• Marka elektronikoen erabileraren bidez, zentro teknologikoak hegaluze gazteen bi urte jarraituren arteko migrazio osoaren lehen ebidentzia zientifikoa lortu du, eta horrek hibernatzeko helmugari buruzko informazioa ematen du.
  • Bildutako informazioak espezieen biologiari eta ekologiari buruzko datu independenteak ematen ditu, eta arrantza kudeaketa hobetzen laguntzen du.
  • Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) Atlantikoko atun zurirako gaur egun duen markatze programaren parte da egiten ari den jarraipena, Batzordeak eta Europar Batasunak finantzatuta

Sukarrieta, 2022ko urriaren 4a– Duela zenbait hilabete, Frantziako Vincent Galland ontziak hegaluze ale bat harrapatu zuen Irlandako hegoaldean. Arrainak 85 cm neurtzen zuen, 11,6 kiloko pisua zuen eta… sorpresa bat gordetzen zuen. Bere erraietan marka elektroniko zuen ezkutatuta, miaketarako gailu txiki bat, bi urte lehenago Iñigo Onandia itsas ikertzaileak bere aita Romanen ontzian jarri zuena, Bilboko Abratik 12 milia iparraldera. Aleak 70 zentimetro zituen orduan, eta 7 kilogramo inguru pisatzen zuen.

Behin marka berreskuratuta, AZTIren laborategietara bidali zuten, eta han ikertzaileek beste sorpresa bat izan zuten: lehen aldiz, hegaluze gazte baten migrazio ibilbidea erregistratuta geratu zen bi urtez jarraian.

“Atlantikoko hegaluze batean marka elektroniko bat sartu eta urtebete baino gehiago geroago berreskuratu ahal izan den lehen kasua da. Horri esker, espezieari buruz ezezaguna zitzaigun informazioa dugu eskura. Bagenekien udazkenean eta udaberrian desagertzen zela, baina ez non hibernatzen zuen”, azaldu du Iñigo Onandia AZTIko arrantza kudeaketa jasangarriko adituak.

Zehazki, erabilitako marka elektronikoak hainbat aldagai neurtzeko aukera ematen du, hala nola arraina zein sakoneratan murgiltzen den, tenperatura (urarena eta atunaren barrukoa) eta argiaren intentsitatea. Horrela, zentro teknologikoko adituek alearen migrazio-ibilbidea kalkula dezakete, markatu zenetik.

Jasotako datuek agerian uzten dute, adibidez, hegaluze gazteek Bizkaiko golkora etorri direla hainbat uda jarraitutan, eta hibernatzeko helmuga erakusten dute, eta horrek atun zuriaren bizi zikloari buruzko ezagutza zientifikoa handitzen laguntzen du.

“Neguan, hegaluzeak Atlantikoko oso urruneko zonaldeak bisitatzen ditu (mendebaldean), non sakonera handian bizi baita (ehunka metrora arte; han, tretza bidez arrantzatzen da); Bizkaiko golkora egiten duen bisitan, berriz, gainazaletik gertu barreiatzen da, eta hor beita bizia, kaza eta arraste pelagikoa erabiliz harrapatzen da”, gehitu du AZTIko ikertzaileak.

Arrantzaren kudeaketa hobetzea

Marka berreskuratzeko jarduera Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea (ICCAT) Atlantikoko atun zuriaren inguruan garatzen ari den markatze programaren parte da, Batzordeak eta Europar Batasunak finantzatuta (Dirulaguntza hitzarmena – ICCATen erabakiak hartzeko oinarri zientifikoa indartzeko).

Ekimen horren esparruan, AZTI ari da hegaluzearen markatze elektronikoaren programa gidatzen, beste ikerketa erakundeekin lankidetzan. Horretarako, ezinbestean, arrantzaleek ere parte hartu behar dute, eta zentrora bidaltzen dituzte arrantza kanpainetan berreskuratutako marka elektronikoak. 

Trazabilitaterako teknologia hori modu kirurgikoan ezartzen da arrainen peritoneoan, eta aukera ematen du ingurunearen jarraipen zehatza egiteko eta egindako ibilbidearen estimazioa egiteko.

Horrenbestez, AZTI eta antzeko zentroek espezieen biologiari eta ekologiari buruzko datu independenteak lortzen dituzte, arrantzaren kudeaketa hobetzen laguntzeko.

“Populazioaren egituraren eta migrazioen definizio zehatza garrantzitsua da ebaluazioan egoten ziurgabetasuna minimizatzeko eta, ondorioz, arrantza kanpainen kudeaketa hobetzeko. Hori dela eta, arrainak markatzea eta berrarrapatzea bezalako metodologiak balio handiko pieza dira atunaren eta antzeko espezieen inguruko ezagutza zientifikoa hobetzeko, balio handiko espezieak izanik Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza ekonomiarako”, amaitu du Onandiak.

Azken berriak