• ADNan oinarritutako berrikuntza honek akuikulturako enpresei kostuak murrizten eta kabiarraren ekoizpenaren iraunkortasuna hobetzen lagunduko die

Derio, 2025eko maiatzaren 22a – Itsas ingurunean eta elikaduran espezializatutako AZTI zentro teknologikoak esturioen (Acipenseridae familia) sexuaren identifikazio goiztiarra ahalbidetzen duen lehen sistema patentatu du, Denbora Errealeko PCR metodo batean oinarrituta. Teknologia berri honek aukera ematen die akuikulturako enpresei esturioen sexua 1-2 urteko adinean bertan ezagutzeko, horrela arrainen hazkuntza eta kabiarraren ekoizpena optimizatuz —gourmet merkatuan balio handiko produktua baita.

Kabiarra esturio emeek ekoitzitako arrautzetatik baino ez da lortzen; horregatik, enpresek urteetan zehar hazten dituzte bai arrak bai emeak bereizketarik egin gabe, elikadura, espazio eta kudeaketa kostu handiei aurre eginez. Esturioen ustiapena bereziki garestia da, emeek ugalketa-heldutasuna lortzeko urte asko behar baitituzte —batez beste 8 urte, espeziearen arabera—. Orain arte, sexua gehienbat ekografiaren bidez identifikatzen zen, garapen aurreratuetan bakarrik aplikatu daitekeen teknika inbaditzaile baten bidez.

AZTIren tresna berriak prozesua sinplifikatzen du: nahikoa da ehun edo odol lagin txiki bat hartzea, eta hortik abiatuta sexuari dagokion markatzaile genetikoa aztertzen da PCR teknikaren bidez. Metodoa garatzeko, Caviar Riofrío (Osborne Taldea) enpresaren lankidetza izan dute, zeinak esturio laginak hornitu baititu teknologia egiaztatzeko.

Metodo berri honek aukera emango die akuikulturako enpresei ekoizpen kostuak nabarmen murrizteko, emeen hazkuntza lehenengo etapetatik lehentasunez bideratuz. Halaber, animalien elikadura eta kudeaketa modu eraginkorrean eta bereiztuan egokitzeko aukera emango du, emeek heltze prozesua hobeto garatu dezaten eta, horren bidez, kabiarraren ekoizpenaren errentagarritasuna handitzeko.

«Sektoreak premia zuen tresna eraginkor eta zehatz bat, esturioen sexua goiz identifikatzeko gai zena. Tresna honekin, kaviarraren ekoizpena eraginkorragoa eta jasangarriagoa izatea ahalbidetzen dugu», nabarmendu du Miguel Ángel Pardo AZTIko elikadura-genetika eta trazabilitatean aditu den ikertzaileak.

Metodoa arrakastaz egiaztatu da esturioen hainbat espezietako 296 erreferentzia-laginetan, eta patente-eskaera baten bidez babestuta dago.

ADN_caviar

Azken berriak