Edukien aurkibidea
Pasaia, 2026ko ekainaren 1a. Europako arrantza-flotak bere erronka handienetako bati egin behar dio aurre: jarduerak deskarbonizatzea, gero eta zorrotzagoa den araudiaren testuinguruan —Green Deal, Fit for 55, FuelEU Maritime— eta trantsizio energetikoari heltzeko baliabide mugatuak dituen flota zahartu batekin. Erronka horren aurrean, ORTZE-CV + KAINDAR euskal ekimenak frogatu du badagoela konponbidea, funtzionatzen duela eta eskala handian hedatzeko prest dagoela. Europako Batzordeak ETP Champions 2026 sariarekin aitortu du hori, Infrastructure Innovation Award kategorian, maiatzaren 22an European Maritime Day ekitaldiaren barruan emandako sarian.
Saria —sektore honetan Europa mailan garrantzitsuenetako bat— Europako itsas, arrantza eta akuikultura sektoreak eraldatzeko benetako gaitasuna duten irtenbideei ematen zaie. Epaimahaiak itsasoan eta portuan baldintza errealetan baliozkotutako proposamen baten izaera integrala, operatiboa eta erreplikagarria nabarmendu ditu. Proposamenak TRL 8/9 heldutasun teknologikoa du, eta merkaturatzeko prest dago.
ORTZE-CV + KAINDAR ekimenaren berezitasuna ikuspegi sistemikoan datza. Ontzian edo portuan bereizita jarduten duten ekimenen aldean, proposamen honek biak energia-ekosistema bakar batean integratzen ditu, sun-to-propeller kontzeptuaren pean, energia berriztagarriaren sorkuntza, biltegiratzea, karga adimenduna eta propultsio hibridoa uztartuz.
Ekosistema bi garapen osagarriren inguruan egituratzen da:
ORTZE-CV 16 pertsonarentzako —ikasleak, irakasleak eta profesionalak— edukiera duen arrantza-ontzi hibrido-elektrikoa da. Arrantza jasangarrian eta itsas ekosistemen behaketan prestakuntza aurreratua eskaintzeko plataforma gisa diseinatu da. Portuan %100 modu elektrikoan jarduten du, emisioak, zarata eta kontsumoa ezabatuz fase sentikorrenetan, eta nabigazioan %25erainoko murrizketak ahalbidetzen ditu.
KAINDAR energia berriztagarriz elikatutako plug & play karga-estazio modularra da. Ontzia energia garbiz hornitzen du eta portuko sarearekin energia bi noranzkoetan trukatzeko aukera ematen du. Azpiegitura honek portuetan karga-puntu berriztagarrien gabezia konpontzen du, eta atrakatuta dagoenean ere emisioak ezabatzen ditu (cold ironing).
Bi garapenek batera Pasaiako portua itsas deskarbonizazioko irtenbideak probatzeko eta baliozkotzeko benetako ingurune bihurtu dute. Living lab hau, gainera, Oarsoaldea Urdina estrategiaren barruan kokatzen da; estrategia horrek berrikuntzan, prestakuntzan eta industria-lankidetzan oinarritutako ekonomia urdin jasangarria sustatzen du, irtenbide teknologikoak eskualdearen garapen sozioekonomikoarekin lotuz.
Proiektuak dagoeneko baldintza errealetan neurtutako emaitzak ditu: operazio bakoitzeko CO₂ emisioak %25 inguru murriztea, portuko emisioak eta zarata ezabatzea eta erregai-kontsumoa gutxitzea. Horri urtero itsas trantsizio energetikoarekin lotutako gaitasunetan prestatzen diren 500 ikasle baino gehiago gehitu behar zaizkio.
Aurrerapen horiek 2017 eta 2021 artean hasitako I+G ibilbidearen emaitza dira; 2022an itsasoan egindako baliozkotzeekin jarraitu zuten, 2023an KAINDAR azpiegitura gehitu zen, eta 2025ean ekosistema operatiboaren integrazioarekin osatu ziren.
Irtenbideak hedapen-potentzial handia du trantsizio energetikoari aurre egin beharko dioten Europako 2.000 arrantza- eta akuikultura-portu baino gehiagotan. Bere arkitektura modularrak —Ship + Charger— testuinguru operatibo desberdinetara egokitzea errazten du, eta portuei, kofradiei, enpresei eta administrazioei frogatutako eta eskalatzeko moduko eredua eskaintzen die.
Ekimenaren buru CIFP Blas de Lezo LHII da, eta Ingeteam, AZTI, Tknika eta energiaren, mugikortasunaren eta itsas teknologiaren arloan espezializatutako euskal ekosistemako unibertsitate, enpresa eta ETEekin batera garatu da. Partzuergoak lanbide-heziketa, ikerketa aplikatua eta industria uztartzen ditu proiektu berean, sorreratik merkatuan baliozkotu arte.
«Europako aitortzak berresten du itsas sektorearen trantsizio energetikoak irtenbide integralak behar dituela, lurraldeari lotuak eta industria-, zientzia- eta hezkuntza-eragileen arteko lankidetzatik garatuak».
Ekimenak HAZITEK eta Smart Mobility Industry programen babesa izan du, Euskadin industria-berrikuntza eta mugikortasun jasangarria sustatzera bideratutako programena.
Erakunde sustatzaileei buruz