• Garatutako tresnak alderdi teknikoak, ingurumenekoak eta sozioekonomikoak hartuko ditu kontuan, Gipuzkoako Foru Aldundiari ezagutza zientifikoan oinarritutako irizpide batzuk eman ahal izateko, Gipuzkoako kostalderako sortu daitezkeen proposamenen kokapen hoberenak ebaluatzeko.
  • Energia berriztagarri alternatiboak bilatzea, tartean olatuen energia eta offshore eolikoa, lehentasunezko jarduera ardatza da EnergiBasque Euskadiko Energia Estrategiaren planaren barruan.

(Pasaia, 2018ko azaroaren 20a) Euskadik, 150 kilometro baino gehiagoko kostaldearekin, ahalmen handia dauka olatuetatik energia sortzeko.Ahalmen hori ahalik eta gehien baliatzeko eta instalazio eta mantenu-kostuak gutxitzeko, beharrezkoa da offshore itsas energiak garatzeko gunerik egokienak hautatzea, bai aurkezten duen potentzial energetikoari dagokionez bai lekuaren ezaugarriei dagokienez (adibidez, sakontasuna, hondo tipoa edo lurrerako distantzia). Gainera,  itsasoaren planifikazio espaziala egin behar da, itsas espazioaren gaineko erabileren (arrantza, turismoa, itsas kirola, etab.) eta eskubideen kudeaketa optimizatzeko eta ozeano eta itsasoen kudeaketa ekosistemiko eta jasangarria mantentzeko.

Hori egiteko, AZTI tresna berri bat garatzen ari da, olatuen energia bezalako offshore (itsas zabalekoak) itsas berriztagarrien proiektuak Gipuzkoako kostaldeko lekurik egokienean kokatzeko, eraginkortasunik handiena lortzeko. Tresnak kontuan hartu beharreko faktore guztien analisi eta ebaluazio osatua egingo du: teknikoak, ingurumenekoak eta sozioekonomikoak. Proiektuak, alderdi horiek denak kontuan hartzen dituenez, erabakitzeko tresna bat emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, itsas energia berriztagarrien inguruko proposamenen jasangarritasuna eta egokitasuna eraginkorrago ebaluatzeko, ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoan oinarritutako irizpide batekin. Horrenbestez, aurrea hartuko dio egoerari, eta erantzun arin, azkar eta sendoa emango die kokapenak erabiltzeko etor daitezkeen eskaerei.Tresna 2019aren amaieran egongo da eskuragarri.

 Itsas energia berriztagarri berriak

Jada 2007an, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Olatuen Energiaren Atlasa enkargatu zuen, ahalmen energetikoa ebaluatzeko xedearekin.Atlas horren arabera, zegoen teknologiarekin, aurreikusi zen urteko 1.200-1.600 GWh-ko potentzial teknikoa zegoela, hau da, EAEko kontsumo elektriko guztiaren %6-8 inguru.

Ahalmen hori dagoela aitortu du Eusko Jaurlaritzak 2020ko Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) – EnergiBasque.Estrategia hori jauzi kualitatiboa da estrategia integral bat egituratzeko, Euskadi industri garapenaren ezagutza eta erreferentzi gune moduan kokatzeko.Arlo energetikoen artean olatuen energia eta offshore eolikoa hautatu dira, dagoen eskaera energetikoa iturri berri iraunkorragoekin ordezteko eta, halaber, energia ekoizteko gunea itsaso zabalera eramateko.Esparru horretan, AZTI figura esanguratsua da.

 

Azken berriak