Tunido epelen stocken biologia eta dinamika
Euskal tunido epelen arrantzak, bereziki hegaluzearena (Thunnus alalunga) eta hegalaburrarena (Thunnus thynnus), funtsezkoak dira baxurako flotarentzat, bai tradizioari dagokionez, bai balio ekonomikoari dagokionez. Euskadiko portuetan biltzen dira Estatuan harrapatzen den hegaluzearen ia % 50 eta Ipar Atlantikoan nazioartean harrapatzen denaren % 30 inguru; datu horiek agerian uzten dute baliabide horren garrantzia.
Duela hamarkada batzuetatik hona, arrantza horien jarraipena funtsezkoa da haien jasangarritasuna bermatzeko. Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT), Ikerketa eta Estatistiketako Batzorde Iraunkorraren (SCRS) bidez, urtero ebaluatzen du stocken egoera, eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako kudeaketa-neurriak proposatzen ditu. Esparru horretan, euskal flotak emandako datuak —bereziki ugaritasun-indizeen serieak (CPUE)— funtsezkoak dira, hegaluzearen eta hegalaburraren populazioak ebaluatzeko informazio-iturri nagusietako bat baitira.
Bi espezieetarako harrapaketak kontrolatzeko arauak eta epe luzerako kudeaketa-estrategiak ezartzeak paradigma-aldaketa ekarri du nazioarteko arrantza-gobernantzan. Horren ondorioz, beharrezkoa da eskuragarri dauden analisiak eta datuak etengabe eguneratzea, kudeaketa-erabakiak stocken benetako egoerara egokitzeko eta baliabidearen zein sektorearen jasangarritasuna bermatzeko.
Proiektu honen helburua tunido epelen kudeaketa hobetzea da. Horretarako, AZTIk honako zeregin hauek egingo ditu:
Proiektuari esker, hegaluzearen eta hegalaburraren stockak ebaluatzeko datu zientifikoen kalitatea eta eskuragarritasuna hobetuko dira, kudeaketa-erabakiak adierazle sendo eta eguneratuetan oinarritzen direla bermatzeko.
Euskal flotaren ugaritasun-serieak eguneratzea funtsezkoa izango da baliabideen egoera egiaztatzeko eta ICCATek ezarritako TACek eta kudeaketa-estrategiek populazioen benetako egoera islatzen dutela bermatzeko. Horrela, tunido epelen jasangarritasunari lagunduko zaio; izan ere, funtsezko baliabidea dira euskal baxurako flotarentzat.
Kudeaketa-aholkua formulatzeak garrantzi berezia du sektore honentzat, hegaluzearen TACaren ehuneko handi bat harrapatzen baitu eta indarrean dagoen araudian hegalaburraren gutxieneko neurriei dagokienez salbuespen bat baitu. Horregatik, neurri horien definizioan zuzenean parte hartzeak bermatzen du euskal flotaren berezitasunak erabakiak hartzeko prozesuan ordezkatuta egotea.
Gainera, AZTIk hegaluzearen lantaldean duen lidergoak erantzukizuneko eta erreferentziazko posizioan kokatzen du tunidoen kudeaketaren arloan. Proiektuaren esparruan sortutako ekarpen zientifikoek —lan-dokumentuek, argitalpenek eta ICCATen zein nazioarteko foro zientifikoetan egindako aurkezpenek— AZTIren ikerketa-bikaintasuna sendotzen dute, eta arlo horretako erreferentziazko laborategi gisa duen eginkizuna indartzen dute.
Eusko Jaurlaritzak finantzatua, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren bidez (FEMPA)

Sektoreak: Arrantza eta akuikulturako sektorea
Ikerketa lerroak: Arrantza eta akuikultura eraginkorra eta jasangarria
Ikerketa-azpilerroak: Arrantzaren kudeaketa jasangarria