Berdelaren eta antxoaren eskuragarritasunean eta eskuramenean izandako aldaketak. Egokitzapen teknikoak eta estrategikoak.
Proposatutako proiektua 2023aren amaiera eta 2024 bitartean garatutako SALPAS proiektuaren jarraipena da, eta arrantza-sektoreak eskatuta sortu da, Bizkaiko Golkoko funtsezko bi espezie pelagikoren —antxoa eta berdela— portaeran eta erabilgarritasunean antzemandako aldaketen ondorioz. 2018az geroztik, batez ere arte txikietako flotak gero eta zailtasun handiagoak antzeman ditu berdela harrapatzeko; izan ere, kostaldeko kanpainan espeziea sakonera handiagoetan banatzen hasi da. Bien bitartean, arrasteko eta inguraketa-arrantzako flotek harrapaketa-gaitasunari eutsi diote.
Sektoreak hainbat ingurumen- eta ekologia-faktoreri lotu dizkie aldaketa horiek; besteak beste, organismo gelatinotsuen ugaritzeari (salpak, tokian tokiko izenez “zikiña”), harraparien —hala nola atun gorria— hazkundeari eta uraren tenperaturaren igoerari. Antzeko aldaketak deskribatu dira antxoaren kasuan ere: gero eta sakonera handiagoko geruzetan kokatzeko joera eta gelatinotsu ugari dauden eremuak saihestekoa, behaketa horiek kanpaina zientifikoek ere baieztatu dituztelarik.
SALPAS proiektuak ikuspegi multidiziplinar baten bidez heldu zion problematika horri, ingurumen-datuak, kanpaina zientifikoetako informazioa (PELACUS, BIOMAN eta JUVENA), analisi akustikoak eta arrantza-sektorearen ezagutza uztartuz. Emaitzek agerian utzi zituzten ekosistema pelagikoan izandako aldaketak: antxoa-saldoen sakoneraren igoera progresiboa, uraren tenperaturarekin lotua; itsas bero-boladei lotutako organismo gelatinotsuen gorakada puntualak; eta berdelaren gainean harraparien presio handiagoa dagoelako zantzuak.
Emaitza horietan oinarrituta, proiektu berri bat planteatzen da, antxoaren eta berdelaren banaketa bertikalean eta espazialean gertatzen ari diren aldaketak sakonago aztertzeko, sektorearen egokitzapena erraztuko duen eta baliabide horien ustiapen jasangarria bermatuko duen ezagutza aplikatua sortzeko helburuarekin.
Helburu orokorra da arrantza-sektoreari arintze- eta egokitzapen-neurriak diseinatzeko aukera emango dioten ezagutza zientifikoa eta proiekzioak eskaintzea, ingurumen-aldaketaren testuinguruan berdelaren eta antxoaren ustiapen jasangarria bermatzeko.
Helburu espezifikoak
2025 urtea
2026 urtea
Berdelaren eta antxoaren kostaldeko kanpainak diru-sarrera iturri giltzarriak dira artisau-flotentzat eta inguraketa-arrantzako flotentzat. Harrapaketen murrizketak edo jardun operatiboaren zailtasunak eragin ekonomiko zuzen eta handia dute sektorean.
Proiektu honek espezie horien banaketan behatutako aldaketen arrazoiak eta neurria identifikatzeko aukera emango du, etorkizuneko agertokiak aurreikusteko oinarri zientifiko sendoa eskainiz. Ezagutza horretatik abiatuta, arintze- eta egokitzapen-neurriak proposatuko dira, flotaren eraginkortasun operatiboari eusteko eta baliabide horien ustiapena modu jasangarrian egiten jarraitzea bermatzeko.
Eusko Jaurlaritzak finantzatua, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren bidez (FEMPA)

Sektoreak: Arrantza eta akuikulturako sektorea
Ikerketa lerroak: Arrantza eta akuikultura eraginkorra eta jasangarria, Klima Aldaketa
Ikerketa-azpilerroak: Arrantzaren kudeaketa jasangarria, Klima-aldaketaren behaketa eta inpaktua