Europar Batasuneko Uraren Esparru Zuzentarauak (UEZ) ur-sistemetako kutsatzaile-mailen jarraipen zorrotza egitea eskatzen du, haien egoera kimikoa ebaluatzeko. Hala ere, ohiko laginketa-metodoek muga handiak dituzte hidrodinamika handiko inguruneetan —hala nola estuarioetan eta kostaldeko eremuetan—, ur-masa etengabe aldatzen baita.
Ohiko teknika horiek uraren egoeraren une jakin bateko irudia baino ez dute jasotzen, eta ez dute kutsatzaileen espazio- eta denbora-aldakortasuna behar bezala islatzen. Ondorioz, itsas ingurunerako benetako arrisku toxikoaren ebaluazioa ez da behar bezain adierazgarria, eta horrek ingurumen-kudeaketa eraginkorra eta Europako helburuak betetzea zailtzen du.
MONITOOL proiektuaren bidez, AZTIk Europako beste zazpi ikerketa-zentrorekin batera parte hartu zuen laginketa pasiboko gailuen (PSD) baliozkotzean, ohiko metodoen alternatiba gisa.
Tresna horiek kutsatzaile kimikoak modu jarraituan metatzen dituzte denbora-tarte jakin batean, eta, horri esker, itsas inguruneko benetako kutsaduraren zenbatespen askoz adierazgarriagoa lor daiteke unean uneko laginketek eskaintzen dutena baino. Gainera, teknika sinpleagoak eta garbiagoak dira, laborategian laginak gutxiago manipulatu behar direlako, eta, ondorioz, kutsadura gurutzatua gertatzeko arriskua murrizten delako.
Guztira, hiru teknika desberdin erabiliz, kadmioaren, nikelaren, berunaren, aluminioaren, kobaltoaren, kobrearen, kromoaren, burdinaren, manganesoaren, zilarraren eta zinkaren kontzentrazioak aztertu ziren 700 ur-lagin baino gehiagotan.
Sektoreak: Arrantza eta akuikulturako sektorea, Itsas eta portu-azpiegiturak
Ikerketa lerroak: Itsaso eta kostaldeko ingurumen-kudeaketa
Ikerketa-azpilerroak: Itsas ingurunearen osasun-egoeraren ebaluazioa, Itsas inguruneko ingurumen-inpaktua eta zaintza