Bloga

Rugulopteryx okamurae: espezie inbaditzaile berri bat euskal kostaldean

Egilea: Iñigo Muxika. Ikertzaile senior (PhD)
20.07.2026
Lerroak: Itsaso eta kostaldeko ingurumen-kudeaketa

Edukien aurkibidea

Azken asteotan, Euskal Herriko kostaldeko hainbat hondartzatan alga-metaketa handiak agertu dira, eta horietan Rugulopteryx okamurae identifikatu da. Asiako jatorria duen alga hori espezie inbaditzailetzat jotzen da penintsulako hainbat eremutan. Herritarrak, administrazioak eta komunitate zientifikoa arretaz jarraitzen ari dira haren presentzia, batez ere espeziea aspalditik finkatuta dagoen beste eskualde batzuetan eragin dituen ondorioak ikusita.

Mendebaldeko Pazifikotik datorren alga

R. okamurae alga arrea da, mendebaldeko Pazifikoan; zehazki, Japoniako, Txinako eta Koreako kostaldeetakoa. Iberiar penintsulan 2016an atzeman zen lehen aldiz, Gibraltarko itsasartetik gertu. Ordutik, azkar hedatu da, bai Mediterraneoan, bai penintsulako kostalde atlantikoan.

Bizkaiko golkoan 2023an detektatu zen lehen aldiz, Nerbioi estuarioan, eta 2024an haren presentzia baieztatu zen Muskizen eta Bizkaiko kostaldeko beste zenbait lekutan. 2026ko udan, Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetan agertutako alga-metek, Orio eta Hondarribia arteko behaketa berriek eta Hendaia eta Baiona artean jasotako erregistro ugariek erakusten dute espeziea azkar hedatzen ari dela Bizkaiko golko osoan.

Nola iritsi da honaino?

Giza jardueren bidez, itsas espezieek distantzia handiak egin ditzakete. Sartzeko bide ohikoenen artean daude merkataritza-ontzien lasta-urak eta ontzien kroskoetara itsasten diren organismoak. Akuikulturak ere espezieen ustekabeko garraioa erraztu dezake, moluskuak edo bestelako organismoak eskualde batetik bestera lekualdatzen direnean.

Kantauri itsasoan eta Bizkaiko golkoan izan duen hedapenari dagokionez, oraindik ez dago informazio erabakigarririk. Hala ere, litekeena da bi mekanismok batera eragin izana: itsaslasterren bidezko sakabanatze naturalak eta portuen arteko ontzi-mugimenduekin lotutako garraioak. Izan ere, Kantauri itsasertzean erregistratutako lehen aipamenetako asko portu-instalazioetatik gertu kokatu ziren. Nolanahi ere, litekeena da Mediterraneoan erregistratutako lehen populazioetatik abiatutako bigarren mailako sarrera izatea, eta ez Pazifikotik zuzenean gertatutako lehen sarrera bat.

Antzematen zaila den espeziea

Isilean hedatzea erraztu duen faktoreetako bat gure kostaldean oso ohikoa den espezie autoktono batekin duen antzekotasun handia izan daiteke: Dictyota dichotoma espeziearekin, hain zuzen. Bi algek oso antzeko morfologia dute, eta ezin dira ziurtasunez bereizi begi hutsezko behaketa soil baten bidez.

Horren ondorioz, R. okamurae ugaritasun txikian dagoenean, erraz igaro daiteke oharkabean. Baliteke, beraz, zenbait eremutan uste baino lehenagotik egotea, orain arte antzeman ez bada ere.

Zergatik jotzen da espezie inbaditzailetzat?

Espezie exotiko guztiak ez dira inbaditzaileak. Espezie bat inbaditzailetzat jotzeko, ingurumenean, ekonomian edo giza osasunean kalteak eragin behar ditu.

R. okamurae espeziearen kasuan, orain arte ikusitako arazo nagusiak eragin ekologikoekin eta ekonomikoekin lotuta daude.

Euskal kostaldean eragiten dituen ondorioei buruzko azterlan espezifikorik ez dago oraindik. Hala ere, beste eskualde batzuetan —bereziki Mediterraneoan eta Gibraltarko itsasartean— metatutako esperientziak erakusten du alga horrek itsas hondo harritsuko azalera zabalak menderatu ditzakeela. Arrakastaz finkatu den lekuetan, biodibertsitate-galera nabarmenak eta komunitate bentonikoen pixkanakako homogeneizazioa dokumentatu dira; izan ere, tokiko alga-espezie ugari eta haiei lotutako fauna baztertzen ditu.

