● ICES Konferentzia Zientifikoak ozeanoen erabilera jasangarriaren aldeko azken aurrerapenak aurkeztuko ditu irailaren 11tik 14ra Bilboko Euskalduna Jauregian.
● Europako eta Ipar Amerikako 750 profesional, ikerketa-institutuetako buru eta arduradun politiko baino gehiago izango dira ekitaldian
● AZTI zentro teknologikoa, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) urtero sustatzen duen ekimenaren anfitrioia izango da.

Bilbo, 2023ko irailaren 11 – Euskadi itsas ikerketako munduko aditu nagusien topagune bihurtuko da irailaren 11tik 14ra, Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES, ingelesezko siglen arabera) Urteko Konferentzia Zientifikoaren (ACS) barruan. Konferentzia horrek ozeanoen erabilera jasangarriaren aldeko azken aurrerapenak aurkeztuko ditu Bilboko Euskalduna Jauregian.

AZTI zentro teknologikoak esperientzia handia du eta erreferentea da nazioartean arlo zientifiko honetan, eta itsas zientzietako 750 profesional baino gehiagoren, ikerketa-institutuetako liderren eta Europako eta Ipar Amerikako herrialdeetako arduradun politikoen anfitrioia izango da. Horiek Euskadira hurbilduko dira itsas ekosistemen jasangarritasuna hobetzeko beharra eztabaidatzeko eta bateratzeko.

“Gero eta arreta handiagoa jartzen zaio gure ozeanoen garrantziari ingurumen- eta ekonomia-erronkei aurre egiteko orduan, bai estatu mailan bai nazioartean, eta, horregatik, konferentzia hau hemen egitea funtsezko itsas mugarria da Euskadirentzat eta Bizkaiarentzat”, nabarmendu du Rogelio Pozo AZTIko CEOak.

Foroak, zientzialariek ere online jarraitu ahal izango dutena, ozeanoarekin lotutako gai interesgarriei eta gaurkotasunari buruzko hitzaldi, lan-saio eta mahai-inguruen programa zabal batean jorratuko du, eta arreta berezia jarriko du haren iraunkortasunaren alde zientzia, datuak eta aholkularitza emateko egiten ari den lanean.

ICES_ASC23

Erronkak eta aukera berriak

Konferentzia honetan aurkeztutako lorpen zientifikoak lagungarriak izango dira itsasoko eta kostaldeko ekosistemek gizarteari ekartzen dizkioten onurei eustea bermatuko duten eta pertsonen osasuna, ekonomia eta bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetuko duten oinarriak ezartzeko. Onura horiek, zerbitzu ekosistemikoak deituak, itsas eta giza sistemen erresilientzia klima-aldaketara egokitzeko eta handitzeko testuinguru batean aztertuko dira.

Ekimenak Garapen Iraunkorrari buruzko Munduko Gailurraren, 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren eta Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentarauaren (MSFD) helburuen irismenean aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko du. Era berean, Arrantza Politika Bateratua osorik ezartzea erraztuko du, itsasoak eskaintzen dituen zerbitzuen eta onuren parte diren habitaten eta espezieen kontserbazio-egoera ona bermatzeko.

Gainera, nazioarteko ekitaldi hau erakartzea tokiko aberastasuna sortzearen aldeko apustu berri bat da, Euskadira ekitaldi bereziak erakarriz. Horrela, konferentzia honen alderdi tekniko eta zientifikoei buruzko emaitzetatik haratago, kalkulatzen da 380.000 eurotik gorako eragina izango duela, eta urtean 3.8 lanposturi eusten lagunduko duela. Ostalaritza, I+G, kultura-zerbitzuak, txikizkako merkataritza eta garraioa dira sektore onuragarrienak.

Hitzorduak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa du, eta Marine Instruments enpresa galiziarraren laguntza dauka.

Azken berriak