Hegalaburraren tolerantzia termikoa eta Mediterraneo itsasoko errunaldian izan ditzakeen ondorioak
Ozeanoaren tenperaturak eragina du hegalaburraren portaeran, banaketan eta ugalketan. Horrenbestez, Mediterraneo itsasoaren berotzeak aldatu egin ditzake espezie horren errunaldirako tenperatura egokia duten eremuak eta urteko garaiak.
Aldaketa horiek aurreikustea garrantzitsua da arrantza-kudeaketarako; izan ere, ugalketa-eremuak edo ugaltzeko garai egokiak aldatuz gero, baliteke espezie horren arrantza-denboraldiak eta arrantza-arteak egokitu behar izatea, almadrabak barne.
Behar horri erantzuteko, MOBIMUTUNA proiektuak hegalaburraren otolitoetan jasotako informazio isotopikoa aztertuko du. δ¹³C eta δ¹⁸O balioetatik abiatuta, banakoek bizi-zikloan zehar zer tenperatura-baldintzatan bizi izan diren berreraikiko du, eta informazio hori klima-proiekzioekin uztartuko du, etorkizunean Mediterraneoko tenperatura-baldintzak errunaldirako zenbateraino izango diren egokiak ebaluatzeko.
MOBIMUTUNA proiektuaren helburu nagusia da Arrantzako Idazkaritza Nagusiari informazio zientifikoa ematea, Mediterraneoko tenperatura-baldintzak aldatu ahala hegalaburraren arrantza-arteetan eta arrantza-denboraldietan egin beharreko egokitzapenak aurreikusi eta planifikatu ahal izateko.
Horretarako, helburu hauek ditu proiektuak:
MOBIMUTUNA proiektuak hegalaburraren tenperatura-tarte optimoaren eta tolerantzia termikoaren diagnostiko kuantitatiboa egingo du. Horretarako, otolitoetatik lortutako bereizmen handiko profil isotopikoak erabiliko ditu, banakoen bizi-ziklo osoan zehar izandako tenperatura-baldintzak berreraikitzeko.
Gainera, proiektuak adierazle termiko operatiboak sortuko ditu, hala nola tenperatura-atalaseak, tarte kritikoak eta tenperatura-baldintza egokiak dituzten denbora-tarteak. Halaber, Mediterraneoko errunaldirako egokitasun termikoaren egungo eta etorkizuneko mapak egingo ditu.
Emaitza horiei esker, berotze-egoera desberdinetan espeziearen ugalketarako tenperatura-baldintza egokiek espazioan eta denboran izan ditzaketen aldaketak identifikatu ahal izango dira.
Sortutako informazioak oinarri zientifikoa emango dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiari, Mediterraneoko tenperaturaren bilakaerak hegalaburraren errunaldian izan dezakeen eragina aurreikusteko eta arrantza-kudeaketako erabakiak hartzen laguntzeko.
Zehazki, aukera emango du arrantza-denboraldiak, egutegiak eta arrantza-arteak, almadrabak barne, egokitzeko beharrak aldez aurretik hobeto baloratzeko, ugalketarako tenperatura egokia duten eremuetan eta garaietan aurreikusitako aldaketak kontuan hartuta.
Secretaria General de Pesca

Sektoreak: Arrantza eta akuikulturako sektorea
Ikerketa lerroak: Arrantza eta akuikultura eraginkorra eta jasangarria, Klima Aldaketa
Ikerketa-azpilerroak: Arrantzaren kudeaketa jasangarria, Klima-aldaketara egokitzapena