Ondorioak itsasoari lotutako sektore ekonomikoetan ere sumatu dira, harrapaketak murriztu direlako eta arrantza-aparailuen narriadurari lotutako kostuak handitu direlako.

Horrez gain, hondartzetara aldian-aldian iristen diren alga-metaketa handiak kentzeak ere gastu handiak eragiten ditu.

Ba al dakar osasunerako arriskurik?

Gaur egun dakigunaren arabera, R. okamurae ez da toxikoa ukitzean, eta ez du arriskurik eragiten pertsonen osasunerako.

Espezieari lotutako eragozpenak ingurumenekoak eta aisialdikoak dira batez ere. Uretan alga-kantitate handiak egotea deserosoa izan daiteke bainularientzat. Hondarretan pilatutako algek, berriz, usain txarra sor dezakete deskonposatzen hasten direnean, garaiz kentzen ez badira.

Nola ken daiteke?

Gaur egun ez dago espezie hori kostaldeko eremu zabaletan finkatu eta hedatu ondoren desagerrarazteko metodo eraginkorrik. Inbasioaren hasierako faseetan, ale gutxi batzuetara mugatzen denean, eskuz kentzea plantea liteke. Hala ere, D. dichotoma espeziearekin nahasteko erraztasunak bereziki zailtzen du garaiz antzematea.

Gainera, Bizkaiko golkoan gaur egun kaltetuta dauden eremuen hedadurak bideraezin egiten du zuzenean eta eskala handian ezabatzeko edozein estrategia.

Horregatik, ahaleginak espezieari buruzko ezagutza zientifikoa hobetzen, kudeaketa-tresnak garatzen eta haren hedapena mugatzeko eta eraginak murrizteko balio dezaketen metodoak aztertzen jarri behar dira.

Erantzunik gabeko galdera asko oraindik

Kezka gero eta handiagoa den arren, oraindik ez dakigu inbasioak zer bilakaera izango duen euskal kostaldean.

Lehentasunezkotzat jotzen da espeziearen egungo banaketaren kartografia xehea egitea, zer eremu kolonizatu dituen eta zein eremutan ez dagoen oraindik zehaztasunez jakiteko. Informazio horri esker, hedapena zer faktorek errazten duten eta zer faktorek mugatu dezaketen aztertu ahal izango da.

Era berean, funtsezkoa da tokiko espezieekin dituen elkarreraginak ikertzea. Besteak beste, argitu behar da ea baden algaz elikatzeko gai den organismorik, tokiko alga-espezieren batek inbaditzailearekin lehia egiteko gaitasunik duen edo Bizkaiko golkoko ingurumen-baldintzek haren garapena neurri batean moteldu dezaketen.

Etengabeko monitorizazioa ere ezinbestekoa izango da. Inbasio biologikoko prozesu batzuetan, hasierako hazkunde leherkorraren ondoren, populazioak egonkortu egiten dira eta oreka ekologiko berri batera iristen dira. Hala ere, oraindik goizegi da jakiteko gure kostaldean R. okamurae espeziearekin ere hori gertatuko den.

Ikerketa eta lankidetza, erronkari aurre egiteko

R. okamurae espezieak planteatzen duen erronkari aurre egiteko, lankidetzan oinarritutako erantzun koordinatua eta denboran iraunkorra behar da. Testuinguru horretan, AZTI EHUrekin elkarlanean ari da espeziea identifikatzen eta aztertzen, haren banaketari, biologiari eta bilakaerari buruzko funtsezko ezagutza sortzen laguntzeko.

Konponbide eraginkorrak lortzeko, administrazioen, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen gaitasunak bateratu behar dira. Horrela, ezagutza zientifikoa espeziearen hedapena mugatzen eta haren eragin ekologikoak eta sozioekonomikoak murrizten lagunduko duten kudeaketa-tresna bihurtu ahal izango da.

Ikerketa taldea

Iñigo Muxika

Iñigo Muxika
Ikertzaile senior (PhD)

Harremanetan jarri

Erlazionatutako aktualitatea

Bloga 20.07.2026

Rugulopteryx okamurae: espezie inbaditzaile berri bat euskal kostaldean

Gehiago irakurri
Bloga 08.06.2026

Klima-aldaketa eta informazio-sistemak: ikuspegi orokorra

Gehiago irakurri
Bloga 05.06.2026

Hegaluze-lata batek lagun diezaguke hobeto jaten?

Gehiago irakurri
Bloga 21.05.2026

AZTI F4F 2026an: elikagaien zientzia benetako konponbide bihurtzen denean

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak