• AZTIk gidatutako nazioarteko ikerketak dioenez, plankton organismoak zenbat eta handiagoak izan, komunitateen arteko konexioa orduan eta txikiagoa da.
  • Emaitzek aditzera ematen dute ingurumen faktoreak baino garrantzitsuagoa dela sakabanaketa.
  • Planktona osatzen duten espezieen banaketari eragiten dioten faktoreak zein diren ezagutzea funtsezkoa da aldaketa globalak itsas ekosistemaren funtzionamenduari nola eragingo dionjakiteko.

(Pasaia, 2018ko urtarrilaren 10a) AZTIk gidatutako hainbat ikerlarik itsas planktonaren tamaina bere sakabanaketa eta banaketa globalerako gakoa dela frogatzea lortu dute,  Nature Communications aldizkariak bere azken alean argitaratutako artikuluan jasotzen duenez.Aurkikuntza garrantzitsua da, planktona itsasoko elikadura katearen oinarria baita, arnasten dugun oxigenoaren %50 sortzen baitu eta, aldi berean, atmosferatik CO2-a kentzen baitu.Funtzio horiek planktona osatzen duten espezieen banaketaren eta organismoen tamainaren araberakoak dira.

 “Large-scale ocean connectivity and planktonic body size” artikuluan, nazioarteko ikertzaile talde batek alderantzizko harreman bat aurkitu du plankton talde batzuen eta mikro-nektonen sakabanaketa eskalen eta horien beraien tamainaren artean.Ikertutako taldeek komunitate eta tamaina zabala hartzen dute, bakterioetatik hasi eta arrain meso-pelagiko txikietara, mikroalgetatik eta zooplanktonetik igarota.

“Ozeanoek lurraren ingurune jarraiturik handiena osatzen dute, eta epe luzera itsasoko ekosistema guztiak elkarren artean konektatuta egongo dira korronte ozeanikoen bidez”, azaldu du Ernesto Villarinok, AZTIko ikertzaile eta ikerketaren lehenen egileak.Hala ere, adierazi duenez, “bereizitako azpipopulazioen bidezko konektibitate biologikoa edo indibiduoen elkartrukea ez da uniformea, bere sakabanaketarako oztopoak baitaude.Planktona osatzen duten espezieen banaketari eragiten dioten faktoreak zeintzuk diren ezagutzea funtsezkoa da aldaketa globalak itsas ekosistemaren funtzionamenduari nola eragingo dion jakiteko”.

Ikerketaren emaitzek ebidentziak ematen dituzte sakabanaketa ingurumen deskriptoreak baino garrantzitsuagoa dela frogatzeko (hala nola, itsasoko tenperatura eta nutrienteak), plankton globalaren dibertsitatearen banaketari dagokionez. Ikerketan, AZTIko ikertzaileekin batera Espainiako, Estatu Batuetako, Britainia Handiko eta Saudi Arabiako instituzioetako ikerlariak aritu dira.

Bigarren emaitzak adierazten du plankton organismoaren tamaina alderantziz proportzionala dela bere abundantzia lokalarekiko eta sakabanaketa eskalarekiko, hau da, plankton organismoak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta txikiagoa dela komunitateen arteko konexioa. Hori gertatzen da espezie txikienak ugariagoak direlako eta korronteek gehiago sakabanatzen dituztelako.

Ikerketaren datuak Malaspina 2010 zirkumnabigazio espediziotik eskuratu ziren, ozeano sakoneko ekosistemaren eta biodibertsitatearen inbentario koherente eta bereizmen handikoa sortu baitzuen. Orain argitara ematen den artikulua giltzarria da itsasoko biodibertsitatea lokalki nola mantentzen den eta espazialki nola egituratzen den ulertzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Villarino, E., Watson, JR., Jönsson, B., Gasol, JM., Salazar, G., Acinas, SG.,  Estrada, M., Massana, R., Logares, R., Giner, CR., Pernice, MC., Olivar, MP.,  Citores, L., Corell, J.,  Rodriguez-Ezpeleta, N., Acuña, JL, Molina-Ramirez, A., González-Gordillo, JI., Cozar, A.,  Martí, E.,  Cuesta, JA.,  Agustí, S., Fraile-Nuez, E.,  Duarte, CM., Irigoien, X and Chust, G. Large-scale ocean connectivity and planktonic body size. Nature Communications. 9:142. https://doi.org/10.1038/s41467017-02535-8.

Azken berriak