Edukien aurkibidea
Pasaia, 2026ko urriaren 6an. Itsas hondoan zer espezie bizi diren eta haien ingurunea nola aldatzen den jakitea funtsezkoa da itsasoa babesteko eta haren erabilerak planifikatzeko. Informazio hori eskuratzea, ordea, erronka da: urpeko baldintzek behaketa zailtzen dute, eta bildutako irudiak aztertzeak lan handia eskatzen du. Erronka honi erantzuteko, AZTI zentro teknologikoak itsas hondoko fauna modu autonomoan behatzeko sistema probatu du ItsasLANDER proiektuan, eta irudiak nahiz soinu-erregistroak automatikoki aztertzeko tresnak garatu ditu. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen Programaren bidez.
Lander bat itsas hondoan kokatzen den egitura da, kamerak eta bestelako sentsoreak erabiliz inguruko informazioa jasotzen duena. Proiektuan, bi kamerarekin grabatu da hondoan eta hondotik gertu bizi den fauna. Guztira, ordubeteko 48 bideo lortu dira 24 laginketa-estaziotan.
Grabazio horietatik ateratako irudiak erabili dira ikusmen artifizialeko eredua entrenatzeko. Horretarako, irudietan agertzen diren espezieak eta animalia-taldeak identifikatu eta etiketatu dira. Eredua bideoetan aplikatzean, animaliak automatikoki detektatzeko eta sailkatzeko duen gaitasuna erakutsi du.
Garapen horrek grabazioak biodibertsitateari buruzko informazio bihurtzen laguntzen du, eta irudi-kopuru handiak aztertzeko lana arintzeko aukera eskaintzen du. Horrela, itsas hondoa behatzeko sistemarekin batera, bildutako informazioa ikerketan eta ingurumen-jarraipenean erabiltzeko tresna ere landu da.
Proiektuan, zetazeoak haien soinuen bidez automatikoki identifikatzeko eredua ere landu da. Horretarako, bederatzi zetazeo-espezieren grabazio etiketatuak erabili dira, eta izurdeen familiako soinuak talde mailan identifikatzeko gaitasuna ere garatu da.
Kanpainan jasotako audioen azterketan, bost zetazeo-espezie identifikatu dira: orkak, izurde handiak, izurde muturmotza espezieko izurdeak, izurde arruntak eta kaxaloteak. Beste 95 audio-erregistro izurdeen familiaren barruan sailkatu dira, espeziea zehaztu gabe. Datu horiek soinu-erregistroetako identifikazioei dagozkie, ez animalia-kopuruari.
Bi behaketa-motek elkar osatzen dute: kamerek hondo inguruko fauna aztertzeko aukera ematen dute; soinu-erregistroek, berriz, zetazeoen presentziari buruzko informazioa eskaintzen dute.
ItsasLANDERen emaitzek itsas ekosistemak aztertzeko aukera berriak eskaintzen dituzte. Babestutako eremuen biodibertsitatearen jarraipena, habitatak leheneratzeko ekintzen ebaluazioa eta itsas azpiegituren inguruko faunaren behaketa dira teknologiaren aplikazio posibleetako batzuk.
Esaterako, sistema erabil liteke itsas energia berriztagarrien instalazioen, urpeko kableen edo akuikultura-instalazioen inguruan zer espezie agertzen diren aztertzeko. Behaketak denboran errepikatuz, faunan gertatzen diren aldaketak aztertu eta jarduera horien ingurumen-ebaluazioak datu gehiagorekin osatu ahal izango lirateke.
Proiektuan probatutako sistemak eta garatutako analisi-tresnek oinarri bat eskaintzen dute aplikazio horietan aurrera egiteko. Itsas hondoari buruzko informazioa biltzea eta aztertzea erraztuz, administrazioei eta itsas sektoreei ingurunea hobeto ezagutzen eta erabakiak datu zientifikoetan oinarritzen lagun diezaiekete.