Itsasoen beroketak maila globalean itsas espezieen biomasaren %17 murriztea eragin dezake mendearen amaierarako
Azken berriak
Gliderak: itsasoa behatzeko teknologia aitzindaria
Proiektu pilotu batek Kantauri itsasoan hegalaburraren arrantza berreskuratzea du helburu
"Etorkizuneko elikadura: estrategia geopolitikoak eta jasangarritasuna elikagai-katean" jardunaldia izango da Bilbon
- Klima aldaketa biziki arinduko balitz, espezieen biomasa “soilik” %5 murriztuko litzateke, baina, isurketak ez badira aldatzen, biomasaren murrizketa %17ra iritsiko litzateke.
- Itsasoko arrainek zein ugaztunek biomasaren murrizketa larriagoak sufrituko dituzte fitoplanktonak baino.
- AZTIko Big data eta adimen artifizialeko aditu Jose A. Fernandesek parte hartu du azterketa egin duen nazioarteko taldean.
(Pasaia, 2019ko ekainaren 11) Klima aldaketak itsasoko bizidunen banaketari eta ugaritasunari eragingo dio, baina, orain arte, zaila izan da aldaketa horien zenbaterainokoa aurreikustea, pronostikoak egiteko erabiltzen ziren ekosistema indibidualen ereduak mugatuak zirelako. Halere, eredu horiek konbinatuta, panorama osatuago bat lortu daiteke.
Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batek, 12 herrialdetako eta 4 kontinentetako 35 ikertzailek sinatuta, klima aldaketak maila globalean ozeanoan izango duen eraginari buruzko ebaluazio bat aurkeztu du, klima eta ekosistemen eredu ugari konbinatuz egin dutena. Ikertzaileen artean dago Jose A. Fernandes, AZTIko Big data eta adimen artifizialeko aditua.
Azterketak erakusten duenez, itsasoko biomasa globala –hau da, itsasoko animalien pisu totala, arrainak, ornogabeak eta ugaztunak kontuan hartuta– murriztu egingo da emisioen jokaleku guztietan, hein handi batean, tenperaturaren igoeragatik eta produkzio primarioaren murrizketagatik. Aurreikusten diren galeren irismena arindu egin daiteke isurketak murrizten badira: aldaketa biziki arinduko litzatekeen egoera batean, murrizketa %5ekoa litzateke, baina isurketen abiadura ez bada jaisten galerak %17koak izango dira. Zehazki, klima aldaketaren eragin horren magnitudea antzekotzat aurreikusten da arrantzaren presioa duen ozeano batean zein horrelako presiorik ez duen beste batean, eta presio hori murriztuko balitz partzialki arindu lirateke jaitsiera horiek.
“Berotegi gasen isurketak murrizteak, zalantzarik gabe, lagundu egingo du itsasoko bizia mantentzen, hein handi batean, galera berriak gertatzeko”, dio Heike Lotze egile nagusiak, Kanadako Halifaxeko Dalhousie Unibertsitatekoak.
Analisiak, halaber, iradokitzen du klima aldaketaren inpaktuak larriagoak liratekeela elikagai sarearen goragoko mailetan, eta horrek esan nahi du itsasoko arrain eta ugaztunen biomasak galera handiagoak sufrituko dituela fitoplanktonarekin alderatuta. Prozesu horri “anplifikazio trofiko” esaten zaio, eta arrain handien kalteberatasun berezia deskribatzen du, itsasoko elikadura kateen goiko aldeetan.
“Gure aurkikuntzek iradokitzen dute itsasoko animaliarik handienak, horietako asko dagoeneko kontserbaziorako kezka direlarik, bereziki kalteberak izan daitezkeela klima eragindako murrizketengatik, eta horrek fitoplanktonaren domino efektua eragingo luke elikadura katean”, gehitu du era berean artikuluaren egilea den Derek Tittensor-ek, Nazio Batuen Erakundeak Erresuma Batuko Cambridgen duen Ingurumen Kontserbazioa Zaintzeko Munduko Zentroko kideak.
