Atlantikoko hegalaburra balio handiko baliabidea da, baina gehiegi ustiatua izan da urte luzez, eta oraindik ere gehiegizko arrantzak eta legez kanpoko trafikoak mehatxatzen dute. Kudeaketa bereziki konplexua da, Atlantikoan bi populazio bizi direlako: ekialdekoa —Mediterraneoan jaiotzen dena— eta mendebaldekoa —Atlantikoaren mendebaldean jaiotzen dena—. Azken hori urriagoa da eta babes handiagoa behar du.
Bi populazioak genetikoki desberdinak badira ere, kanpotik ezin dira bereizi, eta Atlantikoko “nahasketa-eremuan” harrapatzen diren aleen artean, orain arte, ez zen bideragarria zehaztasunez jakitea zer proportzio zetorren populazio bakoitzetik. Trazabilitate-gabezia horrek stocken ebaluazioa, kudeaketa-neurrien eraginkortasuna eta kuotak behar den zehaztasun-mailarekin definitzea mugatzen zituen.
AZTIk nazioarteko partzuergo bat koordinatu zuen —Afrikako, Asiako, Amerikako eta Europako bazkideekin— tresna genetiko aitzindari bat garatzeko: hegalaburraren “jaiotza-agiri” moduko bat, harrapatutako aleen jaiotza-jatorria identifikatzeko aukera ematen duena, harrapaketa non egin den kontuan hartu gabe.
Tresna garatzeko, 600dik gora larba, arrainkume eta ugaltzaile aztertu ziren, errute-eremu nagusietan bildutakoak. Lan bereziki konplexua izan zen, espezie horren bizi-zikloaren lehen faseetako laginak lortzea zaila baita. Genoma osoan banatutako hamarka mila markatzaile identifikatu ziren, eta horietatik ehun inguruko panel bat hautatu zen jatorria diagnostikatzeko. Ondoren, metodoa Atlantikoan harrapatutako 1.000 hegalabur helduri aplikatu zitzaien, haien jatorria —ekialdekoa edo mendebaldekoa— modu zehatz, errentagarri eta ez-inbaditzailean esleitzeko.
Sektoreak: Arrantza eta akuikulturako sektorea
Ikerketa lerroak: Arrantza eta akuikultura eraginkorra eta jasangarria
Ikerketa-azpilerroak: Arrantzaren kudeaketa jasangarria