Edukien aurkibidea

Sistema eredu matematiko batekin osatzen da; eredu horrek banaka ebaluatzen du patogenoak ustiategi bakoitzean sartzeko probabilitatea, bost bideren bidez: animaliak, semena, ibilgailuak, bisitariak eta beste instalazio batzuekiko hurbiltasun geografikoa. Informazio horri esker, prebentzio-neurriak eraginkorren izan daitezkeen tokietan lehenetsi daitezke, eta baliabide tekniko eta ekonomikoak optimizatu, protokolo generikoak aplikatu beharrean.
Txerri iberikoaren ustiategi erdi-estentsiboetan, BIOTEGANIAk QR kodeen bidezko sarbide-erregistro sistema bat egokitu du; paperezko formularioak ordezkatzen ditu eta bisiten trazabilitatea hobetzen du. Alderdi hori bereziki garrantzitsua da ekoizpen-sistema mota horietan, ustiategi intentsibo konbentzionalak baino irekiagoak eta zabalagoak baitira; azken horietan, eremu txikiagoan, QR kodeak ezartzea eta ibilgailuen jarraipena egitea errazagoa da. Ustiategien barruan, Biorisk bezalako proiektuaren tresna digitalek ibilbideak eta lan-praktikak berrikusteko aukera ere ematen dute, eguneroko jardunean hobetzeko aukerak hautemateko.
BIOTEGANIA biosegurtasunari, ingurumen-baldintzei, ekoizpenari, sendagaien kontsumoari, emaitza mikrobiologikoei eta animalien osasunaren eta ongizatearen biomarkatzaileei buruzko informazioa integratzen duen plataforma batean ari da lanean. Orain arte sakabanatuta egon diren datu-iturri horiek integratzea da proiektuaren erronka tekniko nagusietako bat.
Datu horietatik abiatuta, adimen artifizialeko lau eredu, garatzen ari dira, pentsuaren logistika optimizatzeko, arrisku epidemiologikoak aurreikusteko, osasun-alerta goiztiarrak sortzeko eta biosegurtasunaren lurralde-mapak egiteko.
Azken helburua da enpresei aukera ematea batez ere erreaktiboa den kudeaketa batetik prebentziozkoagoa den beste batera igarotzeko, informazio objektibo eta eguneratuan oinarrituta; eta informazio hori bera baliagarria izatea lurralde-eskalako animalien osasuneko politika publikoak diseinatzeko.
«Gure helburua da ustiategiek sortutako informazioa iragarpen-tresna bihurtzea, ustiategian benetako osasun-prebentzioa egin ahal izateko. Erreaktiboki jarduteari utzi eta arazoari aurrea hartu nahi diogu», adierazi du Daniel Crespok, CUARTE – Grupo Jorgeko ikertzaileak eta proiektuaren enpresa-koordinatzaileak.
«Biosegurtasuna ez da patogenoak sartzea eragoztea bakarrik. Haiek detektatu eta kontrolatzeko tresna berriak ere behar ditugu, antimikrobianoen erabilera murriztuz eta ekoizpen-eredu jasangarriagoetarantz aurrera eginez», azaldu du Amaia Lasagabasterrek, AZTIko elikagaien bioteknologian adituak eta proiektuaren koordinatzaile zientifiko-teknologikoak.
Diagnostikoaren arloan, proiektuak saiakuntza molekular eramangarriak garatu ditu txerri- eta hegazti-sektoreentzat garrantzitsuak diren bakterioak detektatzeko, hala nola Brachyspira hyodysenteriae eta Escherichia coli-ren aldaera patogenoak. Une honetan lagin errealekin balidazio-fasean daude, eta tresna horiek diagnostiko azkarragoak zuzenean ustiategian egiteko aukera eman lezakete, balizko agerraldien aurreko erantzun-denborak laburtuz.
Aldi berean, BIOTEGANIAk animalia-ekoizpenean eta elikagaien segurtasunean garrantzitsuak diren patogeno nagusietako batzuen aurka aktiboak diren bakteriofagoen bilduma zabalak sortu eta karakterizatu ditu; besteak beste, Escherichia coli, Campylobacter, Salmonella, Enterococcus eta Listeria.
