Adimen artifiziala elikagaien erosketa osasungarri eta arduratsuaren zerbitzura
Azken berriak
Gliderak: itsasoa behatzeko teknologia aitzindaria
Proiektu pilotu batek Kantauri itsasoan hegalaburraren arrantza berreskuratzea du helburu
"Etorkizuneko elikadura: estrategia geopolitikoak eta jasangarritasuna elikagai-katean" jardunaldia izango da Bilbon
• ASSIST webgune interaktiboak aukera emango die haurrak dituzten familiei elikadura-ohiturak hobetzeko gomendio pertsonalizatuak jasotzeko
• Tresnak, app batekin batera, erosketa-portaerak, iritziak, lehentasunak eta erabiltzaileen jarrerak jasoko ditu
Derion, 2020ko irailaren 30ean. – AZTI zentro teknologikoak, AITalentum adimen artifizialeko enpresak, Grupo AN elikagai-kooperatibak eta Turingo eta Helsinkiko unibertsitateek bat egin dute EIT Food partzuergo europarrak finantzatutako proiektu batean, ASSIST izeneko webgune interaktibo bat garatzeko. Honen bitartez haurrak dituzten familiek nutrizio osasungarrirako gomendio pertsonalizatuak jasoko dituzte elikadura-ohiturak hobetu ditzaten, erosketa-portaerak, iritziak eta lehentasunak kontuan hartuta. Plataforma Interneten dago eskuragarri eta Android eta iOSerako aplikazio bat du irailetik.
Aplikazioa erregistratu eta deskargatu ondoren, familiek adituek prestatutako informazio eta aholku erabilgarriak jasoko dituzte, elikadurarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegiak jasoko dituzten banakako galdetegietan parte hartuko dute, eta gaikako foroetan beste gurasoekin elkarreraginean arituko dira.
Horrez gain, supermerkatuko tiketak aztertuz, elikagaien erosketa-portaera sakonki ezagutuko dute. AZTIko elikagai berrietan aditua eta proiektuaren arduraduna den Elena Santa Cruzen hitzetan, “ASSISTek ikaskuntza automatikoko adimena (machine learning) eta ikerketa soziala aplikatzen ditu kontsumitzaileen portaera sakon ezagutzeko, bereziki haurrak dituzten familiena, eta profil bakoitzera egokitzeko beharrezkoak diren elikadura-ohituren aldaketak. Teknologia horien bidez, egiten diren ekintzak askoz eraginkorragoak eta arrakastatsuagoak dira “.
Elikagaien industriarentzat ere interesgarria izango da ASSIST, kontsumitzaileen portaerari eta lehentasunei buruzko ezagutzak lortuko baititu. Zentzu horretan, Santa Cruzek zera gehitu du du: “Familien kezkak hobeto ezagutzeak aukera emango die elikagaien industriako eta ostalaritzako enpresei beren targetak hobeto profilatzeko, elikagai berriak diseinatzeko edo egungo zorroa egokitzeko, informazio fidagarria izanda, eta egungo joerei erantzuteko, haien etekinak handitzea sustatuko baitute, eta hori eskertzekoa da egungo ziurgabetasun-egoeran“. Horrela, ASSIST plataformak eta bere aplikazioak bat egiten dute AZTIko Kontsumitzaileen Ikerketa eta Zientzia sentsorialen Laborategiak elikagaien industriari eskaintzen dizkion zerbitzu eta soluzioen zorroarekin.
Plataformak aukera emango du, halaber, datu anonimoak biltzeko eta azterketa fidagarri bat egiteko, seme-alabak dituzten familien nutrizioari buruzko iragarpen-ereduak egiteko. Ikaskuntza automatikoko ekintzek elikadurarekin lotutako erabakiak hartzea erraztuko dute, bizimodu osasuntsuagoak sustatuko dituzte, kontsumitzaileen konfiantza kuantifikatuko dute eta elikadura-hezkuntzako kanpaina segmentatuagoak eta eraginkorragoak egingo dituzte.