Munduko ozeanoetan aurreikusten diren aldaketen kartografiak erakusten duenez (ikusi hurrengo irudia), ozeanoetako gune epel eta tropikaletako eremu askotan murriztu liteke biomasa: hango populazioa itsasoko elikagaien menpe dago gehienbat, eta itsasoko biodibertsitatea dagoeneko giza jardueragatik metatu diren ondorioen kaltea nozitzen ari da. Beste gune batzuetan, klima aldaketa beste estres iturri bat sortzen ari da itsasoko ekosistemen gainean, gizakien gizarteetan gainekoa bezainbestekoa. Aitzitik, Artikoaren eta Antartikaren inguruko eskualde polarretan, litekeena da biomasa handitzea, eta horrek aukera berriak ekarri litzateke itsasoko baliabideak erabiltzeko, baina baita ere desafio berriak itsasoaren kudeaketa eta kontserbaziorako.
“Azken belaunaldiko tresna analitiko guztien emaitzen laburpenak aukera ematen du ondorio garrantzitsu bat ateratzeko, eta hori da klima aldaketa itsasoko biotari eragiten ari zaiola mundu osoko ozeanoetan. Aurkitzek berretsi egiten dute berotegi efektuko gasen isurketak biziki murriztu behar direla inpaktu horiek mugatzeko”, dio halaber artikuluaren egile den William Cheung-ek, Columbia Britainiarreko Unibertsitateko Ozeano eta Arrantzarako Institutukoak, eta Klima Aldaketa eta Ozeanoetarako eta Kriosferarako IPCC taldearen Txosten Bereziaren egile nagusiak.
“Badakigu lurrean elikagaien ekoizpena gero eta mehatxatuago dagoela klima aldaketaren ondorioengatik, tartean muturreko beroa eta lehorteak egonik. Azterketa honek beste atal ustekabeko bat gehitzen dio beroketa globalaren historiari, izan ere, baieztatu egin da gizakiak eragindako klima aldaketak arriskuan jartzen dituela ozeanoetako elikadurako baliabideak. 2015ean, nazio guztiek onartu zituzten Garapen Jasangarrirako Helburuak. Horietako bat da lortzea 2030ean gosea zero izatea. Gure ikerketak frogatzen du horretarako baliabide naturalen kudeaketa askoz finagoa izan beharko dela, baina baita ere berotegi efektuko gasen isurketak azkar batean murriztu behar direla”, gaineratu du Jacob Schewe koegileak, Alemaniako Potsdameko Klima Aldaketaren gaineko Ikerketa Institutukoak.
“Klima aldaketagatik aurreikusten diren inpaktuak arrantzarekin lotuta ez dauden arren, pizgarri gehigarri bat ematen dute arrantza jasangarria eta egokigarria garatzeko, klima aldaketarekiko sentibera, 9.000 lagun izango dituen mundu bat elikatzeko beharrezkoa”, adierazi du Manuel Barange koegileak, Nazio Batuen Italiako Erromako Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundeko (FAO) Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak.
Emaitza horiek klimak ozeanoan eragin ditzakeen aldaketa ekologiko posibleei buruzko orain arteko perspektibarik osatuena eskaintzen dute, eta lagungarriak izan daitezke itsasoko baliabide baliotsuetan klima aldaketagatik gertatu daitezkeen aldaketei aurrera hartzeko. Berez, emaitzak oinarria izan daitezke klimari eta biodibertsitateari buruz gaur egun egiten ari diren nazioarteko negoziazioetarako.
Marta Coll, beste egileetako bat, CSICeko Itsas Zientzien Institutuko ikertzailea da Bartzelonan, eta zera gehitu du: “Gure azterketak nazioarteko lankidetza zientifikoko ahalegin nabarmena eskatu du, on lehendabiziko aldiz erabili baitugu ikuspegi konparatibo eta estandarizatu bat, itsasoko 6 ekosistema eredu globalekin, lurreko sistemako 2 eredurekin indartuta, eta isurketen 4 jokaleku posiblerekin. Elkarlanean arituz baino ezingo ginen emaitza horietara iritsi, eta emaitzok erakusten dute itsasoko ekosistemen eta lurreko sistemako eredu desberdinen ondorioz sortzen diren ziurgabetasunak antzekoak direla, eta proiekzioak, oro har, bat datozela datu enpirikoekin”.
Espainian artikuluan parte hartu duen AZTIko Jose A. Fernandesek ñabardura bat egin du: “Lankidetza horiek funtsezkoak dira etorkizuneko jokaleku posibleei buruzko ziurgabetasuna murrizteko eta hartu beharreko neurriak hartzeko. Aitzitik, diziplina askoko desafioa ere badira –ekologiatik konputazioaren zientzietaraino–, eta horretarako beharrezkoa da koordinazio indartsu bat egotea eta datu kopuru handiak partekatzea”.