• AZTI zentro teknologikoa BLUENET ekimenaren liderra da, Bizkaiko golkoko hego-mendebaldean itsasoko hondakinak murrizteko, arrantzontzien sareetan harrapatzen diren zaborrak lehorreratuz.
  • Proiektua ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarrituta dago, eta halaber aurreikusten du arrantza materialak birziklatzea eta berrerabiltzea soka berriak egiteko.
  • Proiektuaren partaideak dira GAIKER eta Next Technology Tecnotessile (Italia) zentro teknologikoak, Itsaskorda enpresa, eta proiektuak sustatzen duen Fishing for Litter borondatezko egitasmoarekin bat egin duten 22 arrantzontziren laguntza ere badu.

Paisaia, 2019ko ekainaren 20a. – Urtero 8 milioi tona inguru zabor botatzen dira itsasora eta, gehienbat lehorretik iristen diren arren, itsasoko hondakinak ere ugaritzen ari dira. Kalkulatzen da urtero arrantza tresnetatik gutxienez 640.000 tona galdu edo abandonatzen direla ozeanoetan. Hondakin horiek gero eta kezka handiagoa eragiten ari dira ingurumenari dagokionez, FAOk edo Nazio Batuen Ingurumenerako Programak adierazi dutenez. Arazoa areagotu egiten da Bizkaiko golkoko hego-mendebaldean, izan ere, arrantza eta akuikultura sektoreen hondakinak itsasoko zabor guztiaren %34 dira.

AZTI zentro teknologikoak gidatzen duen BLUENET proiektuak, hain zuzen ere, Bizkaiko hego-mendebaldean itsasoko jardueratik datozen hondakinen %20-%40 murriztea du helburu.

BLUENETen partaide dira baita ere beste bi zentro teknologiko, zeinak hondakin plastikoak birziklatzen eta balorizatzen eta ehungintzaren sektoreko teknologiak garatzen adituak baitira: GAIKER eta Next Technology Tecnotessile (Italia); eta Itsaskorda enpresa, itsas sektorerako sokak, sareak eta kordelak egiten dituen enpresa txiki bat, nazioartean garrantzi handia duena, eta funtsezkoa dena material birziklatuz egindako sokak itsasoaren industrian balioztatu eta onartu daitezen.

Egitasmoa urtearen hasieran abiatu zen, eta norabide bikoitza dauka. Alde batetik, arrantzontzien sareetan harrapatuta geratzen den itsasoko zaborra jaso eta lehorreratu nahi da, behar bezala prozesatzeko. Beste aldetik, arrantzan erabilitako soka eta sare hondakinak berrerabili nahi dira, material berriak fabrikatzeko lehengai egokia lortzeko; horrenbestez, ekonomia zirkularra bultzatuko da. Berez, bazkideek proba moduan egin dituzten prototipoen garapenak akuikulturaren sektorean balioztatuko dira.

Ekimena koordinatzeko lanak egiteaz gain, euskal zentro ikertzaileak itsasoan harrapatutako hondakinen gaineko ezagutza sakonduko du, batez ere abandonatu, galdu edo baztertu diren arrantza tresnei eta akuikulturakoei dagokienez; horrez gain, itsasoen egoerari buruzko ezagutza ere handituko da.  

“Hondakinak dira itsas faunarako ingurumen arazo handietako bat, uretako animaliei zauriak, kalte fisikoa edo, are gehiago, heriotza eragiten baitizkiete. Gainera, oso kostu ekonomiko handia dute. BLUENETi esker, hondakinak murriztuko ditugu, arrantza sektoreari aholkua emateko hobeto prestatuta egongo gara, Europako politikei ezagutza hobea eskainiko diegu eta neurri garrantzitsuak aplikatu ahal izango ditugu ingurumena babesteko eta jarduera ekonomikoaren iraunkortasuna hobetzeko”


adierazi du Oihane Cabezasek, AZTIko itsas teknologien adituak.

