TRIENAL MEGS
Atlantiko ipar-ekialdeko berdel eta txitxarroaren biomasa estimatzeko MEGS kanpaina

Testuingurua eta helburuak
Berdel eta txitxarroaren arrautza-kanpainaren (MEGS, Mackerel and horse mackerel EGg Surveys) helburu nagusia da datu biologiko eta hidrografikoak biltzea, horien bidez kumeak ematen dituzten populazioen biomasa-indizea (SSB, Spawning Stock Biomass) kalkulatzeko berdelarentzat (Scomber scombrus L.), eta txitxarroaren (Trachurus trachurus L.) mendebaldeko populazio ugaltzailearen ugaritasun erlatiboaren indizea sortzeko Atlantiko ipar-ekialdean.
Kanpaina hauek hiru urterik behin egiten dira, Kadizetik (hegoaldean) hasi eta Islandiako uretara (iparraldera) iristen dira, eta Europako hamar nazio eta hamaika ikerketa-zentrok hartzen dute parte. Populazio horien ugalketa-biomasa estimatzeko arrautza-ekoizpenaren metodoa erabiltzen da. Metodo horrek espezie bakoitzaren ugalketa-estrategiara egokitutako bertsioak ditu: MEGS kanpainetan, aldi berean aplikatzen da metodo urtekoa berdelarentzat eta egunerokoa berdel eta txitxarroarentzat.
2019tik aurrera, Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES, International Council for the Exploration of the Sea) inguruko beste lan-talde batzuen eskaerei erantzunez, merluzaren (Merluccius merluccius L.) eta marukaren (Molva molva L.) arrautzen identifikazioa ere sartu da azterketan.
AZTIk du ardura Bizkaiko Golkoan 49ºN paraleloa arteko laginketa egiteaz, martxotik maiatzera bitartean.
Jarduerak
Jarduerak hiru bloketan bana daitezke:
- Kanpainaren aurretik
Kanpaina bat planifikatzea lan zehatz eta luzea da. Prozesua sei hilabete lehenago hasten da, Espainiako jurisdikziotik kanpo laginketak egiteko beharrezko baimenak kudeatzeko. MEGS kanpainaren kasuan, Frantziari, Erresuma Batuari eta Irlandari eskatzen zaizkie baimenak.
Gainera, Ozeanografia-Itsasontzien (B/O) erabilera koordinatzen da Espainiako Ozeanografia Institutuarekin eta Arrantza Idazkaritza Nagusiarekin, eta B/Oen erabilera-egutegi ofizialetan txertatzen da. - Kanpaina garaian
Kanpainako jardueren artean daude plankton-materiala biltzea Bongo sareekin eta arrain helduen harrapaketa sare pelagikoekin. Halaber, datu hidrografikoak jasotzen dira —tenperatura, gazitasuna eta klorofila— CTD tresneriarekin (Conductivity, Temperature, Depth). - Kanpainaren ondoren
Lurrean, laborategiko lana hasten da: (1) espezie helburuen arrautzen identifikazioa eta garapen-fasearen zehaztapena; eta (2) emeetako ugalketa-parametroen neurketa, hala nola emankortasuna, atresia edo arrautzaldi-maiztasuna, eta bestelako datu biologikoak (tamagaina, pisua, adina, sexua eta heldutasun sexuala).
Herrialde parte-hartzaile guztiek jasotako datuak ICESek sortutako datu-base komun batean sartzen dira, eta horien analisiak ematen du arrautza-ekoizpenaren eta populazioen biomasa-estimazioa.
Erlazioa eta eragina
MEGS kanpainek funtsezko zeregina dute berdel eta txitxarroaren stocken ebaluazioan eta kudeaketa iraunkorrean Atlantiko ipar-ekialdean. Sortutako informazioa ezinbestekoa da ICESeko WGWIDE (Widely Distributed Stocks) taldearentzat, zeinak zientzia-gomendioak egiten baititu arrantza-kuotei eta stockaren egoerari buruz. Gomendio horiek Europako Batzordera igarotzen dira arrantza-politikak erabakitzeko.
MEGS kanpainek ikuspegi zorrotza eta estaldura geografiko zabala eskaintzen dute —Portugal hegoaldetik Islandiara—, eta horri esker, serie historiko sendoak mantendu eta kudeaketa-erabakiak datu zientifiko eguneratuetan oinarritzen direla bermatzen da. Gainera, espezie hauen populazioetan eragina duten hainbat parametro biologiko eta ingurumeneko buruzko informazio baliotsua ematen dute.
Emaitzak
- Artikulu zientifikoa: Species acclimatization pathways: Latitudinal shifts and timing adjustments to track ocean warming
- Emaitzen txostena: Working group on mackerel and horse mackerel egg surveys (WGMEGS)
Lotutako informazioa
Bazkideak |
Instituto Español de Oceanografía (IEO,España), Instituto de Investigacao das Pescas e do Mar (IPMA,Portugal), Marine Laboratory Aberdeen (MSS, Escocia), Thünen Institute Fischerei (Tvi, Alemania), Marine Institute (MI, Irlanda), Wageningen Marine Research (WMR, Holanda), Institute of Marine Research (IMR, Noruega), Technical University of Denmark (DTU, Dinamarca), Fisheries Marine Institute (FMI, Islas Faroes), Fisheries Marine Institute (FMI,Islandia), Centre for Environment, Fisheries and Aquaculture Science (Cefas, UK) |
Iraupena |
Hiru urtetan behin, 1999tik |
Finantzaketa |
Eusko Jaurlaritza – Gobierno Vasco Fondo Europeo Marítimo, de Pesca y de Acuicultura (FEMPA)ren bitartez |
