Albisteak

Gipuzkoak Oriako ibaiaren itsasadarrean karbono urdineko ekosistemak lehengoratu ditu, klima-aldaketaren aurkako borroka indartzeko

05.02.2026
Lerroak: Itsaso eta kostaldeko ingurumen-kudeaketa, Klima Aldaketa

Orio, 2026ko otsailaren 4ean.– Zazpi hilabeteko lanaren ondoren, 2025eko abenduan amaitu dira Oriako ibaiaren itsasadarrean karbono urdineko ekosistemak lehengoratzeko proiektuaren jarduketak. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko Zuzendaritza Nagusiak bultzatu du, AZTIk gauzatu du, eta Orioko Udalaren lankidetza izan du.

Proiektuaren helburu nagusia Zostera noltei espezieko itsas belardiak berreskuratzea izan da. Marearteko eremuetan hazten den landare honek funtzio garrantzitsua etetzen du: itsas espezie askorentzat babes- eta hazkuntza-gune izateaz gain, karbonoa xurgatu eta metatzeko gaitasuna du, eta klima-aldaketaren aurkako aliatu naturala da.

Proiektuaren baitan, hiru lehengoratze-teknika erabili dira, Oriako estuarioaren baldintzetan duten eraginkortasuna ebaluatzeko: beste itsas belardi batzuetatik ekarritako landare-zatien transplantea; beste estuario batzuetan bildutako hazien ereintza; eta itsasertzera iristen diren landare-hondakinen birlandaketa.

Lan horiek itsasadarraren hiru gunetan egin dira: aho inguruan eta sistemaren erdialdeko bi eremutan. Horrela, ingurune desberdinetan egindako esku-hartzeen bilakaera alderatu ahal izango da.

Itsas belarraren landaketaz gain, proiektuak etorkizuneko jarraipena egiteko oinarri zientifikoak ezarri ditu. Horretarako, sedimentu-laginak hartu dira, itsas belardiek modu naturalean zenbat karbono metatzeko ahalmena duten aztertzeko erreferentzia gisa balioko dutenak datozen urteetan.

Itsas belardiak funtsezko elementuak dira karbono urdineko ekosistemetan, eta haien lehengoratzeak onura zuzenak ditu bai ingurumenean bai herritarrengan: biodibertsitatea sendotzen du, itsasadarraren kalitate ekologikoa hobetzen du, eta naturan oinarritutako irtenbideak sustatzen ditu klima-aldaketari aurre egiteko.

Proiektua Gipuzkoako trantsizio ekologikoko eta klima-aldaketara egokitzeko politiken barruan kokatzen da, eta etorkizunean itsasadarreko beste eremu batzuetan antzeko jarduketak garatzeko oinarri sendoa ezartzen du.

Erlazionatutako aktualitatea

Albisteak 07.05.2026

Grupo Iruñaren Iberdrola Dorreko jatetxeak Euskadiko lehen “Sustainable Gastronomy” ziurtagiria eskuratu du

Gehiago irakurri
Albisteak 05.05.2026

AZTIk sistema aitzindari bat garatu du inguraketa-sareak denbora errealean monitorizatzeko eta arrantzaren eraginkortasuna, segurtasuna eta jasangarritasuna hobetzeko

Gehiago irakurri
Albisteak 04.05.2026

OR.PA.GU.k eta AZTIk aurrera egiten dute NIR teknologiaren balidazioan, marlin urdinaren identifikaziorako eta arrantza-industriako trazabilitatea hobetzeko

Gehiago irakurri
Albisteak 17.04.2026

Bakteriofagoei buruzko memoria berria prest

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak