• AZTI buru duen ikerketa batek pH-aren jaitsiera jarraitua atzeman du Bizkaiko golkoko uretan, eta baieztatu du klima-aldaketak euskal kostaldeko ozeanoaren kimikan ere eragina duela.

Sukarrieta, 2025eko azaroaren 18a. Euskal kostaldeko itsasoa isilean ari da aldatzen. 2002 eta 2022 bitartean jasotako 21.700 neurketatik gora aztertuta, ikusi da uraren pH-a etengabe jaisten ari dela; hau, atmosferako karbono dioxidoaren gehikuntzak eragindako ozeanoen azidotzearen seinale argia da.

Continental Shelf Research aldizkarian argitaratu den ikerketak erakusten du pH-a 0,022 eta 0,041 unitate artean jaisten ari dela hamarkadako, itsas gainazaletik 100 metroko sakoneraraino doan itsas geruzetan. «Joerak erritmo berean jarraitzen badu, itsas ekosistemen osasunean ondorio garrantzitsuak egon daitezke», azaldu du Ernesto Villarinok, AZTIko ikertzaile eta lanaren egile nagusiak.

AZTIIk zuzendutako ikerketa hau, Naturklima Fundazioak bultzatu du, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Itsas Behatokiaren baitan, eta Andaluziako Itsas Zientzien Institutua (ICMAN-CSIC) izan du lankide. Lan honek euskal kostaldeko pHaren jarraipenik luzeena aztertzen du, eta datuak URA – Uraren Euskal Agentziaren monitorizazio-sareak ematen ditu. Behatze-lan jarraitu honek berresten du Bizkaiko golkoa ere mundu mailako ozeanoen azidotze-prozesuan dagoela, eta azpimarratzen du beharrezkoa dela klima-aldaketaren aurkako neurriak eta egokitzapen politikak sendotzea.

acidificacion_golfo_bizkaia

Itsasoak CO xurgatzen du, baina honek kostu bat dauka

Ozeanoaren urak batez beste 8,1eko pH-a du gainazaleko geruzetan, hau da, apur bat basikoa da (7tik gorakoa). Azken hamarkadetan, ordea, balio hori pixkanaka jaitsi dela ikusi da, “ozeanoaren azidotzea” izeneko prozesuaren ondorioz.

Azidotzea atmosferako karbono dioxidoa itsasoak xurgatzearen ondorio zuzena da: prozesu horrek berotze globala moteltzen laguntzen du, baina aldi berean uraren oreka kimikoa aldatzen du.

Kantauri itsasoan, aldaketa honek karbonato kaltzikoa behar duten espezieei eragin diezaieke —adibidez, muskuilu eta beste bibalbio batzuei haien maskorrak osatzeko, edo koral eta krustazeoetako kaltzifikazio-prozesuei—, eta etorkizunean akuikulturaren jarduera mugatu dezake fenomenoa areagotuz gero.

Emaitzek erakusten dute, gainera, Bizkaiko golkoan azidotze-tasa batez besteko globala baino apur bat handiagoa dela, eta sakonera handiagoetan pixka bat areagotzen dela. Aztertutako hiru kostaldeko estazioek oso antzeko balioak erakusten dituzte, eta horrek adierazten du eredu homogeneoa dagoela euskal kostalde osoan.

Datu horiek kezka sortu diote ikertzaile taldeari, eta ohartarazi dute beharrezkoa dela behatzea eta ikerketa sendotzea, prozesu global honen tokiko ondorioak hobeto ulertzeko.

Egungo erritmoan jarraituz gero, ez da espero epe laburrean kalte larririk, baina klima-aldaketarekin lotutako beste faktore batzuek —uraren beroketa, oxigeno-galera, itsasoaren mailaren igoera edo muturreko fenomenoak— elkarrekin eraginez, espero baino lehenago bizkortu ditzakete inpaktuak.

Klima-aldaketaren adierazle nagusietako bat

pH-aren jarraipena ozeanoaren behaketa globaleko sistemak (GOOS) ezarritako ozeano-behatze adierazle nagusietako bat da. Ikerketa honen emaitzek berresten dute Bizkaiko golkoa ez dagoela salbu ozeanoen azidotze orokorretik, eta azpimarratzen dute ezinbestekoa dela behatze-sare iraunkorrak mantentzea.

Ikertzaileen arabera, soilik CO₂ isurien murrizketa jarraituak geldiarazi dezake prozesu hau, zeinak —uraren beroketarekin, oxigenoaren galerarekin eta itsasoaren mailaren igoerarekin batera— Kantauri itsasoaren oreka naturala mehatxatzen baitu.

Erreferentziazko artikulua:

  • Villarino, E., Essel, D. A., Citores, L., Larreta, J., Lopez, A., Borja, A., Flecha, S., González, M., Cuesta, L., Orue-Echevarria, D., Esteban, X., & Chust, G. (2025). Long-term pH trends across depth in coastal areas of the southeastern Bay of Biscay. Continental Shelf Research, 293, 105532. https://doi.org/10.1016/j.csr.2025.105532

Azken berriak