• Gaur agente publikoek eta pribatuek izenpetu duten manifestuaren helburua da esfortzuak batzea 2030ean alferrik galtzen ditugun elikagaiak %50 gutxiago izan daitezen.
  • AZTI, ekimen honen parte sortu zenetik, konpromisoa bi atalekin hartu du batez ere: Elikagaiak xahutzen diren euskal elikakateko puntuak eta xahutze horien kausak identifikatzeko beharrezko informazioa ematea; eta elikagaiak guztiz aprobetxatzeko irtenbide berritzaileak aztertzen eta martxan jartzen laguntzea.

logo EZ xahutzeari(Bilbo, 2018ko urriaren 3an) Gaur goizean “Elikagaien Xahuketarik ez Euskadin” izeneko manifestua izenpetu da, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak, Gastronomia eta Elikadura Planaren barruan, Elika Fundazioaren bitartez bultzatutako ekimena. Erakunde eta instituzio publiko eta pribatuek eta euskal elikagaien katea osatzen duten sektoreko hainbat agentek izenpetu dute manifestua, jakin badakite-eta elikagaien xahuketa murrizteko beharrezkoa dela elkarlanean aritzea, kontzientziatuta egotea eta lana etengabe egitea.

AZTI, hasieratik ekimen honen parte, izenpetu duten erakundeetako bat izan da, eta bere konpromisoa bi atalekin da batez ere: Elikagaiak xahutzen diren euskal elikakateko puntuak eta xahutze horien kausak identifikatzeko beharrezko informazioa ematea; eta elikagaiak guztiz aprobetxatzeko irtenbide berritzaileak aztertzen eta martxan jartzen laguntzea.

Gizarte osoaren lankidetza, kontzientziazioa eta lan etengabea beharrezkoak dira erronka lortzeko

FAOren arabera, giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien herena hondatu egiten da edo alferrik galtzen da mundu osoan, hau da, ia 1.300 milioi tona urtean.

Europar Batasun osoan, 88 milioi tona elikagai zaborretara botatzen dira. Elikagaiok ekoiztearen eta ezabatzearen ondorioz, 170 milioi tona CO2 isurtzen dira, eta 26 milioi tona baliabide erabili behar izaten dira.

Euskadin, kalkulatzen denez (diagnostiko kuantitatiboa oraindik ez dago bukatuta), urtean 350.000 tona elikagai inguru xahutzen dira.

Nazio Batuen Erakundeak, garapen jasangarrirako helburuen barruan, proposatzen du 2030erako erdira murriztea mundu osoko per capita elikagaien xahutzea hala txikizkako salmentan nola kontsumitzaileen mailan, eta elikagai gutxiago galtzea ekoizpen- eta hornidura-kateetan zein uztaren ondoren.

Era berean, eta nahiz eta mundu osoan nahikoa elikagai ekoizten den, gosea da oraindik garapenaren erronka premiazkoenetako bat. Gaur egun galtzen diren elikagaien erdiarekin bakarrik, goseak dauden biztanle guzti-guztiak elika litezke.

Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritzaren beste plan batzuekin bat eginez (Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa, 2020ko Ingurumen Esparru Programa, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020ko Plana), Euskadiko Elikagaien Xahuketaren Aurkako Ekintza Plana prestatzen ari da, Elika Fundazioaren bitartez. Plan horren esparruan, lan-mahai bat eta lantalde espezifikoak eratu dira, eta hainbat administraziok eta elikakateko eragile guztien ordezkariek parte hartzen dute eta parte hartuko dute horietan, horien barne AZTI dagoelarik.

Elikagai-soberakinak prebenitzeko, murrizteko, berrerabiltzeko eta berriz balioa emateko erronka lortzeko, administrazio publikoek ez ezik, gizarte oso-osoak esku hartu behar du: sektore ekonomiko guztiek (ekoizpen primarioa, eraldaketa, banaketa, ostalaritza, jatetxeak, sukalde zentralak…), ikerketa- eta teknologia-zentroek, unibertsitateek, erakunde sozialek eta bereziki herritarrek.

Horregatik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren Sailburuordetzak, prestatzen ari den Ekintza Planaren barruan, honako manifestu hau egin du, Elikagai Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma sor dadila sustatzeko.

Manifestu hau sinatzen dugun erakunde eta elkarte publiko eta pribatuak eta eragileak jakitun gara lankidetza, kontzientziazioa eta lan etengabea beharrezkoak direla elikagai-xahuketa murrizteko.

 

Azken berriak