Albisteak

AZTIk eta EHUk aurrera egin dute hegazti-ekoizpenean Campylobacter murrizteko tresna biologiko berrien garapenean

02.07.2026
Lerroak: Elikagaien kalitatea eta segurtasuna, One health
AZTI_FAGOS_CAMPYLOBACTER

Edukien aurkibidea

Derion, 2026ko uztailaren 2an. AZTIko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile-talde batek beste urrats bat egin du Campylobacter kontrolatzeko irtenbideen bilaketan. Bakterio hori ohikoa da hegaztietan, eta urtero milaka elikadura-infekzio eragiten ditu Europan.

Frontiers in Microbiology aldizkari zientifikoan argitaratutako lanak lau bakteriofagoz edo fagoz osatutako koktel baten eraginkortasuna ebaluatu du. Fagoak naturan dauden birusak dira, bakterio jakin batzuk soilik infektatzen dituztenak. Kasu honetan, ikertzaileek egiaztatu dute Campylobacter-en hainbat barietateri erasotzeko gaitasuna dutela, baita antibiotikoekiko erresistenteak diren andui batzuei ere.

Aurrerapen horren garrantzia honetan datza: bakterio hori elikagaietara irits ez dadin, ekoizpen-katean ahalik eta goizen murriztea da biderik eraginkorrena. Hala, hegaztietan Campylobacter kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta txikiagoa izango da haragia kutsatzeko arriskua eta, ondorioz, kontsumitzaileen artean kanpilobakteriosi-kasuak agertzeko aukera.

Lortutako emaitzek erakutsi dute hainbat bakteriofago konbinatzeak bakterioaren andui-aniztasun zabal baten aurrean jarduteko aukera ematen duela; hori bereziki garrantzitsua da etorkizuneko kontrol-tresnak garatzeko. Gainera, tratamenduak in vivo eraginkortasuna erakutsi zuen Galleria mellonella ereduan —hegaztietan egin aurreko probetarako zubi-eredu gisa erabiltzen den intsektu-larba batean—.

Ikuspegi hori Campylobacter-en aurkako bakteriofagoen ebaluazioaren lehen adibideetako bat da eredu esperimental horretan. Sistema horretan lortutako emaitzek infekzioaren ondorioak nabarmen murriztu zirela erakutsi zuten. Zehazki, biziraupena % 25,5etik % 57,5era igo zen fago-koktelarekin, eta % 89 inguruko balioetara iritsi zen eritromizinarekin konbinatuta. Emaitza horiek eredu esperimental horretan lortu dira, eta estrategiaren potentziala erakusten dute; hala ere, oraindik egiaztatu gabe dago benetako hegazti-ekoizpeneko baldintzetan duen baliozkotasuna.

“Elikagaien segurtasunaren erronka handietako bat da mikroorganismo patogenoak elikagaietara iristea saihestea. Ikerketa honek erakusten du bakteriofagoak tresna oso itxaropentsua izan daitezkeela Campylobacter elikadura-katearen lehen faseetatik kontrolatzen laguntzeko eta dagoeneko indarrean dauden kontrol-neurriak osatzeko”, azaldu dute ikerketaren egileetako bik, Estibaliz Ruiz-Santamaríak (AZTI/EHU) eta Amaia Lasagabasterrek (AZTI).

Fagoak, antibiotikoen alternatiba osagarri bat

Antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen gorakadak prebentzio- eta kontrol-estrategia berriak garatzea bultzatu du. Fagoak alternatiba bioteknologiko itxaropentsuenetako bat dira, bakterio helburuaren gainean bakarrik jarduten dutelako, animaliaren edo ingurunearen gainerako mikroorganismoei eragin gabe.

Argitaratutako emaitzak BIOTEGANIA proiektuaren mugarri zientifikoetako bat dira. AZTIk eta CUARTEk (Grupo Jorge) elkarrekin gidatutako proiektu horren helburua da animalia-ekoizpenean eta elikagaien segurtasunean interesekoak diren patogenoak prebenitzeko eta kontrolatzeko irtenbide biologiko berriak garatzea. Proiektuaren hurrengo fasean fago-koktel desberdinak garatzen eta optimizatzen jarraituko da, eta eredu esperimental aurreratuagoetan ebaluatuko dira, benetako ekoizpen-baldintzetan balioztatu aurretik. Helburua da teknologia hori hegazti-industrian Campylobacter kontrolatzeko etorkizuneko tresna gisa aplikatzera hurbiltzea.

Aurrerapen honek fagoen potentziala indartzen du elikadura-katean Campylobacter-aren presentzia prebenitzeko tresna berri gisa. Horrela, hegazti-ekoizpen seguruagoa eta jasangarriagoa sustatzen laguntzen du, One Health ikuspegiarekin bat eginez, eta antibiotikoen erabilera osatuko duten alternatiben garapena bultzatzen du.

Ikerketa AZTIko —Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea— eta EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzaileek garatu dute, BIOTEGANIA proiektuaren esparruan. Proiektua Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren parte diren CDTI eta AEIren finantzaketarekin garatu da, TransMisiones deialdiaren bidez, bai eta Eusko Jaurlaritzaren ikerketa zientifikoa babesteko hainbat programaren bidez ere.

Erlazionatutako aktualitatea

Albisteak 02.07.2026

AZTIk eta EHUk aurrera egin dute hegazti-ekoizpenean Campylobacter murrizteko tresna biologiko berrien garapenean

Gehiago irakurri
Albisteak 25.06.2026

Duela ia hamar urte markatutako atun moja baten berreskurapenak espeziaren arrantzaren kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko du

Gehiago irakurri
Albisteak 24.06.2026

INKUBA SAREA 2-ren aurkezpena: elikagaien teknologiako (FoodTech) berrikuntzarako mugazgaindiko azeleratzailea

Gehiago irakurri
Albisteak 18.06.2026

Food 4 Future 2026: elikagaien industriaren lehiakortasuna zehaztuko duten 10 gakoak

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak