Albisteak

Duela ia hamar urte markatutako atun moja baten berreskurapenak espeziaren arrantzaren kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko du

25.06.2026
Lerroak: Arrantza eta akuikultura eraginkorra eta jasangarria, Ekonomia urdina
Thunnus_obesus_bigeye_tuna_sostenibilidad_pesquera

Edukien aurkibidea

Pasaia, 2026ko ekainaren 23a. Duela ia hamar urte markatutako atun moja baten berreskurapenak aukera zientifiko paregabea ekarri du espezie horren hazkundeari buruzko ezagutza hobetzeko eta arrantza-kudeaketaren oinarri zientifikoa indartzeko. MAZAIDO armadorearen Escualo Cuatro palangreontzi galiziarrak duela gutxi Atlantiko ekuatorialean atun moja bat (Thunnus obesus) harrapatu zuen, gorputzean kanpoko marka bat zuela. Arraina 2016ko abuztuan markatu zuen AZTIko ikertzaile batek Cabo Verdeko uretan, Atlantikoko Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) sustatutako AOTTP programa zientifikoaren barruan. Escualo Cuatro ontziko tripulazioak marka identifikatu zuen, alea osorik gorde zuen eta ICCATi nahiz AZTIko eta IEO-CSICeko ikertzaileei jakinarazi zien. Arrantza-sektorearen, komunitate zientifikoaren eta kudeaketa-erakundeen arteko lankidetza horri esker, ale horrek balio biologiko handiko informazioa eman dezake gaur egun.

Hamar urte geroago markatutako atun batek irakats dezakeena

Arrainek otolito izeneko egitura kaltzifikatu txikiak dituzte, eta horietan bizitza osoan zehar izandako hazkundea erregistratzen da, zuhaitzen eraztunen antzera. Nolabait esateko, arrainaren kutxa beltza dira: haien irakurketari esker, adina eta hazkunde-tasa zehaztasunez berreraiki daitezke.

2016an, ICCATen markaketa-kanpainaren barruan (AOTTP), AZTIko ikertzaile batek konposatu kimiko bat injektatu zion 55 zentimetro inguruko atun moja bati, eta haren hezurretan data zehatz batekin lotutako aztarna iraunkorra utzi zuen. Ia hamar urte geroago, arrain bera berriro harrapatu zuten: ordurako 158 zentimetroko luzera eta 79 kiloko pisua zituen. Marka horrek erreferentzia-puntu argia eta zalantzarik gabekoa eskaintzen du gaur egun. Otolitoa mikroskopioz aztertuta, zientzialariek argi bereiz ditzakete markaketa egin aurretik eta ondoren sortutako eraztunak, baita berriz harrapatu arte igarotako ia hamar urteei dagozkienak ere.

«Markatutako arrain hau erreferentzia paregabea da: beste ale batzuetan zenbatetsi besterik ezin duguna ziurtasunez egiaztatzeko aukera ematen digu. Haren otolitoak populazio osoari aplikatzen dizkiogun irakurketa-irizpideak eta metodoak balioztatzen laguntzen digu», azaldu du Patricia Lastra AZTIko ikertzaileak.

Ale horren analisia ITUNNES Europako proiektuaren barruan egiten ari dira. Proiektuaren helburua atun tropikalen ezagutza biologikoa hobetzea eta arrantza-kudeaketako erabakien oinarri zientifikoa indartzea da.

«Xehetasun-maila horrek —markaketaren eta berriz harrapatzearen artean arrain batek zehazki zenbat hazi den jakiteak eta eraztunek tarte hori fideltasunez islatzen dutela egiaztatzeak— hazkunde-kurba fidagarriak eraikitzeko aukera ematen du. Informazio hori funtsezkoa da populazioen egoera ebaluatzeko erabiltzen ditugun ereduetan», gaineratu du Lastrak.

Datu hobeak kudeaketa zehatzago baterako

Harrapaketa-kuotak edo kontserbazio-neurriak bezalako arrantza-kudeaketako erabakiak populazioen egoera zenbatesten duten ebaluazio zientifikoetan oinarritzen dira. Ebaluazio horiek fidagarriak izan daitezen, ezinbestekoa da espezieen biologiaren oinarrizko alderdiak zehaztasunez ezagutzea, eta horien artean dago hazkundea. Arrain bat zer erritmotan hazten den jakiteak gainerako guztian eragiten du: noiz ugaltzen den, zenbat urte bizi den eta, azken batean, arrantzarako zenbat ale dauden eskuragarri.