Bakteriofagoak bakterioak berariaz infektatzen dituzten birusak dira, eta patogeno horiek kontrolatzeko antibiotikoen alternatiba itxaropentsuenetako bat dira. Egindako lanen artean daude fago berriak isolatzea, bakterio-andui desberdinen aurrean duten gaitasuna ebaluatzea eta aplikatzeko potentzial handiena duten hautagaiak hautatzea.
Aurrerapen horiek oinarria dira etorkizunean biokontroleko irtenbideak garatzeko, nekazaritzako elikagaien kate osoan patogenoen presentzia prebenitu eta murrizteko, lehen mailako ekoizpenetik elikagaien eraldaketaraino, «Baserritik mahaira» estrategiarekin bat.
Oro har, diagnostiko azkarreko tresnek eta bakteriofagoetan oinarritutako irtenbide berriek ustiategien prebentzio-gaitasuna indartzen dute, animalien osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzen dute eta elikakate seguruago eta jasangarriagoa sustatzen dute, antimikrobianoekiko mendekotasun txikiagoarekin.
BIOTEGANIAren garapenek (sare digitala, modelizazio matematikoa, adimen artifiziala, diagnostiko azkarra eta bioteknologia) abiapuntu bera dute: animalien osasuna, elikagaien segurtasuna eta osasun publikoa elkarri lotutako elementu gisa ulertzea. Horrela, BIOTEGANIAk patogenoak prebenitzeko, goiz detektatzeko eta kontrolatzeko tresnak integratzen ditu One Health ikuspegitik. Ikuspegi integratzaile horri esker, laborategian, datuen analisian edo eredu matematikoen diseinuan lortutako emaitzek aplikazio zuzena izan dezakete ustiategien eguneroko jardunean.
Proiektuaren emaitzak sektoreko «Biosegurtasunerako eta patogenoen kontrolerako estrategia berriak txerri- eta hegazti-ekoizpenean: berrikuntza, datuak eta aplikazioa ustiategian» webinarrean aurkeztuko dira. Webinarra 2026ko urriaren 21ean, asteazkena, 10:00etatik 11:30era egingo da.
Jardunaldia sektore produktiboko enpresa eta teknikariei, komunitate zientifikoari eta animalien osasunean interesa duten beste eragile batzuei zuzenduta dago. BIOTEGANIAk garatutako irtenbideak erakutsiko dira, baita ekoizpen-baldintza errealetan patogenoak prebenitu eta kontrolatzeko izan dezaketen aplikazioa ere.
Izen-ematea (webinarra gazteleraz): BIOTEGANIA. Nuevas estrategias de bioseguridad y control de patógenos en porcino y avicultura: innovación, datos y aplicación en campo.
BIOTEGANIA industria-ikerketako proiektu bat da, Espainiako Gobernuko Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades ministerioaren mendeko Centro para el Desarrollo Tecnológico y la Innovación (CDTI) eta Agencia Estatal de Investigación (AEI) erakundeek finantzatua. Helburua da biosegurtasun digitala, sentsorika, adimen artifiziala eta bioteknologia uztartzen dituen sistema integratu bat garatzea, One Health ikuspegitik txerri- eta hegazti-ekoizpenetan gaixotasun emergenteak prebenitu, detektatu eta kontrolatzeko.
Partzuergoa honako hauek osatzen dute: CUARTE–Grupo Jorge, SERPROVIT, ADA, EXOPOL, Sánchez Romero Carvajal, COBB eta OBLANCA; eta AZTI, Universitat Autònoma de Barcelona, Universitat Politècnica de València, Universidad Cardenal Herrera-CEU, Universidad Complutense de Madrid eta CECAV. Sektore produktiboko enpresen eta ikerketa-zentroen konbinazio horrek proiektuaren diziplina anitzeko izaera islatzen du. Gainera, proiektuak ANPROGAPOR (Asociación Nacional de Productores de Ganado Porcino) eta AVIANZA (Asociación Interprofesional de Carne Avícola) erakundeen babesa du; horri esker, proiektuaren aurrerapenen zabalkundea indartuko da bi sektoreetan.
Informazio gehiago: www.biotegania.eu