Albisteak

Itsas zientzietako nazioarteko erreferenteak Donostian bildu dira Bizkaiko golkoaren etorkizunaz eztabaidatzeko

16.06.2026
Lerroak: Arrantza eta akuikultura eraginkorra eta jasangarria, Ekonomia urdina, Ingurumen-erresilientzia eta aldaketa globala, Itsaso eta kostaldeko ingurumen-kudeaketa, Klima Aldaketa

Edukien aurkibidea

Donostia, 2026ko ekainaren 16a. Gaur hasi da Donostian ISOBAY Nazioarteko Sinposioaren XIX. edizioa. Hiru egunez, hiria Bizkaiko Golkoaren ikerketan espezializatutako komunitate zientifikoaren topagune bihurtuko da. Biltzarrak 170 ikertzaile eta itsas kudeaketako profesional baino gehiago, baita hainbat herrialdetako adituak ere elkartuko ditu, Iberiar penintsulako iparraldearentzat eta Europarentzat estrategikoa den itsas eremu honi buruzko azken aurrerapenak partekatzeko.

Bi urtez behin egiten den ISOBAY sinposioak hemeretzigarren edizioa du aurten, AZTIk antolatuta. Bizkaiko Golkoa aztertzeko foro zientifiko nagusietako bat bihurtu da, kostaldeko eremuetatik hasi eta ur ozeanikoetaraino, estuarioak, itsasadarrak, aintzirak eta giza jardueren zein klima-aldaketaren eraginekiko bereziki sentikorrak diren trantsizioko beste ekosistema batzuk barne hartuta.

Datozen egunetan 150 ikerketa baino gehiago aurkeztuko dira itsas ekosistemek gaur egun dituzten erronka nagusiei buruz. Horien artean daude klima-aldaketaren ondorioak, biodibertsitatearen kontserbazioa, arrantzaren eta akuikulturaren kudeaketa jasangarria eta ekonomia urdinari lotutako teknologia berrien garapena.

«Bizkaiko Golkoa laborategi natural paregabea da, gure garaiko ingurumen- eta gizarte-ekonomia arloko erronka nagusietako batzuk bertan elkartzen direlako. Diziplina desberdinetako adituak biltzeak prozesu horien ikuspegi integratua lortzea ahalbidetzen du, eta egungo zein etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliagarria den ezagutza sortzen laguntzen du», nabarmendu du Ángel Borjak, AZTIko itsas eta kostaldeko ingurumen-kudeaketan adituak eta ekitaldiaren antolatzaileetako batek.

Zientzia itsasoa hobeto ulertu eta kudeatzeko

Emaitza zientifikoak aurkezteaz gain, diziplinen arteko elkarrizketa sustatu eta itsas ekosistemen funtzionamenduaren ikuspegi integrala bultzatu nahi du ISOBAYk. Helburua da aurrerapen zientifikoek ezagutzaren garapenean laguntzeaz gain, ozeanoaren osasuna zaintzen eta haren baliabideen erabilera jasangarria bermatzen lagunduko duten irtenbideak sustatzea.

Saio zientifikoak zazpi gai nagusiren inguruan antolatuko dira: geologia eta sedimentazioa; ozeanografia fisikoa eta ozeano-klima harremanak; ziklo biogeokimikoak; teknologia urdinak; giza jardueren eraginak eta ingurumen-kudeaketa; arrantza eta akuikultura; eta biodibertsitatea eta ekosistemen funtzionamendua.

Programak, gainera, nazioartean ospe handia duten hizlariak izango ditu. Horien artean dago Abigail McQuatters-Gollop Plymouthko Unibertsitateko irakaslea, Atlantikoko ipar-ekialdeko habitat pelagikoen egoera ebaluatzeko planktonaren ugaritasun- eta aniztasun-adierazleen erabilera azalduko duena. Bestalde, Raquel Somavilla Espainiako Ozeanografia Institutuko (IEO-CSIC) ikertzaileak ikuspegi eguneratua eskainiko du ozeanoaren estratifikazioari eta ur-masen dinamikari buruz, gainazaletik sakonera handienetaraino.

Donostiaren nazioarteko proiekzio zientifikoa indartuz

ISOBAY sinposioa Donostian egiteak hiria zientziarekin, berrikuntzarekin eta itsas jasangarritasunarekin konprometitutako erreferente gisa sendotzen du. Biltzarrak hainbat herrialdetako ikertzaile eta profesional espezializatuak erakarriko ditu, eta, aldi berean, 175.000 euro inguruko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten da hirian, ostatu, ostalaritza, garraio eta bestelako zerbitzuei lotutako jardueraren bidez.

Era berean, topaketak nazioarteko lankidetza zientifikoko sareak indartzen laguntzen du, eta aukera eskaintzen die ikerketa-ibilbidearen hasierako etapetan dauden ikertzaileei beren lanak itsas arloko nazioarteko erreferenteekin batera aurkezteko.

ISOBAYri buruz

ISOBAY bi urtez behin egiten den nazioarteko sinposio zientifikoa da, Bizkaiko Golkoaren azterketa multidiziplinarrari eskainia. Sortu zenetik, ekosistema honen funtzionamendua eta kudeaketa jasangarria baldintzatzen dituzten prozesu fisiko, biologiko, geologiko eta sozioekonomikoak ulertu nahi dituzten ikertzaileen topagune izan da. Helburua lankidetza zientifikoa sustatzea eta zientziaren aurrerapenean nahiz itsas ingurunea kontserbatzeko eta arduraz erabiltzeko erabaki informatuak hartzen lagunduko duen ezagutza sortzea da.

Erlazionatutako aktualitatea

Albisteak 02.07.2026

AZTIk eta EHUk aurrera egin dute hegazti-ekoizpenean Campylobacter murrizteko tresna biologiko berrien garapenean

Gehiago irakurri
Albisteak 25.06.2026

Duela ia hamar urte markatutako atun moja baten berreskurapenak espeziaren arrantzaren kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko du

Gehiago irakurri
Albisteak 24.06.2026

INKUBA SAREA 2-ren aurkezpena: elikagaien teknologiako (FoodTech) berrikuntzarako mugazgaindiko azeleratzailea

Gehiago irakurri
Albisteak 18.06.2026

Food 4 Future 2026: elikagaien industriaren lehiakortasuna zehaztuko duten 10 gakoak

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak