Albisteak

Uhinak 2026k ezagutza zientifikoa eta kudeaketako esperientziak bilduko ditu, kostaldearen egokitzapenean aurrera egiteko

28.09.2026
Lerroak: Ekonomia urdina, Ingurumen-erresilientzia eta aldaketa globala, Itsaso eta kostaldeko ingurumen-kudeaketa, Klima Aldaketa, Ozeanografia operazionala
Uhinak congreso cambio climático litoral

Edukien aurkibidea

Irun, 2026ko irailaren 28a. Uhinak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Nazioarteko Kongresuak, Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak antolatuta, komunitate zientifikoko, administrazio publikoetako eta enpresa arloko ordezkariak bilduko ditu urriaren 8an eta 9an Ficoban. Ozeanoan gertatzen ari diren aldaketak aztertuko dituzte eta, bereziki, aldaketa horiek kostaldeko eremuetan dituzten ondorioei aurre egiteko behar diren erantzunak.

Kongresuaren zazpigarren edizioak nazioarteko izaera eta ikuspegi praktikoa indartuko ditu. Horretarako, eduki zientifiko handiko bi hitzaldi nagusi eta bi mahai-inguru uztartuko ditu: mahai-inguruetan, abian diren egokitzapen proiektuak eta datozen urteetan kostaldearen kudeaketa gidatu beharko duten estrategiak eta gobernantza ereduak landuko dira.

Antonio Turiel Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzailea izango da edizio honetako hizlari nagusietako bat. «Azken aldaketak ozeanoaren zirkulazio globalean eta Ipar Atlantikoan: gainditu al dugu jada inflexio-puntu bat?» hitzaldia emango du.

Turielek klima aldaketaren balizko azelerazioari buruzko eztabaida zientifikoa aztertuko du, hainbat aldagaitan, bereziki ozeanoari lotutakoetan, berriki ikusitako joerak abiapuntu hartuta. Eskala handiko aldaketa azkarrak aztertzeko satelite bidez lortutako informazioa erabiliko du, besteak beste.

Ikertzaileak 2014az geroztik itsasoaren gainazaleko tenperaturan eta beste aldagai batzuetan hautemandako aldaketak aztertuko ditu. Halaber, aldaketa horiek ozeanoaren zirkulazio globalean ikusitako eraldaketekin izan dezaketen lotura eta Atlantikoko Meridiano Zirkulazio Iraultzailearen (AMOC) adar atlantikoa moteltzeari buruzko eztabaida zientifikoa jorratuko ditu.

Ozeanotik kostaldean dituen ondorioetara

Bigarren hitzaldi nagusia Melisa Menéndez Kantabriako Unibertsitateko Ingurumen Hidraulikako Institutuko (IHCantabria) ikertzaileak emango du, «Klima aldakortasuna muturreko itsas mailako eta olatuen gertakarietan» izenburupean.

Kostaldearen kudeaketarako bereziki garrantzitsua den gai bati helduko dio: itsasertzeko inpaktuak ez dira itsasoaren batez besteko mailaren igoeraren ondorio soilik. Itsas dinamika desberdinen arteko elkarreraginak ere eragiten ditu, marea astronomikotik hasi eta olatuetaraino eta itsas denboraleetaraino. Azken horiek izaten dira, sarritan, kalte handienen eragileak.

Menéndezek klima aldaketak olatuetan eta itsas mailan duen eragina hobeto ulertzeko aukera ematen duten aurrerapen zientifikoak azalduko ditu, baita muturreko gertakarien probabilitatea eta magnitudea zenbatesteko erabiltzen diren metodoak ere. Informazio hori funtsezkoa da arriskuei aurrea hartzeko eta baldintza aldakorren mende dauden kostaldeetan egokitzapen neurriak diseinatzeko.

Mahai-inguruak: ebidentzia zientifikotik ekintzara

Uhinaken edizio honetako berrikuntza nagusietako bat kostaldeko udalerri eta udalei bereziki zuzendutako bi mahai-inguru izango dira, kongresuaren bigarren egunean. Tokiko administrazioek aurrean dituzten erronka nagusiak aztertuko dituzte, baita klima errealitate berrira egokitzeko hainbat lurraldetan dagoeneko ezarri diren esperientziak eta jarduerak ere. Horrela, Uhinakek udalerriek klima aldaketara egokitzeko lehen lerroko eragile gisa duten funtsezko eginkizuna nabarmenduko du.

