• AZTI zentro teknologikoa buru duen Fungitime proiektuak animalia-jatorriko proteinak proteina bioteknologikoekin ordeztu nahi ditu elikagai berrietan.
  • Proiektuaren erronka nagusia da berrikuntza erabiliz hazkundearen ondorioz lehengaien murrizketa eta garestitzeari irtenbideak bilatzea
  • Ekimenaren esparruan, bi focus group egin dira kontsumitzaileak osagai horien erabilerari buruz duen iritzia ezagutzeko.

Derion, 2020ko urriaren 30 ean.- Munduko biztanleriaren hazkundea eta elikagaien ekoizpenak ingurumenean duen eraginari buruzko kontzientzia gero eta erronka handiagoa dira elikagaien industriarentzat. Irtenbideak aurkitu behar dituela argi dago, eta hauen artean, ordezko iturrietatik eta modu iraunkorrean egindako iturrietatik sortutako osagai berriak garatzea dago.

Testuinguru horretan garatzen da Fungitime proiektu europarra, AZTI euskal zentro teknologikoa buru duen ekimena, zeinaren helburua baita bioteknologia fungikoaren bideragarritasuna egiaztatzea, animalia-proteinaren ordezko proteinak garatzeko tresna gisa, elikagai osasungarriak eta jasangarriak sortzeko.

Zehazki, EIT Food elikadura-katearen jasangarritasunerako Europako institutuak finantzatutako ekimen honek ABUNDA® mikoproteinaren aplikazioan oinarritutako produktuen bideragarritasun industriala garatu eta aztertuko du. Kalitate handiko mikoproteina jasangarria da ABUNDA®, produktu begetariano eta beganoen aukeretan aplikatzekoa, eta antzeko beste aukera batzuek baino ekoizpen-kostu txikiagoa du.
Elikagaien ekoizpenean erabili aurretik, Fungitimek bi focus group edo eztabaida-talde egin ditu, bata Espainian eta bestea Islandian, kontsumitzaileak elikagaien garapenean teknologia berri hori aplikatzeari buruz duen iritzia gertutik ezagutzeko.

Inkestaren ondorio nagusien artean, Esther Sanmartin AZTIko elikagai berrietan adituak eta proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, “prezioak askotan kontsumitzailearen asmo onak oztopatzen ditu; izan ere, aukera osasungarrien alde egitearen garrantzia identifikatu arren, ez dago beti prest erosketaren kostuaren igoera bere gain hartzeko”.

Bestalde, eztabaida-taldeetako parte-hartzaile gehienek elikagaien proteinak mantenugaien artean sartzearen garrantzia eta onurak ezagutzen bazituzten ere, emaitzek agerian uzten dute ez dutela teknologia fungikoaren bidez garatutako proteinen gaineko ezagutzarik.

Bestalde, saio horien bidez, elikadura-proteinen nutrizio-balioari buruzko nolabaiteko nahasmendua ere antzeman zen. Hori dela eta, parte-hartzaileei zailagoa egiten zaie kalitate handiko proteina bat (mikoproteina) erabiltzearen abantailak ikustea.

Gainera, parte-hartzaileek jatorri ez-naturaleko proteinak modu negatiboan epaitzeko joera izan zuten, prozesatutako produktuekin lotzean, eta horrek merkatuan duten onarpen-mailari eragin diezaioke.

Hala ere, kontsumitzaileak bioteknologiaren bidez garatutako produktuak onartzeko izan ditzakeen errezeloak gorabehera, nolabaiteko irekitasuna ikusten da beste iturri batzuekin garatutako produktuak kontsumitzeko, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko kontzientzia direla eta.

Era berean, positibotzat jotzen da produktu bat osasungarria izatea, osagai naturalekin egina egotea, ahalik eta gutxien prozesatua izatea, transgenikorik gabe egotea eta ahalik eta gehigarri gutxien izatea.

“Oro har, kontsumitzaileek kezka handia erakutsi zuten bilgarriaren inguruan, eta proposamen jasangarriagoak erabili behar zirela adierazi zuten, hain zabalduta dauden ontzietan plastikoak erabiltzea saihesteko”, ondorioztatu du AZTIko ikertzaileak.

AZTI zentro teknologikoaren parte-hartzeaz gain, Fungitimek 3F Bio, Angulas Aguinaga, Fraunhofer, Matis eta Frito-Lay ikerketa enpresa eta entitateen partaidetza du.

Azken berriak