Edukien aurkibidea
Barakaldo, 2026ko maiatzaren 27a. TECNALIAk eta AZTIk —biak ala biak Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) kideak— ibilbide luzeko aliantza estrategiko bat sinatu dute gaur Food4Futuren, nekazaritzako elikagaien industriaren eta ekonomia urdinaren erronkei elkarrekin erantzuteko. Hitzarmenak zenbait gaitasun osagarri uztartzen ditu: batetik, industriaren digitalizazioa, AA eta bioteknologia (TECNALIA) eta, bestetik, elikadura-sistema jasangarriak, blue fooda eta bioekonomia (AZTI). Halaber, aurreikusten du baterako negozio-unitate bat sortzea teknologia merkatura azkarrago transferitzeko.
Aliantza hori ALIANTZAK Proiektu Estrategikoaren parte da, zeina 2026ko Kudeaketa Planaren eta AZTI2030en oinarrietako bat baita, baita TECNALIAren eta AZTIren Plan Estrategikoena ere. Gainera, Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa 2030ek (PEGA2030) dituen helburuekin lerrokatzen da berrikuntza teknologikoari, nazioarteko hedapenari eta enpresen arteko lankidetzari dagokionez.
TECNALIAko zuzendari nagusiak, Jesús Valerok, eta AZTIko zuzendari nagusiak, Rogelio Pozok, Food4Future azokan sinatu dute hitzarmena, eta, haren bidez, elikaduraren eta ekonomia urdinaren balio-kate osorako plataforma komun batean gaitasun zientifikoak eta baliabide teknologikoak optimizatzeko konpromisoa hartu dute. Hitzarmenak onura nabarmenak ekarriko dizkie enpresei, kontsumitzaileei, gizarteari eta ingurune naturalari.
“Aliantza hau ez da akordio puntual bat: lan egiteko modu berri bat da”, azaldu du Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak. “Hitzarmen honek ez du gure identitatea lausotzen; aitzitik, argiago definitzen du. TECNALIAren gaitasun digitalak eta bioteknologia industrialekoak itsas zientzian eta elikaduran egin dugun ibilbidearen osagarri dira, eta, haiei esker, proposamen osoagoak, ekipo zabalagoak eta erantzun-denbora laburragoak eskaini diezaiekegu enpresei. Elkarrekin negozio-unitate bat eraikitzeko helburua aliantza hau merkatura iritsiko dela bermatzeko modurik onena da.”
“Aliantzak industriarako lehiakortasun-tresna izatea du helburu, berrikuntza-prozesuak bizkortu, garapen teknologikoko denborak laburtu eta testuinguru gero eta zorrotzago eta aldakorrago bati erantzuteko gaitasuna hobetzeko aukera emango duena”, adierazi du Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak.
TECNALIAren eta AZTIren diziplina anitzeko lantalde guztiei esker, nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresei eta haien balio-kateari (osagaiak, packaginga, ondasunak eta zerbitzu osagarriak) soluzio integratu batzuk eskaini ahal izango zaizkie hauek konbinatuz: prozesatze- eta kontserbazio-teknologiak, osagai osasungarriak, kalitate-kontrolaren digitalizazioa eta kontsumitzailearen pertzepzioa.
TECNALIAk eta AZTIk elkarrekin lan egingo dute soluzio digital aurreratuak garatzen —biki digitala, AA aplikatua eta sentsorika barne— helburu hauek lortzeko: ur-ekosistemak monitorizatu eta modu jasangarrian kudeatu, energia-efizientzia hobetu, itsasoko balio-katean hondakinak murriztu eta baliabide naturalak modu zehatzago eta jasangarriagoan kudeatzen laguntzen duten sistema adimendunak garatu.
Hitzarmenak ekonomia urdineko ekimenak sustatzen ditu; adibidez, itsasoko azpiproduktuak balorizatzea eta bioteknologia urdina. Azken hori oinarri hauek dituen diziplina emergente bat da: bioprozesuak, hartzidura aurreratua eta itsas jatorriko elikagai funtzional berriak sortzea, beti ere elikaduran, osasunean eta jasangarritasunean aplikazioak izan ditzaten.
Zuzendaritza Batzorde Bateratu batek, koordinaziorako organo eragile batek eta bi erakundeetako patronatuen ordezkaritza duen goi-mailako batzorde batek osatzen dute aliantza. Zuzendaritza Batzorde Bateratua hiru hilean behin elkartuko da, goi-mailako batzordea urtean behin, eta hitzarmenaren aurrerapenaren tarteko berrikuspen bat egingo da 18 hilabetera. MoU dokumentuak aliantzaren eremu eta merkatuetan elkarri lehiarik ez egiteko berariazko itunak jasotzen ditu, eta eredua berariaz dago irekia beste bazkide osagarri batzuk sartzeko. Lehenengo mugarriak 2026an ikusiko dira, eta bi erakundeak lanean ari dira Europako deialdietan elkarrekin proposamen lehiakorrak egiteko, sektoreko foroetan modu koordinatuan egoteko eta teknologia-mapaketa komun bat egiteko.