• AZTI zentro teknologikoak gidatutako eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako JUVENA 2025 kanpaina zientifikoak 544.781 tonako biomasa estimatu du; azken bi hamarkadetako seriearen batez bestekoaren bikoitza baino gehiago.
  • Emaitzek 2026ko kosterako erreklutamendu ona aurreikusten dute eta espeziearen egoera osasuntsua berresten dute.

Pasaia, 2025eko azaroaren 25a. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatuta eta AZTI zentro teknologikoak koordinatuta, JUVENA 2025 kanpaina zientifikoak Bizkaiko Golkoan antxoa gazteen populazioaren ebaluazioa amaitu du. Lortutako estimazioek ugaritasun-maila handia berresten dute, eta gazteen biomasa 544.781 tonatan kokatzen dute. Kopuru horrek batez besteko historikoa bikoizten du, eta igoera nabarmena dakar 2024an erregistratutako 255.344 tonekin alderatuta.

Irailaren 5etik urriaren 10era bitartean garatutako JUVENA kanpainaren emaitzek 2026ko kostako arrantza-kanpainarako erreklutamendu ona aurreratzen dute, eta maiatzean BIOMAN kanpainak markatutako aurreikuspenak berresten dituzte. AZTIk berak gidatutako beste kanpaina horrek biomasa heldu handia eta arrautza-ekoizpen altua estimatu zituen.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren (MAPA) jarraipen-programen esparruan kokatutako bi azterlan hauek espeziearen bizi-ziklo osoaren argazki osoa eskaintzen dute; funtsezko informazioa, Kantauri itsasertzeko baliabiderik baliotsuenetako baten kudeaketa moldakor eta iraunkorra bermatzeko.

«2025eko datuek argi erakusten dute espeziearen egoera ona, eta berriro ere azpimarratzen dute arrantza-kudeaketan ezagutza zientifikoan oinarritzea zein garrantzitsua den», adierazi du Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Itsasertzeko Garapeneko sailburuordeak.

JUVENA eta BIOMAN serieen konbinazioari esker, erreklutamendua eta izakinaren (stockaren) bilakaera zehaztasunez estima daitezke; funtsezko informazioa da hori Itsas Ikerketarako Nazioarteko Kontseiluak (CIEM) egiten duen ebaluazio zientifikorako.

Baldintza ozeanografiko onuragarriak

Aurten JUVENA kanpainak estimatutako ugaritasunak —38.160 itsas milia karratuko azalera hartu du aztergai— udaberrian jaiotako ale gazteen biziraupen bikaina berresten du, eta larba- eta gazte-faseen garapenerako baldintza ozeanografiko eta ekoizgarri oso onuragarriak egon direla erakusten du.

«Antxoa europarra bizi-ziklo laburreko eta urtez urteko aldakortasun handiko espeziea da, Bizkaiko Golkoaren baldintza ozeanografikoen oso mende dagoena. Bi eta hiru urte arteko bizi-zikloa du, eta bere ugalketa faktore hauen menpe dago: uraren tenperatura, elikagai-eskuragarritasuna eta ozeano-korronteak, besteak beste. Horregatik alda daiteke horrenbeste bere biomasa urtetik urtera», azaldu du Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak (CEO).

Aztertutako antxoa gazteen batez besteko luzera 6,3 zentimetrokoa izan da, seriearen batez bestekoaren azpitik; eta hori ohikoa da errunaldiaren biziraupen handiko urteetan.

Gainera, emaitzak, CIEMeko WGACEGG lantaldean baliozkotuak, BIOMAN kanpainako datuekin eta flotaren harrapaketekin batera, stock-indize sintetiko batean integratuko dira. Indize hori oinarri izango da harrapaketen gomendioetarako eta 2026rako Harrapaketen Guztizko Onargarria (TAC) kalkulatzeko.

«Kanpaina hauek funtsezko informazio zientifikoa ematen jarraitzen dute, eta argi erakusten dute zientziaren, administrazioaren eta arrantza-sektorearen arteko lankidetza eraginkorra dela antxoaren kudeaketa jasangarri eta arduratsua bermatzeko», gehitu du Pozok.

JUVENA_2025_AZTI

2025eko antxoaren kosteraren emaitzak

2025eko antxoaren kosterak harrapaketa maila altua izan du, eta merkatua egonkor mantendu da.

  • Estatu-mailako kuota erabilgarria: 28,6 milioi kilo.
  • Eginiko harrapaketa osoak: 21,3 milioi kilo (Estatuko kuotaren %74).
  • Euskal arrantzaleei esleitutako kuota: 8,05 milioi kilo.
  • Euskal flotak egindako harrapaketa: 7,2 milioi kilo (esleitutako kuotaren %90).
  • Lonjako batez besteko prezioa: 2,05 euro/kg, 2024koaren gainetik (1,5 euro/kg).

Azken berriak