Programaren bilakaera horrek erantzun koordinatuetan aurrera egiteko eta beste kostalde eremu batzuetan baliagarriak izan daitezkeen ikaskuntza praktikoak partekatzeko beharrari erantzuten dio. Helburua kongresuaren zeharkako eta sektore arteko izaera indartzea da, eta kostaldearen kudeaketa erresilienteagoa lortzen lagunduko duten esperientzien trukea sustatzea.

Lehen mahai-inguruak, «Egokitzapenean jardutea: kostaldea eraldatzen ari diren proiektuak» izenburupean, kostaldeko eremuen zaurgarritasuna murrizteko dagoeneko garatzen ari diren jarduerak erakutsiko ditu. Malake Muñoz Cachón Ihobeko Klima Ekintzako arloko proiektuen arduradunak moderatuko du. Bertan parte hartuko dute Iratxe García de Vicuña Zarauzko Udaleko Bulego Teknikoko arduradunak, Zarauzko hondartzan eta inguruan itsas mailaren igoerari eta olatuei lotutako ondorioak arintzeko proiektua aurkeztuko duenak; Sara Taylor Galesko Gobernuko ebaluazioko goi mailako teknikariak, Denbighshireko kostaldeko arriskuen kudeaketaren esperientzia azalduko duenak; eta Nicolás Castay GIP Littoral Nouvelle-Aquitaineko zuzendariak, Akitania Berriko kostaldearen egokitzapeneko hainbat kasu praktiko azalduko dituenak.

Bigarren mahai-inguruak, «Egokitzapena pentsatzea: etorkizuneko kostalderako estrategiak eta gobernantza» izenekoak, klima aldaketaren ondorioak epe ertain eta luzera kudeatzeko behar diren plangintza eta tresnak izango ditu ardatz. Rafael Sardá CSIC-ESADE / CEABeko ikertzaileak moderatuko du, eta Arku Atlantikoko hainbat lurraldetako esperientziak bilduko ditu.

Parte hartuko dute Mikel Gargallo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Lurralde Plangintzako zuzendariak, EAEko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren berrikuspenaz arituko denak; Marimar Alonso Ihobeko Klima Ekintzako zuzendariak, Euskadin klima aldaketara egokitzeko proiektu erakusgarriak sortzeko koordinazio foroa den KAIA aurkeztuko duenak; eta Nerea Egia Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko teknikariak, kudeaketan eta erabakiak hartzeko prozesuan laguntzeko tresna gisa Bideometriako Foru Sarea azalduko duenak.

Nazioarteko ikuspegia Caroline Sarrade Communauté d’Agglomération Pays Basque erakundeko Itsasertzaren eta Natura Inguruneen zuzendariak emango du. Iparraldean itsasertzeko arriskuak lurralde gobernantzako eredu baten bidez kudeatzeko garatutako tokiko estrategia aurkeztuko du.

Zazpigarren edizio honetako programa ahozko 40 komunikaziok eta 25 posterrek osatuko dute. Klima aldaketaren erronkak, kostaldeko muturreko fenomenoetara egokitzea, arintzea eta erresilientzia, gobernantza, kudeaketa tresnak eta komunikazioa izango dituzte hizpide.

Uhinaki buruz

Uhinak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Nazioarteko Kongresua da, Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak sustatua. Hainbat erakunderen babesa du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, Ihoberen bidez; Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarena; Communauté d’Agglomération Pays Basque erakundearena; eta Région Nouvelle-Aquitaine eskualdearena.

Erlazionatutako aktualitatea

Albisteak 28.09.2026

Uhinak 2026k ezagutza zientifikoa eta kudeaketako esperientziak bilduko ditu, kostaldearen egokitzapenean aurrera egiteko

Gehiago irakurri
Albisteak 17.09.2026

Zergatik ez du dieta berak eragin bera pertsona guztiengan? AZTIk nutrizio pertsonalizatuago baterako gakoak ikertzen ditu

Gehiago irakurri
Albisteak 16.09.2026

SEARCULAR proiektua amaitu da, Europan arrantza-tresna zirkularrak bultzatzeko lau irtenbide baliozkotu ondoren

Gehiago irakurri
Albisteak 04.08.2026

NOVO Agrifoodtech-ek deialdia ireki du nekazaritzako elikagaien sektoreko deeptech enpresak bultzatzeko

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak