AZTI itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den zentroak muskuiluen hazkuntzaz eta komertzializazioaz egin dituen ikerketen ondorioz, Matxitxako Moluscos SL enpresa sortu da. Kantauri itsasoan itsas zabaleko muskuilua ekoizteko lehenengo enpresa-ekimena da, eta Eusko Jaurlaritzaren ‘Euskadi 2020. Arrantzako eta Akuikulturako Plan Estrategikoa’ izenekoan garatutako I+G ekintzen emaitza da. Ekoizpen-instalazioak Ondarroaren eta Lekeitioren arteko itsasertzean kokatzen dira. Matxitxako Moluskoak enpresa 2019ko udan hasi da A eta ekologiko kategorietako muskuiluak merkaturatzen, ingurumena errespetatuz ekoitzita, eta indarrean dagoen Europako araudiari jarraituz eta
AMARRA markapean.

Euskadiko arrantzaren sektoreko, eraldaketako, komertzializazioko eta ikerketako hainbat sustatzailek indarrak batu dituzte enpresa sortzeko, eta administrazioen, komunitate zientifikoaren eta erakunde pribatuen arteko lankidetzaren adibide bat eskaini dute. Arrantzaren sektorean, Euskal Herrian tradizio handia baitu, enplegua sortzeko ekimen gisa sortu da Matxitxako Moluscos enpresa, itsas elikagai berriak sortzeko helburuarekin, hau da, eskaera handiko elikagaiak, tokikoak eta marka bihurtzeko gaitasun handikoak sortzeko helburuarekin.

Matxitxako Moluscos enpresaren sustatzaile nagusien artean daude, besteak beste, Lekeitioko eta Ondarroako kofradiak, Arrankoba eta Itsaskorda bizkaitar enpresak, Gipuzkoako Baxurako Arrantzako Ekoizleen Erakundea, Gipuzkoako Baxurako Armadoreen Elkartea (Garela) eta AZTI. Arrantzaren kultura hain sustraituta egoteak indartu egin du sustatzaileengan jarduera berritzaile hau Euskal Autonomia Erkidegoan aurrera ateratzeko interesa, nahiz eta itsasertzeko kondizioak oso latzak izan, itsasbazterreko erabileren eskumenei eta baldintza ozeaniko-meteorologikoei dagokienez.

Ekimen aitzindaria nazioartean

Enpresa-ekimen hau aitzindaria da nazioartean, hainbat agentek parte hartzen dutelako: administrazioek, ekoizleek eta komunitate zientifikoak. Eraketan aurreikusi den inbertsioa bi milioi eurokoa da, eta lehenengo fasearen helburua urtean 1.000 tona muskuilu baino gehiago (beste espezie batzuekin batera) ekoiztea eta merkaturatzea da, itsaspeko teknologia erabiliz. Aurrerago, handituz joateko asmoa du enpresak, eta 3.000 tona muskuilu —bai eta ostrak ere— ekoiztera iritsi, eta, guztira, 20 lanpostu sortu, enplegu zuzena eta zeharkakoa kontuan hartuta. Inbertsioaren itzulkina espero da lehen hiru urteen buruan % 80 baino handiagoa izatea.

Enpresaren jarduerari esker, tokiko ekoizpena areagotu egingo da, eta muskuilua sortutako tokian bertan merkaturatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, itsas produktu hau Galiziatik eta Txiletik inportatzen da orain % 100ean. Gainera, lurralde honetako inportazioa eta komertzializazioaren fluxua ere gidatuko du hala enpresak. Matxitxako Moluscos enpresaren garapena ahalbidetuko duen beste alderdi positibo bat euskal kostaldeko ur irekietan dugun kalitate mikrobiologiko aparta da, zeinak Europako araudiaren beharkizunak betetzen baititu. Horrek ekoizpen ekologikoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa ahalbidetuko du.

Ekimena 2010ean sortu zen, AZTIn. Arrantzaren sektorearen erronkei aurre eginez eta sektorerako soluzioak sortzeko helburuz, bertako ikertzaileek bost urtez baino gehiagoz lan egin zuten bideragarritasun biologiko, ekonomiko, ingurumeneko eta sozialeko ikerketak garatzen eta analizatzen, eta, horien ondorioz, proba pilotu eta emaitza onak lortu zituzten. Ekimen berritzaile horrek Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren laguntza jaso zuen, jarduera, produktu eta enplegu berrien garapenari laguntzeagatik eta itsasoko erabilerei eta baliabideei lotutako kohesio sozialari laguntzeagatik.