• AZTI zentro teknologikoak eta Euskadiko Elikaduraren Klusterrak antolatutako sarien bigarren edizioan saritu dituzte enpresa horiek.
  • Eroski merkatuen berrikuntzaren kategorian saritu dute; Echebastar, berrikuntza teknologikoan; eta Txabarri Txakolina, enpresa berrikuntzan.
  • Sari banaketa azaroaren 21ean egingo da, Bilboko Bizkaia Aretoan.
  • Aitorpenaren helburua da elikagaien balio katea osatzen duten euskal enpresen lana eta berrikuntzarako egiten duten ahalegina saritzea.

Bilbo, 2019ko azaroaren 7a.- Eroski banaketa enpresak, Echebastar tunidoen arrantza enpresak eta Bizkaiko Txakolina familia upategiak jaso dituzte Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren BTEM sariak, AZTI zentro teknologikoak eta Euskadiko Elikaduraren Klusterrak emandakoak.

Sariak bi urtean behin ematen dira, eta aurten bigarren edizioa dute, elikagaien sektoreari balioa ematea eta enpresen praktika onak sustatzea helburu hartuta. Sariak azaroaren 21ean banatuko dira, Bilboko Bizkaia Aretoan egitekoa den ekitaldi batean.

Sarietako epaimahaiburu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde eta AZTIKO lehendakari Bittor Oroz izango da, eta epaimahai horrek hiru kategoria bereizi ditu: merkatuetako berrikuntza, negozio bide berriak identifikatu dituzten enpresentzat; berrikuntza teknologikoa, kontsumitzaileen artean behar berriak interpretatzen jakin duten eta horiei erantzun arrakastatsua eman dieten enpresentzat; eta, azkenik, enpresa berrikuntza, euren ekoizpenean prozesu berritzaileak txertatzeko gai izan diren konpainientzat.

Merkatuetako berrikuntzaren kategorian, Eroski elikagai banaketako enpresa saritu dute epaimahaikideek, osasunaren, iraunkortasunaren eta tokiko produktuaren aldeko apustuan aitzindaria delakoan. Gainera, Mondragon Korporazioaren kooperatiba honi elikadura kateko beste enpresa batzuk egituratzeko daukan gaitasuna aitortu diote adituek, baita online erosteko kanala garatzeko egiten duen ahalegina ere.

“Eroskik kontsumitzailea bihurtu du produktu osasungarrien hautaketako benetako protagonista, bere produktuetan nutrizio semaforoa sartuta (Nutri-score), tresna digitalak garatuta (Ekilibria) eta beste zenbait ekimen gauzatuta, elikagai talde guztiak ahoratzean izaten ditugun ohiturak hobetu eta egokitzeko. Produktu osasungarrien aldeko apustua ere egin du, eta aitzindaria izan da trans koipeak kentzen eta bere marka propioko produktuetan azukrea, gantza eta gatza murrizten”, epaiaren arabera.

Berrikuntza teknologikoaren kategorian, berriz, zeina bideratuta dagoen produktu edo irtenbide berrien sorkuntza aitortzera, Echebastar tunidoen euskal arrantza enpresa saritu dute, merkatuan arrakastaz sartu duelako atun ultraizoztuaren lerro berria, Alakrana markarekin merkaturatua, hots, kalitate bereiziko eta balio erantsi handiko produktu berritzailea.

“Echebastar gai izan da lehiakideekin alderatuta balio argia eta bereizia duen proposamena kontsumitzaileari eskaintzeko. Enpresak produktu garbia eskaintzen dio kontsumitzaileari, hainbat formatu eta errezetatan aurkeztua ‒tatakia edo ketua‒, eta, gainizozte sistema baten bidez eta ekoizpen eta hornidura kate osoaren kontrolaren bidez, produktu %100 naturala eskaintzea lortu du, gehigarririk gabe eta arrantza iraunkorrarekiko konpromisoa izanda”, arrazoitu du epaimahaiak.

Azkenik, Txabarri Txakolina familia upategiak irabazi du enpresa berrikuntzaren kategorian emandako saria, ardo landaketetako monitorizazio prozesuan eta mahats bilketa selektiboan droneen erabilera inplementatzeagatik.

“Prozesu berriak dakar doitasunezko nekazaritza esaten zaion horretan 4.0 teknologiak sartzea, eta hori berrikuntza garrantzitsua da hasierako egoerarekiko, bai ekoizpen prozesuetan eragindako originaltasunagatik eta aldaketagatik, bai sektore horretan erabilitako teknologia eta tresnen berritasunagatik”, gaineratu dute epaimahaikideek.

Epaimahai aditua

Oroz sailburuordeaz gain, sarien aurreko edizioko enpresa irabazleetako ordezkariek ere parte hartu dute epaimahaian: Ignacio Muñoz, Angulas Aguinagako CEO; Javier Uriz, Fortaleza Kafea Taldeko zuzendari nagusia; eta Javier Ruiz de Galarreta, Araex Grands Spanish Fine Wineseko lehendakaria eta CEO. Sektorearen berrikuntzan ospe handia duten beste hiru aditu independentek ere parte hartu dute: Leire Bilbao Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren CEO, Jaime Martin Lantern aholkularitza enpresaren bazkide sortzaile eta CEO, eta Marta Vallbe Loop Unique Companieseko kontsumo handiko zuzendaria.

2017ko lehen edizioan, sariok Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Sariak izena zuten; orain, berriz, BTEM Sariak, hau da, Berrikuntza, Teknologia, Enpresa eta Merkatuaren siglekin osatutako izena.

Azaroaren 21eko sari banaketak topagune bat izan nahi du, eta han elkartuko dira elikaduraren balio kateko eragile guztiak.

Azken berriak