AZTI eta Espainiako atun-flotak teknologia berriak garatu dituzte itsasontzietan marrazoak eta arrain manta espezieak segurtasun eta eraginkortasun handiagoz askatzeko
Azken berriak
AZTIk Euskal Gastronomiaren Akademiaren Ohorezko Saria jaso du
Itsasoa eta berrikuntza lagun Oarsoaldea Urdinan
2024ko memoria. Erantzuna zientzian dago
- AZTI, ANABAC eta OPAGAC erakundeen arteko lankidetzari esker, nahi gabe harrapatutako marrazoak eta arraiak askatzeko gailu berritzaileak garatu dira, haien biziraupena handituz eta tripulazioaren segurtasuna hobetuz.
- Tresna hauek Espainiako atun-flotaren iraunkortasunarekiko konpromisoa indartzen dute, 2012tik aurrera ezarritako Jardunbide Egokien Kodearen ildotik.
Sukarrieta, 2025eko maiatzaren 20a – AZTIko Arrantza Iraunkorra eta Arrantza Teknologia arloek, OPAGAC eta ANABAC atun-elkarteekin elkarlanean, buru izan duten ikerketa batek frogatu du teknologia berriek eraginkortasunez laguntzen dutela itsasontzietan elasmobrankioen (marrazo eta arrai espezie ahulak) askatze azkar eta seguruagoa lortzen. Espezie hauek ustekabean harrapatzen dira atunaren tropikoko arrantza egiteko erabiltzen diren inguratze-sareekin. Emaitzak ICES Journal of Marine Science aldizkarian argitaratu dira eta “Editors’ Choice” gisa hautatu dituzte: https://doi.org/10.1093/icesjms/fsaf057.
BRD (Bycatch Release Devices, hau da, nahi gabeko harrapakinen askatze-gailuak) izenez ezagutzen diren teknologia horien artean daude askatze-rampak, kamillak, belkroak, “hopper”-ak, beheko estalkiko ate bereziak eta mobúlidoentzat parrilla selektiboak. Gailu hauek animalien askatzea bizkortzen dute, tripulazioarekin duten kontaktua murriztuz, eta horrek nabarmen hobetzen du arrantzaleen segurtasuna zein askatu ondorengo biziraupen-tasa.
«Askatzeko prozesua azkar egitea funtsezkoa da espezie hauen biziraupenerako. Baina marrazo handiak edo mobúlidoak manipulatzeko lanak zailak eta arriskutsuak izan daitezke tripulazioarentzat», azaldu du Jefferson Murua AZTIko ikertzaile eta ikerketaren egile nagusiak. «Horregatik, arrantzaleekin elkarlanean aritu gara hasieratik, diseinutik itsas probetaraino, irtenbide eraginkor eta seguruak sortzeko».
BRDak Espainiako atun-flotako patroi eta tripulazioekin lankidetza estuan garatu dira, ANABAC eta OPAGAC elkarteetako kideak direlarik. Proiektuaren hasierako faseetatik sektorearen inplikazio aktiboak funtsezko papera jokatu du berrikuntza hauen onarpena eta erabilera borondatezkoa lortzeko. Izan ere, gailu batzuk dagoeneko erabiltzen dira ozeano tropikal guztietan diharduten itsasontzietan.

Iraunkortasunarekiko konpromiso etengabea
Azken hamarkada baino gehiagotan, Espainiako atun-flota izoztuak konpromiso sendoa erakutsi du arrantza arduratsuarekin eta itsas-ingurunea zaintzearekin. 2012an, OPAGAC eta ANABAC elkarteek borondatez ezarri zuten Jardunbide Egokien Kode bat, sektorearen funtzionamenduan mugarri bihurtu dena. Kode horrek besteak beste honako neurriak hartzen ditu: FAD ez-sareraileak soilik erabiltzea, etengabeko prestakuntza itsasontzietan, bidaia guztietan behatzaile fisiko edo elektronikoen presentzia, eta espezie sentikorrak –hala nola marrazoak, itsas dortokak eta arraiak– askatzeko teknika egokiak aplikatzea.
Gainera, AZTI izan da egitasmoaren betetze-maila egiaztatzeko eta hobekuntza jarraituak garatzeko aholkularitza emateko ardura izan duen erakunde zientifiko independentea. Horrek lagundu du praktiken eboluzioan, arrantza gero eta selektiboagoa eta itsas ekosistemetan eragin txikiagoa duen jarduera bihurtuz.
«Itsasontzietako teknologia hauek sektoreak iraunkortasunarekiko zuen aurreko konpromisoaren jarraipen logikoa dira. BRDak tresna zehatz eta erabilgarriak dira, flotarentzat jada ohikoak diren jardunbide egokiak betetzea errazten dutenak», azpimarratu du Jefferson Murua-k.
Ikerketak nabarmendu du zenbait eskualdeko arrantza-antolaketa erakunde (OROP) dagoeneko BRDen erabilera babesten hasiak direla, eta horrek baliteke tresna hauen erabilera munduko inguratze-flotetara zabaltzea.
Ikerketak Eusko Jaurlaritzaren, Europar Batasunaren (Itsas, Arrantza eta Akuikulturarako Europako Funtsa, Next Generation EU), Espainiako Arrantza Idazkaritza Nagusiaren eta International Seafood Sustainability Foundation (ISSF) erakundearen finantzaketa jaso du, besteak beste.
Artikulu osoa irakur daiteke hemen: https://doi.org/10.1093/icesjms/fsaf057