azpimarratzen du ikerketak, higadura mugatuz, kostaldeko eremuak babesteko” zehaztu du Abaliak.
Gainera, ikerketa-taldeak bideometria-estazioak epe luzerako datuak biltzeko etengabe mantentzearen garrantzia azpimarratzen du, funtsezkoa froga zientifikoetan oinarritutako kostaldea kudeatzeko. “Gure lanak teknologia aurreratuak erabiltzearen garrantzia nabarmentzen du, denboraleen inpaktuak hobeto ulertzeko eta eskualde mailako kudeaketa-estrategiei laguntzeko. Era berean, ikerketa hau urrats garrantzitsua da euskal kostaldearen erresilientzia hobetzeko, alerta goiztiarreko eskualde-sistema sendo bat garatzeko oinarriak ezarriz “, ondorioztatu du AZTIko adituak.
Euskal bideometria sarea Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Portu Agintaritzak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute. Gainera, azterlan hau Kostarisk ikerketa aplikatuko mugaz gaindiko laborategiaren testuinguruan dagoen lankidetza zabalago baten parte da, eta Europako finantzaketa jaso du Urban Klima 2050 eta Regions4Climate proiektuen bidez.
KOSTASystem-i buruz
AZTIren KOSTASystem bideometria-sarea Espainian, Frantzian eta Marokon erabiltzen da helburu ezberdinekin. Besteak beste, hondartzen jarraipen morfologikoa monitorizatzeko balio du. Baita klima-aldaketaren inpaktuak ebaluatzeko, aurreikusteko eta arintzeko ere, itsas mailaren igoera eta muturreko olatuak aztertuz. Horrez gain, hareatzetako joan-etorria kontrolatzeko eta hondartzetako segurtasuna hobetzeko ere erabiltzen da.