• EMOI proiektuak epidemia global honi aurre egiteko nutrizio-soluzio pertsonalizatuak garatzea du xede.
  • Sei urtetik 16ra bitarteko herritarren artean, behaketa bidezko azterketa klinikoa egiten ari dira.
  • Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK 2017 diru-laguntzetatik jasotzen du finantziazioa proiektuak, partaide hauek dituela: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Nutrizioa eta Obesitatea taldea, AZTI Teknologia Zentroa, Bizkaia Biofisika Fundazioa eta BioCruces Osasun Ikerketa Institutua.
  • Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2020 Planean sartzen da EMOI proiektua. Plan horrek Europar Batasunak onartutako espezializazio adimendunerako RIS3 Estrategia du erreferentzia.
  • XXI. mendeko osasun publikoko arazorik larrienetako bat da obesitatea. Helduaroan desgaitasun handiagoa edo heriotza goiztiarra eragiteko probabilitatea areagotzen du gaitz horrek.

(Derion, 2017ko azaroaren 13an) Haurren Obesitatearen Azterketa Molekularrak (EMOI) helburu nagusi bat du: haurren obesitatearen oinarri molekularrak deszifratzea, eta gaitz horri aurre egiteko nutrizio-soluzio pertsonalizatuak garatzea. Sei urtetik 16ra bitarteko herritarren artean behaketa bidezko azterketa klinikoa egitea du oinarri proiektuak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko lau eragile hauek dira garatzaileak: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), AZTI, Bizkaia Biofisika Institutua eta BioCruces Osasun Ikerketa Institutua.

XXI. mendeko osasun publikoko arazorik larrienetako bat da obesitatea. Helduaroan desgaitasun handiagoa edo heriotza goiztiarra eragiteko probabilitatea areagotzen du gaitz horrek. Munduko Osasun Erakundearen arabera (MOE), bi eta hamazazpi urte bitarteko biztanleen % 33k gainpisua edo obesitatea du, eta Euskal Autonomia Erkidegoa ere bete-betean harrapatzen du arazoak. Hona hemen haurren dieta ez-osasungarriaren nondik norakoak: energia-dentsitate handiko elikagaiak erraz eskuratzea eta halakoak gehiegi kontsumitzea; fruta, barazki, lekale eta zereal integral gutxi jatea eta, aldiz, erruz jatea azukredun produktuak (edari karbonatatuak eta azukredunak), gantz aseak (janari azkarra, jaki aurrez prestatuak eta prozesatuak) eta animalia-jatorriko proteinak (haragi gorriak eta hestekiak).

Gai hauek aztertuko ditu bereziki EMOI proiektuak (Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK 2017 diru-laguntzen bidez finantzatua): mintzeko lipidoak —zelulen barrualdearen eta kanpoaldearen arteko orekari eusten dion hesiaren funtsezko osagaiak—, mikrobiota —dietarekin lotura duen obesitatea eragiten duen faktore independentea—, mikroRNAk —lipidoen eta karbohidratoen metabolismoan esku hartzen duten geneak erregulatzen dituzten RNA-zati ez-kodetzaileak— eta asealdia —funtsezko garrantzia baitu gizakiak dituen energia-premien eta irensten duen elikagai-kantitatearen arteko erlazioaren kontrolean—.

Etorkizunean produktu eta soluzio berriak garatzeko oinarriak

EMOI proiektuaren emaitzei esker, zenbait soluzio iritsiko dira osasunaren eta nutrizioaren merkatu globalera, eta etorkizunean produktu eta soluzio berrien garapen industriala bultzatzeko oinarriak ezarriko dira. Hala, elikagai eta osagarri berriak garatu ahal izango dira, bai prebentziozkoak, bai herritar obesoei zuzenduak. Berariazko dietak berraztertuz eta zenbait elikagai kontsumitzeak dituen ondorioak ezagutuz, obesitatea prebenitzen lagunduko duten produktu-egokitzapenak egiteko moduan izango da elikagaien sektorea, bai eta horretarako formula berri eta osagarriak aurkitzeko moduan ere, eta, hala, merkatu-hobi berriak zabalduko ditu.

Asmoa da ahalik eta inbasiorik txikieneko analisi klinikoak inplementatzea eta, haiei esker, oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzea, jarduera klinikoaren eta diagnostiko pertsonalizatuaren alorretan. Analisi horiei esker, herritarren kontrola eta segimendua egin daiteke, betiere obesitatearen prebentzioa eta beste asaldu metaboliko batzuen detekzioa direla helburu. Itu terapeutikoak eta biomarkatzaileak identifikatzea ere oso garrantzitsua da konpainia bioteknologiko eta farmazeutikoentzat, zenbait produktu gara ditzaten; besteak beste, diagnostiko-kitak.

Parametro nagusiak identifikatzea lagungarria izango da obesitatearen aurkako farmakoak eta nutrazeutiko espezifikoak garatzeko, gaitz metabolikoak sendatzen edo prebenitzen lagunduko baitute, hurrenez hurren.

Azkenik, tratamendu pertsonalizatuak lortu nahi dira, eta, horretarako, pazientearen datu klinikoak, behar nutrizionalak eta sentsorialak, ariketa-premiak, bizi-konstanteen kontrola eta abar integratu behar dira, nork bere osasuna edo patologia kontrolatzeko tresnak izan ditzan eta tresna horiek aukera eman diezaioten erosketak, dietak, osagarriak, ariketa fisikoa eta abar eskura izateko.

RIS3 Estrategiaren mendeko proiektua

Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2020 Planean sartzen da EMOI, Europar Batasunak onartutako espezializazio adimendunerako RIS3 Estrategia erreferentzia duela. RIS3-ren xedea I+G+Bko estrategiak zehaztea da, Euskadin dauden edo egon daitezkeen ekoizpen-ahalmenekin sinergia argiak dauden alorretara bideratu daitezen baliabideak eta inbertsioak. Espezializazio adimenduneko hiru lehentasun ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, horien artean, biozientziak daude, non giza osasuna den jardueraren ardatz nagusia. RIS3 planean biozientziek duten lehentasuna apustu estrategiko iraunkor baten emaitza da: ekonomia dibertsifikatzen lagunduko duen goi-mailako sare zientifiko eta teknologiko baten sorrera, alegia. Zeharkakotasunaren eta bi lehentasunen (osasuna eta elikadura) arteko lankidetzaren alde egitea erabaki da, elkarrekin bide berriak jorratzeko.

Azken berriak