Atun moja poliki hazten da eta hainbat urte behar ditu heldutasun sexualera iristeko. Haren adina gaizki kalkulatzen bada, bereziki lehen heldutasunaren adina, itsasoan zenbat arrain dauden zehazteko estimazioak okertu egiten dira, eta arrantza-gomendioak motz gera daitezke edo gehiegizkoak izan. Horrek ondorioak izan ditzake bai populazioaren egoeran, bai etorkizuneko harrapaketa-aukeretan. Ziurgabetasun hori murriztea ez da xehetasun tekniko hutsa: kudeaketa prebentibo baten eta beranduegi erreakzionatzen duen baten arteko aldea markatzen du.

Hazkundeari buruzko estimazio sendoak izatea ez da funtsezkoa soilik espeziea kontserbatzeko. Elikadura-iturri estrategiko baten jasangarritasunean eta munduko herrialde askotan atun-arrantzaren mende dauden komunitate eta sektore ekonomikoen egonkortasunean ere eragin zuzena du.

«Markatu eta berreskuratzen den arrain bakoitza balio zientifiko handiko pieza da. Ale honek, gainera, ia bizitza oso bat hartzen du bere baitan», ondorioztatu du Patricia Lastrak.

Sektorearen lankidetza, ezagutza sortzeko giltzarri

Aurkikuntza hau ezinezkoa izango zen Atlantikoan egunero lanean aritzen diren arrantzaleen inplikaziorik gabe. Marka identifikatzea, alea osorik gordetzea eta ikertzaileen eskuetara iristea bermatzea ezagutza, borondatea eta urteetan zehar arrantza-sektorearen eta komunitate zientifikoaren artean eraikitako konfiantza-harremana eskatzen duten urratsak dira.

Aliantza horri esker dute zentzua markaketa-programek. Berreskuratutako aleei esker, behar bezala kontserbatutako laginei esker, egiten dutenaren balioa ulertzen duten arrantzaleei esker eta ICCATek sustatutako ikerketa-taldeen arteko lankidetza eta koordinazioari esker, atunaren arrantza-zientziak aztertu nahi duen errealitatearekin lotura estua mantentzen du.

Alea, portuan lehorreratu ondoren, WOFCO Galiziako enpresa frigorifikoaren laguntzari esker kontserbatu zuten, ITUNNESeko talde zientifikoaren esku utzi aurretik. ICCATeko idazkaritzaren hasierako koordinazio-lanei esker abiatutako lankidetza-kate horretan MAZAIDO armadorea, IEO-CSIC eta AZTI aritu dira elkarlanean. Horrela, itsasoan egiten den lana arrantza-baliabideen kudeaketa jasangarrirako funtsezkoa den ezagutza zientifikoaren sorrerarekin lotu da.

ITUNNES: jasangarritasuna adierazpen hutsa izan ez dadin

Atun moja honen analisia ITUNNES (Improving Tropical tUNa kNowledge for End userS) Europako proiektuaren barruan egiten ari dira. Proiektua Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Europako Agentzia Exekutiboak (CINEA) finantzatzen du, AZTIk koordinatzen du eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsaren esparruan garatzen da.

Lortutako emaitzek zuzenean elikatuko dituzte nazioarteko kudeaketa-erabakiak hartzeko erabiltzen diren stocken ebaluazio-ereduak, arrantzaren jasangarritasuna ebidentzia zientifiko sendo eta eguneratuan oinarritu dadin.

Erlazionatutako aktualitatea

Albisteak 25.06.2026

Duela ia hamar urte markatutako atun moja baten berreskurapenak espeziaren arrantzaren kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko du

Gehiago irakurri
Albisteak 24.06.2026

INKUBA SAREA 2-ren aurkezpena: elikagaien teknologiako (FoodTech) berrikuntzarako mugazgaindiko azeleratzailea

Gehiago irakurri
Albisteak 18.06.2026

Food 4 Future 2026: elikagaien industriaren lehiakortasuna zehaztuko duten 10 gakoak

Gehiago irakurri
Albisteak 16.06.2026

Itsas zientzietako nazioarteko erreferenteak Donostian bildu dira Bizkaiko golkoaren etorkizunaz eztabaidatzeko

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak