Erronka
Biztanleria gero eta azkarrago zahartzen ari da, eta elikadura funtsezkoa da osasuna eta bizi-kalitatea mantentzeko. Elikagaiak hartzeko gaitasunean eta, beraz, nutrizio-egoeran zuzenean eragiten duen arazoetako bat disfagia da: elikagaiak eta likidoak ahotik urdailera segurtasunez irensteko zailtasuna. Beste gaixotasun batzuei lotuta ager daiteke, minbiziari, esaterako, baina prebalentzia handiagoa du adineko pertsonen artean.
Fundameden ikerketa baten arabera, Espainian bi milioi pertsonak baino gehiagok dute disfagia, eta % 90 inguruk ez dute diagnostikorik ezta tratamendu egokirik ere. Gaixotasun akutu baten ondorioz ospitaleratutako adineko pertsona ahulen artean, prebalentzia % 47ra irits daiteke.
Elikagaien industriak erronka bikoitza du: segurtasunez irents daitezkeen produktuak eskaintzea, eta, aldi berean, behar adina mantenugai ematea eta erakargarriak izatea, jatea pureetara mugatutako betebehar monotono bihur ez dadin.
Irtenbidea
AZTIko taldeak disfagia duten pertsonentzako produktu espezifikoak garatzen ditu, elikagaien teknologia, nutrizioa eta kontsumitzaileen zientzia uztartuz. Lana bost ildotan antolatzen da:
- Testura seguruen formulazioa. Elikagai bigunak, hezeak eta kohesiboak, zatitzean partikula txikiak sortzen dituztenak (gehienez 1,5 mm inguru), International Dysphagia Diet Standardisation Initiative (IDDSI) ekimenaren eskalara egokituak.
- Nutrizio-aberastea. Kalitatezko proteinak, gantz-azido asegabeak (omega-3, DHA/EPA), A, C, D, E, B6 eta B12 bitaminak, kaltzioa, magnesioa, zinka eta selenioa bezalako mineralak eta zuntza, elikagaiak hartzen diren aldi bakoitzean ahalik eta nutrizio-ekarpen handiena lortzeko.
- Ezaugarri sentsorialen egokitzapena. Zaporeak, aromak eta testurak diseinatzea, elikagaiak gusturago onartu eta jateko gogoa pizteko, pureetara mugatu gabe.
- Adineko pertsonentzako formatuak. Ontzi arinak eta esku bakarrarekin erraz irekitzeko modukoak, errazio egokiak, informazio erabilgarria duten etiketa argiak —Nutri-Score edo kontsumitzeko iradokizunak, adibidez— eta kostu optimizatuak.
- Kontsumitzaileekin balioztatzea. Kontsumitzaile-panelak eta onargarritasun sentsorialeko probak, produktua behar duten pertsonek onartzen eta erabiltzen dutela ziurtatzeko.
Emaitza
- Segurtasuna elikagaiak hartzean: testura egokia duten produktuak, elikagaiak ahotik urdailera segurtasunez igarotzea errazteko.
- Nutrizio-egoera hobea: mantenugaien balizko gabeziak osatzen laguntzen duten elikagai aberastuak.
- Onarpen handiagoa: jateko esperientzia atseginak eta askotarikoak, benetako kontsumitzaileekin balioztatuak.
- Eskuragarritasuna: adineko pertsonen beharretara eta erosteko ahalmenera egokitutako ontziak, etiketak, errazioak eta prezioak.
- Merkaturako sarbidea: hurbileko saltokiak bezalako erosketa-kanaletara bideratutako posizionamendua.