NAGORE PICAZA. Berrikuntza Teknologikoan aditua. AZTI

Nola aldatzen da kontsumoa inkomunikazio garai hauetan? Gure ohituretara itzuliko gara krisia amaitzean? Zein aukera ikusten ari dira orain, eta COVID-19aren ondoren?

Asteotan bizi ditugun ezohiko baldintzek eragin zuzena izan dute kontsumo-ohituretan, batik bat elikaduran. Ostalaritza ia erabat itxita dagoen honetan, etxera eraman dugu kontsumo guztia. Batez ere supermerkatuetan eta hurbileko dendetan erosten dugu, eta, neurri txikiagoan bada ere, prestatutako jakiak ere kontsumitzen ditugu. Horrekin batera, izugarri ugaritu dira onlineko erosketak. Nahiz eta oraindik goiz den ikusteko zeintzuk izango diren epe luzeko ondorioak, AZTI-Joeren Behatokiak txosten bat argitaratu du, non aipatzen baitu zeintzuk diren sektorean eragin handiena izaten ari diren ohitura aldaketak. Helburua da joera horiek baliagarri izan daitezela enpresentzat, aukera berriak bila ditzaten.

Hasieran, alarma egoerak elikagaien pilaketa ekarri zuen, batez ere premia biziko produktuak eta elikagai ez galkorrak, baina denborarekin, erosketak egonkortu egin dira. Plazerarekin eta esperientziarekin hertsiki lotutako elikagai berriak sartu dira erosketa saskian, hala nola mokaduak, postreak eta janaurrekoak.

Orobat hazi da osasun, higiene eta norbere buruaren zaintzarekiko kezka, eta hori nabarmena da nutriente asko dituzten elikagaien, garbiketako produktuen eta edertasun pertsonaleko artikuluen salmentetan, hala dio Nielsen aholkularitzak. Joera globala da: bitamina eta probiotiko gehiago dituzten produktu eta osagarri askoz gehiago merkaturatzen ari dira Europan. Azkenik, etxeko sukaldaritzak ere nabarmen egin du gora, etxean igarotzen dugun denbora aprobetxatzen baitugu jakiak hutsetik prestatzeko.

Kontsumo-ohituren aldaketa horrek lehendik existitzen ziren hainbat joera indartu ditu, eta baita ere berriak sortu, zeintzuek epe luzeko eragina izan baitezakete sektorean. Txostenak aipatzen du aukera berriak sortuko direla balore berriak dituzten produktuak merkaturatzeko, bai eta onlineko erosketa-esperientzia hobetzeko.

Kontsumitzaileen artean, gero eta gehiagok bilatzen dituzte defentsak hobetzen dituzten elikagaiak, baina baita ere ongizate mentala eskaintzen dutenak eta aldartea hobetzen laguntzen dutenak. Horrez gain, kontuan hartu behar da esperientzien kontsumoa, elikadura gozamenarekin eta dibertsioarekin lotzen dituena. Halaber, aintzat hartu behar dugu higienearen garrantzia, are gehiago egun hauetan. Horrek eragina dauka elikagaietan, baina baita ere establezimenduetan eta topalekuetan, eta kontuan hartu beharreko balore bat da.

Espero liteke Internet bidezko erosketek goranzko bideari eutsiko diotela etorkizun hurbilean, beraz, beharrezkoa izango da onlineko erosketa-esperientzia ona bermatzea eta etxerako zerbitzuak nahiz click & collect zerbitzuak ahalbidetzea. Era berean, aukera bikaina izango da aurrera egiteko merkataritza digitaleko formatu murgiltzaileagoetarantz.

Azkenik, marken papera azpimarratzen da eszenatoki honetan: “hurbilago eta enpatikoago agertu behar dute, konpromisoa hartuz herritarren segurtasunarekin eta osasunarekin”. Zentzu horretan, aukera paregabea izango dute komunitatea sortzeko, ekintza solidarioak garatuz edo pertsonei balioa emango dieten komunikazio kanalak irekiz.

Euskarazko testua: SPRI

Azken berriak