AZTIk itsas zientzia ezagutzera gonbidatzen du urriaren 18an Pasaian egingo duen ate irekien jardunaldian
Azken berriak
Mikrotomoa: itsasoa geruza finetan mozten zuen erreminta
Zientzia zahartze osasungarria sustatzeko
Elikagaien xahuketaren aurka hezkuntzaren bidez: etorkizunerako apustua
- Zentro teknologikoa 11:30etik 14:00etara bisitatu ahal izango da larunbat honetan, Pasaiako Udalak bultzatutako Aldaketarako Marea ekimenaren baitan.
- Ekitaldiak AZTIren lan zientifikoa ezagutzeko aukera emango die herritarrei.
Pasaia, 2025eko urriaren 14 – Pasaia ingurumenaren eta elkartasunaren arloan erreferente bihurtzeko helburuarekin Pasaiako Udalak sustatutako Aldaketarako Marea ekimenaren inguruan, AZTI zentro teknologikoak bere egoitzako ateak irekiko ditu datorren urriaren 18an, larunbata, Pasaiako portuan (Herrera Kaia).
11:30etik 14:00etara egingo den jardunaldi irekian, herritarrek gertutik ezagutu ahal izango dute ikerketa-zentro horrek egiten duen lana. Izan ere, nazioartean erreferente da itsas eta elikadura-arloetan egiten duen lanagatik. Pasaian, arrantza jasangarriko, ozeanografiako, itsas ekosistemen kudeaketako eta klima-aldaketaren ikerketako proiektuen buru da AZTI, eta gure itsasoak ezagutzen eta babesten laguntzen du.
Bertaratzen direnek aukera izango dute punta-puntako teknologiak ezagutzeko: itsas ibilgailu autonomoak, ikerketa-ontziak, dragak, CTD zundak eta ozeanoak zein itsas zaborrak aztertzeko erabiltzen diren beste ekipo zientifiko batzuk. Gainera, laborategiak bisitatu eta Pasaiako egoitzan egunero lanean diharduten ikertzaileekin hitz egin ahal izango da.
Jarduerarik nabarmenetako bat izango da Ulysses proiektuan parte hartzea, non AZTIk bazkide zientifiko gisa jarduten duen. Haurrek, gazteek eta helduek GPS sistemadun egurrezko txalupa txikiak apainduko dituzte; txalupa horiek itsasora abiatuko dira mezu pertsonalak eramanez eta itsas zaborren ibilbidea simulatuz. Modu sortzaile eta hezitzailea da ozeanoen kutsadura murriztearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
Ekimen honekin, AZTIk berresten du zientziarekin, ingurumenarekin eta gizartearekin duen konpromisoa, bere lana herritarrengana hurbilduz eta erakutsiz nola sortzen den Pasaiatik mundu mailako inpaktua duen ezagutza.
“Herritarrek gertutik ezagutzea nahi dugu Pasaiako zentroan egiten den zientzia, itsasoak gure etorkizunean duen balioa eta planeta zaintzeko ekintza txiki bakoitzaren garrantzia”, adierazi dute zentro teknologiko pasaitarretik.
Jardunaldi hau aukera paregabea izango da itsas zientzia barrutik ezagutzeko, ingurune ireki, parte-hartzaile eta familiarteko batean.
AZTIk herritar guztiak gonbidatzen ditu ezagutzaren eta aldaketaren marea honetara bat egitera.
Datu praktikoak
- 📍 Tokia: AZTIren egoitza, Pasaiako portuan (Herrera Kaia)
- 🕥 Ordutegia: 11:30etik 14:00etara
- 🎟 Sarrera librea, aforoa bete arte
