Edukien aurkibidea
Derio, 2026ko ekainaren 9a. Berrikuntza teknologiko bat merkatura eramatea eta industriarentzat zein gizartearentzat benetako balioa izango duen irtenbide bihurtzea da startup askoren erronka nagusietako bat. Horretan laguntzeko, AZTI RAÍCES programara batu da bazkide zientifiko-teknologiko gisa. Eatable Adventures-ek sustatzen duen nazioarteko startupak azeleratzeko programa honek bigarren ediziorako deialdia ireki berri du.
RAÍCES programak Espainiako eta Latinoamerikako hazkunde-potentzial handiko agrifoodtech startupak identifikatu eta haien garapena bizkortzea du helburu. Horretarako, elikadura-sistemaren erronka nagusiei erantzuten dieten irtenbide berritzaileak garatzen dituzten enpresak bilatzen ditu, besteak beste, bioteknologian, osagai berrietan, elikadurari aplikatutako adimen artifizialean, nekazaritza aurreratuan, ekonomia zirkularrean eta ekoizpen eraginkorragoa eta jasangarriagoa ahalbidetzen duten teknologietan.
Eatable Adventures-en nazioarteko sareari esker, hautatutako startup-ek hazteko eta nazioartekotzeko diseinatutako ekosistema batean sartuko dira. Programak Europa eta Latinoamerikako korporazioekin, inbertsio-funtsekin eta erakunde laguntzaileekin harremanetan jartzen ditu, merkatuan baliozkotzeko, nazioartean hedatzeko eta negozio-aukerak sortzeko.
Gainera, startup-ek gutxienez 100.000 euroko hasierako inbertsioa izango dute bermatuta, milioi bat eurorainoko baterako inbertsioa lortzeko aukera izango dute, nazioarteko coinbertitzaileen sarera iritsiko dira eta sektoreko enpresekin proiektu pilotuak eta kontzeptu-probak garatu ahal izango dituzte. Aurreko edizioan 15 proiektu pilotu eta kontzeptu-proba baino gehiago jarri ziren abian, eta elikadura-industriako enpresekin 23 lankidetza-akordio sinatu ziren.
AZTIk startup horien oinarri zientifiko-teknologikoa sendotzen lagunduko du. Horretarako, ebaluazio eta baliozkotze teknologikorako gaitasunak, aholkularitza zientifiko espezializatua eta ikerketa-azpiegituretarako sarbidea eskainiko dizkie, garatutako teknologien heldutasuna bizkortu eta merkaturatzeko bidea errazteko.
“Startup askok teknologia oso itxaropentsuak garatzen dituzte, baina merkatura iritsi aurretik ezinbestekoa dute haien bideragarritasuna frogatzea, konfiantza sortzea eta industriaren benetako beharretara egokitzea. RAÍCES programan gure ekarpena ezagutza zientifikoa eta baliozkotze-gaitasunak eskaintzea da, berrikuntza horiek irtenbide sendoago eta merkaturatzeko prest dauden teknologia bihur daitezen”, adierazi du Itziar Tuerosek, AZTIko zuzendari nagusiordeak.
Horrez gain, AZTIk Euskadiko elikadura-berrikuntzaren ekosistemarako ate gisa ere jardungo du, startup-ak enpresekin, zentro teknologikoekin eta erakundeekin harremanetan jarriz, haien garapena azkartzeko.
RAÍCES programan parte hartzea AZTIren ezagutza-transferentziaren estrategiaren barruan kokatzen da. Helburua da berrikuntza sustatzea eta elikadura-sistema osasungarriago, jasangarriago eta lehiakorrago baterako irtenbideak garatzen laguntzea.
“Elikadura-sistema eraldatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da zientziaren, ekintzailetzaren eta industriaren arteko lankidetza. RAÍCES bezalako programek lotura horiek sendotu eta berrikuntzak merkatura azkarrago iristen laguntzen dute”, gaineratu du Tuerosek.
RAÍCES programaren bigarren ediziorako deialdia ekainaren 28ra arte egongo da zabalik.
RAÍCES Eatable Adventures-ek sustatutako nazioarteko startupak azeleratzeko programa da. Espainiako eta Latinoamerikako hazkunde-potentzial handiko agrifoodtech startupak identifikatu eta haien hazkundea bizkortzea du helburu. Horretarako, inbertsioa, baliozkotze teknologikoa, korporazioekin lan egiteko aukera eta nazioarteko aditu zein inbertitzaileen sare baterako sarbidea eskaintzen ditu, elikadura-sistemarako irtenbide berritzaileak merkatura azkarrago irits daitezen.