• Gazurbal proiektuko ikerketak esne gazuraren bideragarritasuna frogatzea ahalbidetu du; gazta egiten denean sortzen den hondar bat da, eta ardientzako elikagai izan daiteke
  • Ekimenak, Saskagoin Kooperatiba Elkartea (GOINE) gaztandegiak gidatuta eta AZTIren koordinazio teknikoarekin, Buruaga Arditegiaren, Neiker zentro teknologikoaren eta Elika Fundazioaren partaidetza ere izan du

Bilbo, 2019ko ekainaren 18a. – Gazta gai nutritiboa da, kaltzioan aberatsa, eta, hainbeste aldaera dituelarik, zaila da gusturik delikatuena aseko ez duenik aurkitzea; produktu osasungarria bezain zoragarria da, bana egiteko prozesuak ingurumenaren aldetik kudeatzen zaila den substantzia bat sortzen du, gazura. Hondakin hori tratatzeko beharrari erantzuteko, AZTI zentro teknologikoak Gazurbal ikerketa proiektua gidatu du teknikoki, esne gazura ardientzako elikagai moduan erabili daitekeela frogatzea lortu duena, gaztaren industriaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Ikerketa Eusko jaurlaritzaren Lankidetzarako Laguntza Programaren bitartez finantzatu da, eta partaide izan dira baita ere GOINE gaztandegia (proiektuaren liderra), Buruaga Arditegia enpresa eta Neiker eta Elika zentro teknologikoak.

Gazurbal proiektua joan den martxoan amaitu zen, eta ateratako ondorioek erakusten dute esne gazura, hau da, gazta egiteko prozesuan esnea koagulatzetik ateratzen den substantzia likidoa, ardiak elikatzeko erabil daitekeela, aukera hori ezin hobea izango delarik beren ardiak dituzten gaztandegientzat.

“Esne gazura oso kutsatzailea izan daiteke kontrolik gabe botatzen bada, baina nutriente iturri handia ere bada, eta printzipio ugari ditu, hala nola proteinak, bitaminak edo mineralak, eta pertsonen zein animalien elikaduran erabil daiteke. Tradizionalki, gaztandegi txiki eta ertainek zailtasunak izan dituzte esne gazura kostu gutxirekin aprobetxatzeko teknologiak aurkitzeko. Proiektu honekin egiazko erantzun bat eman nahi diegu arazo horri”, adierazi AZTIn ikerketaz arduratzen den Marta Cebrianek.

GOINE gaztandegiak gidatuta, ekimenarekin lortu dute esne gazur likidoaren eta unifeedarekin nahastutako gazuraren bideragarritasuna frogatzea, ardientzako elikagai moduan. Lortutako emaitzek erakusten dutenez, ardi gehienek (%80-%90) onartzen dute esne gazur likidoa, eta tasa hori %100era iristen da unifeedarekin nahasten bada, egunean 1,2-1,5 hartuta, kontrako inolako ondoriorik gabe.

Are gehiago, azterketan landu diren formulen bitartez elikatutako ardien esnearen konposizioak ez du desberdintasun esanguratsurik proteinei, koipeari edo gantz azidoen profilari dagokienez.  Esne horrekin landutako produktuen propietate organoleptikoetan ere ez da alderik hautematen (Idiazabal gazta, gazta freskoa, jogurtak eta mamiak) usaina, zaporea, testura edo kolorea bezalako parametroetan. Horri guztiari gehitu behar zaio azterketan sartu diren ardien esnearen ekoizpenak handitzeko joera duela, %7raino ere.

AZTI zentro teknologikoak koordinatzaile teknikoaren lanak egin ditu proiektuan, animaliak elikatzeko esne gazura zuzen kudeatu eta erabiltzeko lan protokoloak prestatzen parte hartuz, baita ere proba pilotuen ondorengo planifikazioan eta jarraipenean, eta lortutako produktuen kalitatearen kontrolean (gazta, jogurta eta mamia). Halaber, Inplementazio Planaren lanketa koordinatu du, eta baita zabalkunde eta prestakuntza ekintzak ere.

Onurak gaztaren zein landa ingurunearen sektorearentzat

Gazurbal 2017an abiatu zen, eta erronka handiei egin behar izan die aurre gazura egoki manipulatu eta kontrolatzeari dagokionez, arazo sanitarioak gertatzea saihesteko, esaterako, abereen osasunari edo esnearen eta esnekien kalitateari kalte egin diezaieketen infekzioak, beherakoak edo intsektuak ugaltzea. Horrenbestez, oztopo horiek guztiak gaindituta, esne gazurari bigarren bizitza bat ematea lortu du, sortzen den lekuan bertan, modu merkean eta beharrezko baldintza higieniko, sanitario eta kalitatekoak betez.

“Kontuan hartuta esne gazuraren kudeaketak arazoak sortu ohi dituela gaztagileentzat, batzuetan inguruan bertan botatzen zutelarik, edo aldameneko abeltegiei oparitzen, ikerketa hau giltzarria izan daiteke elikagaien industriaren balio katearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko, azpiproduktuak berrerabiliz, horrela egin ezean Euskal Autonomia Erkidegoko landa ingurunearen ingurumen kalitatea hondatuko luketelako”, azaldu du AZTIko adituak.

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako Laguntza Programaren bitartez finantzatu da, eta euskal exekutiboaren Elikadura Industrien Zuzendaritzak sustatutako hainbat ekimenen testuinguruan garatu da, AZTI eta Neiker zentro teknologikoen bitartez, eta EAE barruko zein kanpoko enpresekin lankidetzan.

(abre en una nueva pestaña)”>Deskarga ezazu eskuorria proiektuko emaitz eta ondorioekin >

Azken berriak