SENSE

Nekazaritzako produkzio-kateak ingurumenean duen eragina murrizteko asmoz, AZTI-Tecnaliak koordinatzen duen SENSE europar proiektuak dibulgazioko pieza bisual hau dakarkigu. SENSE proiektua (Ingurumen-jasangarritasun bateratua elikagai- eta edari-katerako) Europar Batasuneko VII. Esparru Programari lotua dago, eta Europako 12 herrialdetako 23 enpresak, elikagai-elkartek eta ikerketa-zentrok parte hartzen dute. Web orrialdea: www.senseproject.eu

SENSEko partaideek zukuen, esnekien, haragikien eta akuikulturaren sektoreetan aplikatzeko metodologia bat landu behar dute. Europako merkatuan duten garrantziarengatik hautatu dira sektore horiek. SENSE proiektuko metodologiak ezaugarri hauek izan behar ditu: elikagai-enpresetan erraz ezartzeko modukoa izan behar du, edozein delarik ere enpresa horien tamaina, eta ingurumenaren jasangarritasuna errespetatzen duten salgaiak erraz bereizten lagundu behar die kontsumitzaileei.

Proiektuak hiru urte iraungo du, eta, proiektu horretan, ingurumen-inpaktua aztertzeko gaur egun dauden sistemak ebaluatuko dituzte, eta jasangarritasuna ebaluatzeko sistema sinplifikatu bat garatuko dute, ekoizpen-kate osoan jasangarritasunaren segimendua egiteko. Asmoa da prozedura horrek egiazki erabiltzea jasangarritasunaren hiru oinarriak: ingurumenarekiko errespetua, bideragarritasun ekonomikoa eta gizartearentzako onura.

Metodologia berri hori elikaduraren inguruko sektoreetara zabalduko dute, baita elikatze-katean parte hartzen dutenetara ere. Bestalde, kontsumitzaileek ere hartuko dute parte, produktuak bereizteko tipoa eta herritarrei salgai jasangarrienak erosten laguntzeko informazioa diseinatuz.