• Zentro teknologikoak eta itsas lantegiak akordio bat sinatu dute ontzi historikoak itsas ikerketarako plataforma bihurtzeko eta euskal itsas ondarea sustatzeko. 
  • Akordioari esker, besteak beste, Albaolak eraikitako ontziekin, Pasaiako itsas-mugikortasunaren deskarbonizazioarekin eta Ipar Atlantikoko itsas fenomenoen ikerketarekin lotutako proiektu zientifikoak garatu ahal izango dira. 

Pasaia, 2025eko apirilaren 3a – Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal itsas ondarearen balioa nabarmentzea eta zabalkundea egitea helburu duen ontziola-museoak, eta AZTI zentro teknologikoak, itsas arrantzaren eta elikagaien ikerketan espezializatuak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Euskadiko itsas kulturaren jasangarritasunaren aldeko ekimenak elkarrekin sustatzeko. 

Aliantzak, hasiera batean, hiru urte iraungo du, eta proiektu bateratuak sustatzea du helburu, euskal gizartearen artean itsas ondarearen gaineko interesa pizteko eta euskal ontzi tradizionalei buruzko ezagutza areagotzeko. Horretarako, bi erakundeak lankidetzan arituko dira hezkuntza-, gizarte- eta kirol-arloko hainbat elkarte eta erakunderekin. 

Akordioak Albaolako itsas arkeologiako eta itsas kulturako I+G proiektuaren eta AZTIren itsas ikerketako ildoen arteko lankidetza esturako oinarriak ezartzen ditu. 

“Sinergia hori aukera handia da ontzigintza tradizionala, nabigazio historikoa, itsas baliabideen kudeaketa jasangarria eta klima aldaketara egokitzea bezalako gaiak lantzen dituzten proiektu berritzaileak garatzeko, baita erronka globaletan sakontzeko ere, hala nola korronte ozeanikoetan, itsas biodibertsitatean eta muturreko gertaerak arintzean”, nabarmendu du Rogelio Pozo AZTIko CEOak. 

Albaola_Azti_convenio

San Juan baleontzitik Pasaiako uretako mugikortasunera 

Albaolaren eta AZTIren arteko akordioari esker, adibidez, XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplikaren etorkizunari lotutako proiektu zientifikoak bultzatu ahal izango dira. 

San Juan Albaolako eraikuntza lanik anbiziotsuena da, eta 2025ean amaitzea aurreikusten da. “Kanadan 30 urtez azterketa zientifikoa egin eta 10 urtez arkeologia-erreplika eraiki ondoren, gure ontzirik ezagunena da. Eraikuntza osatzen denean, ontziaren bidaiak  plataforma zientifiko gisa erabiliko dira, AZTIrekin lankidetzan, Ipar Atlantikoko fenomeno kritikoak aztertzeko ”, gaineratu du Xabier Agote Albaolako presidenteak. 

Era berean, lankidetza-hitzarmenak Ozentziyo itsasontzia, zurezko azken euskal arrantzontzietako bat, zaharberritzeko eta dinamizatzeko proiektua bultzatuko du. Ontzia martxan dagoenean, helburu pedagogikoekin erabiliko da ikasleentzat, elkarteentzat edo pertsona interesdunentzat. 

“Sortu ginenetik, euskal itsas ondarearekiko interesa sustatzea izan da beti helburua. AZTIrekin lankidetzan aritzeak gure lan arkeologikoa ikerketa ozeanografikoarekin lotzea ahalbidetuko digu, euskal gizartea historia ez ezik, egungo itsas erronketarako irtenbideak ere eramanez ”, azpimarratu du Agotek. 

Gainera, bi eragileek elkarrekin landuko duten beste ildoetako bat Pasaiako badian itsas mugikortasuna deskarbonizatzea ahalbidetuko duten soluzio berriak garatzea izango da. 

“Bi aldeek euskal itsas ondarea zaintzeko eta Pasaiako badiaren jasangarritasuna bermatzeko dugun konbentzimendu irmoarekin eta konpromisoarekin, akordio hau mugarri garrantzitsua da ezarrita ditugun helburuak lortzeko”, amaitu du Pozok. 

Azken berriak