• BASQUE FOOD CLUSTERek eta AZTIk antolatu dute euskal elikagaien sektorea berrikuntzaren erreferente gisa bultzatu nahi duten sarien hirugarren edizioa
  • Sariak emateko ekitaldia maiatzaren 17an izango da, Food 4 Future azokaren, BECen egingo den elikadura-berrikuntzaren erreferentziazko ekitaldiaren, barruan.
  • Sariek euskal elikagaien sektoreak teknologia, enpresa eta merkatu arloetan dituen ideia berritzaileenak aintzatestea dute helburu

Bilbon, 2022ko apirilaren 27an.- BTEM Euskadiko Elikagaien Berrikuntzako Sarien hirugarren edizioak, BASQUE FOOD CLUSTERek eta AZTI zentro teknologikoak bultzatutako aurtengo sarietarako hautagai izango diren enpresak aurkeztu ditu. Guztira, 23 konpainiak hartuko dute parte, hogeita hamar bat proposamenekin, euskal elikadura-balio katearen ideia berritzaileenak aintzatestea helburu duen eta edizio bakoitzean gero eta hautagai gehiago jasotzen dituen lehiaketan.

Ekimen honen bitartez, BASQUE FOOD CLUSTERek eta AZTIk euskal elikagaien sektorearen lehiakortasuna bultzatu nahi dute berrikuntzaren bitartez. BTEM sarien helburua Euskadiko elikadura-kateko enpresek beren estrategietan berrikuntza-elementuak txertatzearen alde egindako apustua balioestea da, bai produktuetan eta zerbitzuak merkaturatzean, bai negozio-prozesuak eta -ereduak ezartzean, eta baita merkatuak irekitzean eta merkataritza-estrategia berriak abiaraztean.

Aurreko edizioetan bezala, konpainiek aurreikusitako hiru kategorietako edozeinetan parte hartzeko aukera zuten: Berrikuntza Teknologikoa (produktua edo zerbitzua), Enpresa Berrikuntza (prozesua) eta Berrikuntza Merkatuetan. Berrikuntza Teknologikoaren esparruan, produktu, ontzi edo teknologia berri bat garatu eta merkatuan sartu duen edo horietakoren bat modu arrakastatsuan hobetu duen enpresa saritzen da, hori bere negozioa garatzeko abantaila lehiakorra izan bada.

Enpresa Berrikuntzaren sariari dagokionez, negozio-prozesuetan edo -ereduetan egindako aldaketak aintzatesten ditu, produktu edo zerbitzu berriak edo hobekuntza esanguratsua dakarten produkzio-, logistika-, banaketa- edo laguntza-prozesuen ezarpenarekin erlazionatutako alderdiak kontuan hartuta.

Azkenik, Berrikuntza Merkatuetan izeneko atalean, hobekuntza esanguratsua dakarten merkataritza-estrategia edo -kontzeptu berriak balioesten dira, eta nazioartekotzera eta kanal berriak arakatzera, kanal digitalak, besteak beste, bideratutako merkatu-estrategiak baloratzen dira.

premios-btem-innovación-alimentaria

Deialdia itxita, aurreko edizioko enpresa irabazleen ordezkariek osatutako epaimahaiak aztertuko ditu aurkeztutako hautagaitza guztiak: Asun Bastida Eroski Taldeko Tokiko Produktuaren zuzendari komertzialak; Oskar Baraizarra Echebastarreko Komunikazio eta Erakunde Zuzendariak; eta Ander García Drone by Droneko zuzendari teknikoak, Txakoli Txabarriren ordezkari gisa. Epaimahaiko kide dira, halaber, ospe handiko hiru aditu independente: Leire Bilbao Innobasqueko, Berrikuntzaren Euskal Agentziako, CEOa; Carolina Pérez CEBEKeko, Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioko, presidentea; eta Jaime Martín Lantern aholkularitza enpresako bazkide sortzailea eta CEOa.

Sariak datorren maiatzaren 17an banatuko dira, Food 4 Future – Expo Foodtech-en barruan egingo den galan. Bigarren edizio honetan, AZTIk eta NEBEXTek –BASQUE FOOD CLUSTER bertako Global Partner da– antolatutako elikagaien eta edarien industriarako nazioarteko berrikuntza-ekitaldi horrek 7.000 profesional eta 250 enpresa erakusketari baino gehiago bilduko ditu Bilbao Exhibition Centren (BEC) maiatzaren 17tik 19ra.

Sektorerako elkargunea

Gainera, BTEM sarien helburua elikagaien sektoreko profesionalentzako topagune izatea da, elikaduraren balio-katea osatzen duten eragileak biltzeko eta industriako enpresen artean berrikuntzaren kultura bultzatzeko.

“Ezinbestekoa da sektoreko enpresen artean berrikuntzaren kultura bultzatzea eta garatzea, enpresaburuek ahalik eta etekinik handiena atera diezaieten beren ingurunean dituzten tresnei”, adierazi du Rogelio Pozo AZTIko CEOak.

BASQUE FOOD CLUSTERek ere ideia hori partekatzen du, eta enpresen arteko lankidetza ere funtsezkotzat jotzen du. Horregatik, arreta berezia jarriko da enpresen edo erakundeen arteko lankidetzatik sortu diren proiektuetan. “Alderdi hauek baloratuko ditugu: kalitatea, fidagarritasuna, azkartasuna, malgutasuna edo errentagarritasuna. Eta garrantzitsuak izango dira, halaber, berrikuntzari, etengabeko hobekuntzei, prozedurei, antolamenduari eta baliabide fisiko eta finantzarioei buruzko estrategia, metodo eta eredu berriak lantzearen eta ezartzearen inguruan garatzen diren lehiakortasun-gaitasunak”, adierazi du Jon Ander Egaña BASQUE FOOD CLUSTEReko zuzendari nagusiak.

Azken berriak