Bizkaiko Golkoko antxoa duela 30 urtekoa baino txikiagoa da
Azken berriak
Gliderak: itsasoa behatzeko teknologia aitzindaria
Proiektu pilotu batek Kantauri itsasoan hegalaburraren arrantza berreskuratzea du helburu
"Etorkizuneko elikadura: estrategia geopolitikoak eta jasangarritasuna elikagai-katean" jardunaldia izango da Bilbon
- AZTI zentro teknologikoak espeziearen tamaina txikiagoaren ebidentzia zientifikoen hiru hamarkada biltzen dituen azterketa berri bat egin du.
- Ikerketaren emaitzek zenbait faktoreren interakzio konplexua arrazoi bezala iradokitzen dute, hala nola tenperatura eta populazioaren ugaritasuna.
- Azterketaren emaitzak Global Change Biology aldizkarian argitaratu dira. https://doi.org/10.1111/gcb.17047
Sukarrietan, 2023ko abenduaren 4ean.- AZTI zentro teknologikoak, itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatuta dagoenak, Bizkaiko Golkoko antxoaren tamaina txikitzen duten ebidentziak aurkitu ditu hiru hamarkadako (1990etik 2021era) datu zientifikoetan. Azterketaren emaitzak Global Change Biologyi aldizkari ospetsuan argitaratu dira.
Zehazki, AZTIko adituek Europako antxoaren ale helduen batez besteko neurria eta pisua nabarmen jaitsi direla ikusi dute (Engraulis encrasicolus L.). Analisien arabera, aleak txikiagoak izateaz gain, forma lerdenagoa hartzen dute.
“Pisuaren murrizketa luzera osoarena baino handixeagoa da, azken hogei urteetan baino murrizketa-tasak azkartu egin baitira hamarkada bakoitzeko %25eraino”, nabarmendu du Fernando Taboadak, AZTIren lanaren autore nagusietako batek.
Aldaketa horiek, neurri batean, ozeanoen berotzearekin lotzen diren arren, azterketan parte hartu duten ikertzaileek ingurumen-faktoreen elkarreragin konplexua iradokitzen dute, eta baztertu egiten dute arrantza-presioak eragin adierazgarria izatea.
“Antxoa ugariagoa den heinean, aleak txikiagoak dira, baina populazio-dentsitatearekiko erlazio hori ez da hain argia etapa aurreratuagoetan, non tenperatura izan baita tamaina txikitzeko arrazoi nagusia”, erantsi du Guillem Chust-ek, azterlanaren egileetako batek.
Temperatura-neurria erregela
“Oro har, ur beroagoetan bizi diren arrain gazteen hazkuntza ur hotzagoetan jaiotakoena baino bizkorragoa da; hala ere, tenperatura altuagoak geroagoko garapena geldiarazten du, eta, hala, helduek gorputz tamaina txikiagoa hartzen dute, adituen esanetan, temperatura-neurria erregela deritzona (TSR, bere izenaren siglak ingelesez)”.
Ikertzaileek bi hipotesi ekogeografiko berretsi dituzte uraren tenperatura aldatzen denean arrainen tamaina nola aldatzen den eskala handian ebaluatzeko: lehenak ezartzen du erlazio estua duten arrain-espezieak konparatzean (adibidez, Engraulis generoko espezieak), oro har arrainak handiagoak izaten direla ur hotzagoetan. Bigarrena espezie bereko beste populazio batzuetan oinarritzen da. Zentro teknologikoak egindako behaketen arabera, oro har, Europako antxoa-populazioetako indibiduoak handiagoak izaten dira itsaso hotzenetan.
Hala ere, AZTIk adierazi duenez, “ezinbestekoa da zuhurtziaz jardutea, ikerketa behaketetan oinarritzen baita eta mugak baititu. Froga osagarriek diote, hala ere, antxoaren tamaina txikitzea Bizkaiko Golkoko klimaren aldaketen eta ekosistemaren funtzionamenduaren erantzunaren adierazle izan daitekeela”.
Europako LIFE Urban Klima 2050 eta SEAWISE proiektuen babesa jaso du ikerketa honek. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren Sailaren laguntza izan du, FEMPA proiektuen bidez; eta Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren laguntza ere izan du, Berreskuratze Planeko Next Generation funtsen bidez.
[1] Taboada, F. G., G. Chust, M. Santos Mocoroa, N. Aldanondo, A. Fontán, U. Cotano, P. Álvarez, M. Erauskin-Extramiana, X. Irigoien, J. A. Fernandes-Salvador, G. Boyra, A. Uriarte, and L. Ibaibarriaga. 2024. Shrinking body size of European anchovy in the Bay of Biscay. Global Change Biology 30:e17047. DOI: https://doi.org/10.1111/gcb.17047