Arrantza sektorearen inplikazioa

BLUENETen funtsezko elementuetako bat arrantza eta akuikultura sektorearen inplikazioa lortzea da. Proba pilotu moduan, 22 arrantzontzik biltegiratzeko ontziak (big bags) izango dituzte ontzi barruan, sareetan harrapatuta geratzen diren itsasoko zaborrak gordetzeko. Jasotako materiala euskal kostaldeko 4 portutara eramango da: Bermeo, Ondarroa, Getaria eta Hondarribia, eta, ondoren, AZTIn karakterizatuko da.

Proiektuan parte hartuko duten ontziek euren borondatez parte hartuko dute, Fishing for Litter ekimenaren barruan; nazioarteko proiektu hori KIMO International-ek sustatzen du, eta bere helburua da sektorearen parte hartze aktiboa lortzea, arrantza sareetan harrapatuta geratzen den itsasoko zaborra porturatu dezan.

Sektorea dagoeneko hasi da komunitate zientifikoarekin aktiboki parte hartzen, eta, horrenbestez, bere inplikazioa ezinbestekoa izango da 2020aren amaierara arte luzatuko den proiektu horren arrakastarako. Horretarako, sektorearen proaktibitatea sustatuko dugu, itsas alfabetatzearen bitartez, batez ere nautikako ikasleekin, eta saiatuko gara sareak eta sokak itsasora botatzea galarazten”, gehitu du Cabezasek.

Arrantza sektoreaz gain, beste eragile batzuk ere inplikatuta daude BLUENETen, horien artean Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saila, agintariak, kofradiak eta garbiketa zerbitzuak, eta, horri esker, hondakinen gestio plana ahalik eta inklusiboena izango da, eta denboran jarraipena izango du, baita proiektua amaitu eta gero ere.

Onurak sektorearentzat

Ekimenari esker, arrantza sektoreak hainbat onura lortuko ditu, arrantza jasangarriaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Alde batetik, portuetako instalazioak hobetuko dira, arrantzontziek errazago eraman ditzaten zaborrak itsasotik lehorrera. Beste aldetik, aztertuko da arrantza sareetatik lortutako lehengai birziklatuarekin egindako sokak berriro erabili daitezkeen, etekina sektorean bertan geratu dadin.

Halaber, proiektuak ikusgarriago bihurtuko du sektoreak ingurumen arazoekin duen inplikazioa, tokian bertan zein nazioartean, inplikaturiko lau portuetan lonazko informazio panelak jarriko baitira.

688.364 euroko aurrekontuarekin, itsaso eta arrantza politiketarako Europar Batasuneko 2014-2020 FEMP fondoak kofinantzatuta, BLUENETek Bermeo Tuna World Capital Elkartearen lankidetza ere izan du.

AZTIri buruz

AZTI ikerketa zentroa espezialista da elikagaien eta itsas-arrantzaren balio katean, eta ikerketa estrategiko eta aplikatuan dihardu, ezagutza berria sortzeko. Soluzio integralak eta berritzaileak eskaintzen ditu, negozio berriak dinamizatzeko.

AZTIren helburua Zientzia Garapen Jasangarri eta Osasungarri bihurtzea da. Horretarako, lantalde trebatu eta ilusionatu baten bidez, bezeroekin sinbiosian eta lotura estrategikoan oinarritzen den harremana lantzen du AZTIk. Hala, bezeroei balioa ematen die, eta lehiakortasunean hobera egiten laguntzen, garapen ekonomiko eta sozialaren mesedetan.

Egindako lan eta ikerketek munduko institutu onenen artean jarri dute AZTI, artikulu bakoitzeko aipamen indizearen arabera, bere hainbat ikerketa arlotan. Era berean, AZTIk arrantza kudeaketan diharduten nazioarteko erakundeetako batzorde zientifikoetan parte hartzen du, itsas ingurune desberdinetan kudeaketa neurriak eta arrantza kuotak zehazten, baliabideen erabilera jasangarria helburu.

Azken berriak